NEREA LAUZIRIKA

Irati Majuelok «beste begi batzuekin» erreparatu dio euskal literaturari

Lisipe bilduman “Hiria gure oinetan” (Susa) argitaratu du Irati Majuelo Itoizek. «Espazioaren irakurketa feministak euskal literaturan» dauka azpititulua. Atzo aurkeztu zuen Donostian. «Espazioaren inguruko ikasketak, euskal eleberrigintza eta begirada feminista» uztartu ditu liburuan.

Irati Majuelo, liburu berria eskuartean duela.
Irati Majuelo, liburu berria eskuartean duela. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ibilaldi bat da “Hiria gure oinetan” (Susa), Irati Majuelo Itoizen obra berria. Lisipe bildumari 17. alea gehitu dio idazle nafarrak, euskal literaturaren bidez irakurleei espazioaz gogoeta egitera gonbidatuz. Atzo aurkeztu zuen Donostiako Liburutegi Zaharrean, Jule Goikoetxea bildumaren editorea lagun.

Irati Zubiarena da liburuko hitzaurrea, sarrera funtzioa betetzeaz gain, laburpen lana ere egiten duena, idazlearen hitzetan.

«Hiriaren eta espazioaren inguruko liburu bat da», azaldu zuen Goikoetxeak, baina zehaztu zuen ez dela hori bakarrik, aztertzen baitu euskal literaturako zenbait eleberritan nola jorratu diren hiria eta espazioa, eta bi kontzeptu horietan emakumea nola erretratatua izan den historian zehar.

Editoreak adierazi zuen jakina dela «espazioa egin» egiten dela, «gizona eta emakumea bezala», besteak beste. Horregatik, hain zuzen ere, aldatzen da historian zehar.

Goikoetxearen ondoren Irati Majuelok hitza hartu zuen eta aipatu zuen orain liburu forma hartu duen hau tesi baten emaitza dela, hots, lau urteko ikerketa baten fruitua.

«Saiakera bat da», argi utzi nahi izan zuen, eta hizkera akademikotik aldentzeko «ahalegin kontzientea» egin duela esan zuen, obrak egitura «interesgarriagoa» izan dezan.

Egilearen xedeetako bat izan da euskal literaturaren historiari «beste begi batzuekin» erreparatzea eta, aldi berean, literatura denon egunerokotasunarekin lotzeko zubi lanak egitea.

Liburuaren sinopsi bat osatzea zaila zaiola aitortu zuen, baina lortu zuen egitea. Adierazi zuen, beraz, «urrun samar» kokatzen diren hiru alor batzen dituela: espazioaren inguruko ikasketak, euskal eleberrigintza eta begirada feminista.

Literaturaren alorretik dator Majuelo, eta bertatik heldu dio gaiari liburuan, nola ez, baina gogoetarako gonbita egin nahi duen obra da.

Izan ere, nabarmendu zuen literaturak jaso eta erreproduzitu izan dituela mendebaldeko pentsamenduak eta iruditeriak, hurrenez hurren, eta, ondorioz, rol garrantzitsua duela espazioa ulertzeko dugun moduan.

IBILALDIA

Liburua ibilaldi bat dela azaldu zuen Goikoetxeak, eta editoreak esandakoa berretsi zuen Majuelok: «Horretarako, irakurleari proposatzen zaio hirian ibiltari bilakatzea, literaturan ohikoa izan den pertsonaia hori bera gorpuztuz». Hiria behatu eta haren inguruan hausnartzen duen herritarra izango da irakurlea.

Hainbat protagonista ditu liburuak, eta bat bera ere ez da hegemonikoa. Kapitulu bakoitza horietako batek gidatzen du eta, gisa horretan, egoera eta bizipen desberdinak islatu ditu Majuelo.

Bukatzeko, Majuelok Lisipe bilduma goraipatu zuen, «Euskal Herritik sortzen den pentsamendu feminista materializatzeko eta hedatzeko plaza» den heinean.