Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
WAYWARD (INCONTROLABLES)

Ispiluetan ezkutatutako egia

Egia da, “Wayward” telesailari buruzko sinopsiak irakurtzean eta trailerra ikustean, azkenaldian ehunka aldiz ikusi ditugun ekoizpenen kutsua sumatu daitekeela, baina zorionez ez da hala: zerbait desberdina eskaintzen du, zerbait berezia. Ohiko moldeak apur bat hausten ditu eta misterio berri baten atea irekitzen du.

Tall Pines hiri idilikoan girotuta dago istorioa, eta arazoak dituzten nerabeentzako eskola baten ingurukoa da. Eskola horretan, izan ere, ezer ez da dirudiena.

Telesaila bi ikuspegitatik kontatuta dago nagusiki: Alex Dempsey (Mae Martin), Tall Pinesera iritsi berria den polizia, eta Laura (Sarah Gadon), haren emaztea eta herriko akademiako ikasle ohia.

Narratiba poliki-poliki garatzen joango da, ikusleei pistak deszifratzeko aukera eman eta herriko sekretuen sare konplexua ezagutzeko. Tentsioa eta misterioa modu neurritsuan eraikitzen dira.

Ekoizpenak etengabe jokatzen du tentsio bisualarekin eta ziurgabetasunarekin. Ikusten ez den baina sakonki sentitzen den misterioa du oinarri. Tall Pines fikziozko hiria enkoadraketa zabalekin erakusten da, klaustrofobia eta etengabeko zaintza sentsazioa sortzen duten plano itxiekin kontrastatuz.

Argiztapen natural ugari erabiltzen da, tonu hotz eta itzal nabarmenekin nahasita, eta horrek misterioa eta giro kezkagarria indartzen ditu. Enkoadraketen simetriak eta ispiluetan zein uretan sortutako islak dualtasunaren eta sekretu ezkutuen gaia modu sotilean indartzen dute.

Misterioa, izua eta umore beltz apur bat modu orekatuan uztartzen dituen thriller psikologiko gomendagarria da. Bere indarguneak: girotzea, arretaz eraikitako gidoia, Toni Colletteren antzezpen lana eta Mae Martinen begirada, sortzaile eta protagonista moduan.