Elorriaga, Mitxelena eta Rosende, lehen Euskadi Literatura sarituak
Unai Elorriagak irabazi du Euskarazko Literaturaren Euskadi Saria, «Francesco Pasqualeren bosgarren arima» kontakizun liburuari esker. Halaber, Karmele Mitxelena («Aitona Floren») eta Maite Rosende («Traba») ere saritu dituzte.

Unai Elorriagaren “Francesco Pasqualeren bosgarren arima” liburuak irabazi du aurtengo Euskadi Literatura Saria, Euskarazko Literaturaren arloan. Beste bi saritu ere ezagutarazi zituzten: Karmele Mitxelena Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren atalean eta Maite Rosende Literatur Lanaren Ilustrazioan. Ibone Bengoetxea Lakuako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak atzo Bilboko Bidebarrieta liburutegian aditzera eman zituen aurtengo lehen hiru saridunen izenak.
Epaimahaiak nabarmendu zuenez, “Francesco Pasqualeren bosgarren arima” lanak «apustu literario sendoa egiten du, nobelaren eta narrazio liburuaren artean mugituz eta puzzle handi eta iradokitzaile bat osatuz». Liburuan protagonistaren inguruko zenbait narrazio harilkatu ditu Elorriagak, XX. mendeko Europa ekialdeko idazle zenbaiten estiloan, eta kontakizunak Italia hegoaldetik Euskal Herrira doan bitartean pertsonaia bizidunen bizipen eta istorio askotarikoak jasotzen ditu, gordintasunari ihes egin gabe. Idazleak baliabide narratibo ugari modu eraginkorrean erabiltzen ditu, eta irakurketa aktiboa eskatzen du liburuak, irakurlearen esku geratuz hariak jostea eta elipsiak betetzea.
Unai Elorriaga (Algorta, 1973) filologoa eta irakasle da. Bere ibilbidean hainbat eleberri eta ipuin liburu argitaratu ditu. Haur eta gazte literaturan, antzerkian eta komikian ere lan egin du, baita zenbait itzulpen ere.
Bestalde, Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako saria Karmele Mitxelenari eman diote, “Aitona Floren” lanarengatik. Epaimahaiaren arabera, liburu horrek «dramarik gabe, hurbileko kontakizun batean heriotza eta dolua lantzen ditu, haur protagonistaren ahotsetik abiatuta, monologo erabatekoa eta zuzena eraikiz». Pertsonaia kopuru txiki eta zertzelada arinetan oinarritutako eraikuntza kontakizunaren arintasunak «intimitatea eta hausnarketarako bidea bermatzen» duela ere gaineratu dute. «Liburu honek barne hizketaren erabilera bereziki nabarmentzen du, gizarte isolatuago batean horren garrantzia eta beharra adieraziz», goraipatu zuen epaimahaiak.
Karmele Mitxelena (Oiartzun, 1988) irakaslea da eta Haur Hezkuntzako gradua du. Bertsolaritza eta literatura narrazioan hainbat sari jaso ditu, eta 2019an album ilustratu bat argitaratu zuen (Erakusleihoa), Peru Abarka saria irabazi ondoren.
Literatur Lanaren Ilustrazioa kategorian, berriz, Maite Rosendek jaso du saria “Traba” «proposamen ausartagatik». «Oinarrizko hiru koloreez gain, beltza eta morea erabilita, album bizia eta erritmikoa sortu du, irudi kaotikotik lasaiagora salto eginez eta lerro berezi garbi batekin. Testuak eta irudiak maisuki bat egin dute, eta liburuaren kutsu espresionista publiko guztiarentzat egokia da, zintzoa, zuzena eta bizipozerako dei egiten duena», adierazi zuen epaimahaiak.
Maite Rosendek (Donostia, 1991) jolasetik sortzen du eta gozatu egiten du bere irudiak hainbat euskarrietara eramanez. Ornamentazio pinturan eta ilustrazioan trebatua, zenbait liburu argitaratu ditu eta sari batzuk jaso ditu. Gaur egun Donostiako Gilda sormen estudioko kidea da.
Bengoetxea sailburuak esan zuenez, «hitzak dira gure etxea, eta euskal literatura gure memoriaren eta etorkizunaren arteko zubia da. Gaur saritutako hiru lanek erakusten dute kultura ez dela osagarri bat, bizitzeko eta ulertzeko modu bat baizik. Horregatik, gaurko aurkezpena euskal literaturara hurbiltzeko eta gure sortzaileen dohainez gozatzeko gonbita ere bada».
Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu. Falta diren lau sariak -Literatura Espainieraz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Espainieraz- datorren astean ezagutaraziko dituzte. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta 4.000 euro gehiago, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratuz gero. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
