Peli LEKUONA
DONOSTIA

Gasteizko lorezainek «estatalizazioari aurre egin» diotela ospatu du LABek

Urte erdi baino gehiago iraun duen greba mugagabea amaitu berri dute Gasteizko lorezainek. Enviser enpresak sindikatuekin adostutako proposamena onetsi ostean, lan hitzarmenaren gakoak zerrendatu ditu Bittor Gonzalez LAB sindikatuko kideak NAIZ Irratiko uhinetan eskainitako elkarrizketan.

Enviserreko lorezainen grebarako egindako pegatina.
Enviserreko lorezainen grebarako egindako pegatina. (Endika PORTILLO | FOKU)

Sei hilabeteko marka pasatu duen greba luze eta gogorraren ostean, Gasteizko lorezainek lan hitzarmen propio berria dute, sindikatuek Enviser enpresarekin adostutako hitzarmen proposamena onartu eta gero. Besteak beste, 108 orduko murrizketa eta hiru urtetan 5.000 euroko soldata igoera izango dute langileek.

NAIZ Irratian eskainitako elkarrizketan, bertan landu eta adostutako hitzarmena lortu dela nabarmendu zuen LAB sindikatuko ordezkaria den Bittor Gonzalezek, eta bertako errealitateari egokitutakoa. «Edukietatik aparte, azpimarratu nahi genuke estatalizazioari aurre egin zaiola. Estatu mailako hitzarmen baten pean egotetik hitzarmen propio batera igaro dira langileak. Horrek esan nahi du orain arte ikusle moduan bizi izan duten egoera batetik protagonista izatera pasatuko direla», adierazi zuen Gonzalezek.

Lan hitzarmen honek langileen aldarrikapenetako asko jaso ditu, eta horietako batzuk aletu zituen Gonzalezek: «Soldata aldetik igoera nahiko nabarmenak, lanaldian ere murrizketa nahiko handia eta, beste zerbait aipatzearren, kontratu erreleborako aukera ematen dute, betiere adina eta kotizazio urteak betetzen diren bitartean. Baimenetan ere hobekuntzak jaso dira; adibidez, ogitartekoa hartzeko denbora luzatuko da».

Proposamena adostu eta bi egunetara lorezainak lanean hasiko dira berriz, gaur. LABeko Bittor Gonzalezek azaldu zuenez, grebaren amaieraren berri izan zutenean, langileetako batzuk beldur ziren lanean berriz hasi bezain laster beraiei ez zegozkien lanak egitera behartuta izateko aukera zegoelako. «Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina berez greba hasi aurretik egiten zituzten funtzio berberak bete beharko dituzte», esan zuen.

Enviser Udalarekin bilduko da datozen egunetan. Dagoeneko lan kronograma bat prestatzen ari da, hitzarmena adostu zuten unetik. Lorategiak eta gune berdeak indarberritzen diren heinean doitzen joatea da helburua. Akordioa lortu zen egunean Beatriz Artolazabal zinegotziak adierazi zuenez, «indarberritzea ez da berehalakoa izango, baina gogor eta modu planifikatuan lan egingo dute, ahalik lasterrena ohiko egoerara itzul daitezen».

ENVISERREN BORONDATE ALDAKETA

Gonzalezek gogorarazi zuen joan den osteguneko bilerara arte Enviser enpresaren jarrera oso desberdina izan dela. «Orain arte enpresaren tonua garratza eta zakarra izan da, eta ez dute borondaterik erakutsi aurrerapausoak emateko», azaldu zuen LABeko ordezkariak.

Azkenaldian, ordea, akordiora iristeko eta «luze eta zabal» hitz egiteko lau orduko bilera ahalbidetu zuen jarrera erakutsi du enpresak, «borondate gehiagorekin». Aldaketa horretarako motibazioa «ez dugu inoiz jakingo», esan zuen Bittor Gonzalezek, «baina uste dugu enpresari akordio batera heltzeko agindua eman diola Gasteizko Udalak, grebaren egoera gehiago jasan ezin zuelako».