GARA
BILBO

Rodriguez-Castello eta Contrabandori, Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria

Sari-emate ekitaldia, atzo, Bilbon.
Sari-emate ekitaldia, atzo, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Tere Irastortzaren poemak euskaratik katalanera itzultzeagatik eta argitaratzeagatik jaso dute Manel Rodriguez-Castellok eta Contrabando argitaletxeak Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria.

‘‘Glosak/Glossar el món’’ izenburupean kaleratu dituzte itzulpenok eta atzo egindako sari-emate ekitaldian epaimahaiak baloratu zuen itzulpena «bikaina eta jatorrizko testuarekiko leiala» izatea. Liburuak Tere Irastortzaren (Zaldibia, 1961) 43 urteko ibilbide poetikoa jasotzen du. Lehen poesia-liburua, ‘‘Gabeziak’’, 1980an argitaratu zuen, eta ordutik hamar titulu plazaratu ditu. ‘‘Glosak/Glossar el món’’ bilduman irakurleak aurreko lanetako poemen aukeraketa zabala aurkituko du, baita Irastortzaren ibilbide literarioaren atzera begirako ikuspegia osatzen duten testu argitaragabeak ere, edizio elebidunean.

Bilboko Bidebarrietako Liburutegi Nagusian egin zen atzo sari-ematea eta bertan izan zen Tere Irastortza bera ere. Ekitaldian, epaimahaiak nabarmendu zuen «bikaina» dela itzulpena, «hizkuntzari dagokionez akatsik gabea, arin irakurtzekoa eta jatorrizko testuaren estiloarekiko leiala». Horrekin batera, «idazleak proposatutako forma poetikoak errespetatzen» dituela gaineratu zuen, eta «euskaraz poemak duen espirituari erantzuteko katalanezko irtenbide naturalak bilatzeko egindako ahalegina» azpimarratu. Halaber, epaimahaiak esan zuen aintzat hartu duela «edizio zaindua eta elebiduna» izatea.