Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria
SITGESEKO ZINEMA JAIALDIA

«Balearic»: ingurune ezagunak ezleku arrotz bihurtuz

Ion de Sosaren «Balearic» filmeko fotograma.
Ion de Sosaren «Balearic» filmeko fotograma.

Ion de Sosa (Urnieta, Gipuzkoa, 1981) zinemagilearen lehen film luzea, ‘‘Sueñan los androides’’, Berlinalen estreinatu zen 2015ean, eta zinemaldi zein arte zentro nazional eta nazioarteko askotan aurkeztu zen. Philip K. Dicken ‘‘Androideek ardi elektrikoekin amets egiten dute?’’ nobelaren moldaketa librea da filma, eta bere zinemaren ezaugarri nagusiak biltzen ditu: 16 mm-ren erabilera, enkoadraketa frontala eta irekia, kostunbrismoa zientzia-fikzio ukituekin uztartua, denboraren eta konposizioaren erabilera berezia, eta umore sen berezia.

Ezaugarri eta nortasun berezi hori argazki zuzendari gisa egin dituen lanetan ere topa daiteke, Chema García Ibarraren ‘‘Espiritu sagrado’’ edo Irati Gorostiren ‘‘Aro berria’’ filmetan esaterako.

‘‘Balearic’’ film berriak mundu mailako estreinaldia Locarnon izan zuen Concorso Cineasti del Presente sailean; sail horretan ikuspegi berezia eta berritzailea duten zinemagileen lanak biltzen dira.

Filma San Juan bezperan girotuta dago. Luxuzko etxe bateko igerilekuan sartu diren gazte batzuei hiru txakur basatik eraso egin diete, eta hantxe harrapatuta geratu dira. Bien bitartean auzotarrak gertuko hiribildu batean elkartu dira udaren hasiera ospatzeko.

Ingurune ezagunak ezleku arrotz bihurtuz, Ion de Sosak belaunaldien arteko eztabaida planteatzen du ‘‘Balearic’’ filmean, urteak aurrera doazen heinean munduaz dugun ikuspegia nola aldatzen den aztertzeko. Komediaren eta beldurraren arteko erdibidean dantzan, fabula lisergiko honek irudien eta denboraren artean sorpresaz betetako espazioa marraztu du, non dena aldatzen den begiradaren arabera.

Baina ez du soilik terrorea edo drama errealista erabili: fantasiazko eta sinbolismoko elementuak ere badaude. 16 mm-ko ehundura pikortsuak, udako argitasunak eta ondoko mendietako keak atmosfera denboragabea sortzen dute.

Sinbolismo horietan hainbat erreferentzia topa daitezke. «Erreferentzien entsalada batekin lan egin dugu. Distantziak salbu eta betiere nire ikuspegi propioa gehituz, lehen zatirako asko gustatzen zitzaidan ‘‘Picnic At Hanging Rock’’ (1975), bereziki atmosfera sortzeko. Haustura gertatzen denean eta bigarren zatia heltzean, horretarako, Buñuelen ‘‘El angel exterminador’’, Carlos Sauraren ‘‘Mama cumple cien años’’ edota garaikideagoan diren ‘‘Triangle of Sadness’’ (2022) eta ‘‘The zone of interest’’ kontuan izan ditut apur bat», adierazi zuen Ion de Sosak.

Bisualki, film indartsua da; arlo sinbolikoan eta atmosferikoan hobeto funtzionatzen du emozionalean baino.

Zerbait abstraktua eta deserosoa onartzeko prest dauden ikusleek soilik besarkatuko dute zuzendariaren proposamena.

‘‘Balearic’’ ez da film adeitsua: deseroso sentitzea bilatzen du eta disonantzia sozial bat erakusten du. Ion de Sosaren zinemak gogorarazten du, zorionez, arlo komertzialetik kanpo proposamen biziki interesgarriak daudela: irudimentsuak, hausnarketarako bidea zabaltzen dutenak eta bisualki ausartak diren proposamenak.

UNDERGROUND ZINEMA?

Underground zinema, independentea, esperimentala eta bazterrean kokatzen den film mota batzuek deskribatzeko erabiltzen den terminoa da, zirkuitu komertzialetatik eta zinema industrialaren konbentzioetatik kanpo ekoizten dena.

‘‘Balearic’’ etiketa horretan sartu edo ez galdetuz, Leire Apellaniz ekoizle bilbotarrak honakoa aipatu du: «Dituen ekoizpen balioez harago, film honek balio erantsi bat duela iruditzen zait. Filmak izan ditzakeen akatsak ausardiaren eta askatasunaren adierazgarri dira. Dena berdina den garaiotan -jarraitu du Apellanizek-, honelako film bereziak jaiotzea aipagarria da. Ziurrenik gabeziak izango ditu, eta finantzaketa falta egon dela nabari da, baina filmak distira egin du hor, diruaren gainetik sormena gailentzen denean».

Eta gehitu du: «Gure proposamena underground gisa etiketatzea ulertzen dut, baina horrek lotura gehiago dauka film jakin bat non jarri eta non ez erabakitzen duen jendearekin. Askotan underground eremura mugitzen gara, baina ez guk hala bilatu dugulako, egoerak horrela bultzatuta baizik».