Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
UN SIMPLE ACCIDENT

Memoriaren errepidea

Filmak izenburuari erreferentzia egiten dion istripu “sinple” batekin hasten du bidea: familia batek istripu txiki bat izan du, autoa matxuratu zaie eta kanpoaldeko tailer mekaniko batera jotzera behartuta daude. Han, mekanikariak uste du gidaria ezagutzen duela: iraganeko figura ilun eta mingarri bat, tortura eta espetxealdiaren oroitzapenekin lotua.

Une horretatik aurrera, kontakizunak road-movie moral baten forma hartzen du; bidaiak ez du soilik errepidea zeharkatzen, baizik eta mendekuaren nahia, oroitzapen garratzak, susmoa, trauma kolektiboa, errepresioaren aztarnak eta memoriaren zama azaleratzen ditu, bai fisikoki, bai psikologikoki.

Panahik genero desberdinekin jolas egin du hasieratik bertatik: drama sozialaren oinarriak ageri dira, baina thrillerraren tentsioa ere sumatzen da tarteka. Hala ere, deigarriena erabilitako umorea da: umore beltzaren, absurdotasunaren eta ironiaren zipriztinak txertatu ditu une erabakigarrietan.

Ñabardura horien bidez, gidoiaren erdigunean Irango erregimenaren aurkako salaketa argia agertzen da: torturatzaileak, preso politiko ohiak, espetxea eta horiekin lotutako oroitzapen mingarriak. Filmak erakusten du indarkeria instituzionalak zauri sakonak, fisikoak eta psikikoak uzten dituela. Era berean, agerian uzten du gizartea nola bizi den beldurraren eta isiltasunaren artean.

Salaketa hori indartzeko, pertsonaien elkarrizketek pisu handia badute ere, Panahik sinbolismo bisual indartsuak baliatu ditu, torturaren eta minaren arrastoak gorputzetik harago irudikatzeko, horien artean hanka ortopedikoaren kirrinka, adibidez. Hots hotz eta metaliko horretan gizarte hautsi eta ilun baten metafora aurkitzen da, bere putzu sakon eta ilunetik irten ezinik dagoena.

Bikaina.