Mendaroko Santakutze kobazuloan 13.000 urtetik gorako labar artea aurkitu dute
Mendaroko Santakutze kobazuloan egindako azken aurkikuntza garrantzitsuak Gipuzkoako Paleolitoko labar artearen mapa zabaltzen duela esan zuten atzo ikerlariek. Hala, 13.000 urtetik gorako labar arte hau aurkitzeak berretsi egin du Deba bailarak garrantzi handia izan zuela gure historiaurrean.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) arkeologoek eta Suharri espeleologia taldeko kideek Goi Paleolitoko zenbait labar grabatu aurkitu dituzte Gipuzkoako Santakutze haitzuloan; besteak beste, bisonte baten eta ahuntz baten irudiak, baita 13.000 urtetik gorako antzinatasuna izan lezaketen zenbait trazu ez-figuratibo ere. Aurkikuntza Mendaroko udaletxean aurkeztu zuten atzo Goizane Alvarez Kulturako diputatuak, Enetz Ezenarro Mendaroko alkateak, Maria Jose Iriarte Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Ikerketa Taldeko arkeologoak eta Cesar Gonzalez Kantabriako Unibertsitateko arkeologoak.
Gipuzkoan egin zen azken aurkikuntzatik, hain zuzen Agarre haitzulokotik, zazpi urte igaro dira, Maria Jose Iriarte EHUko Historiaurreko Ikerketa Taldeko arkeologoak gogorarazi zuenez. «Hori ere Mendaron dago. Lurralde horretan egiten ari diren ikerketek berresten dute irudikapen grafiko/artistikoak ez zirela soilik horma-euskarriaren gainean egin, baita hezurra bezalako material organikoaren gainean ere. Horren adibide dugu Agarre eta Aizkoltxo kobazuloetako arte higigarria».
BIDE LUZE BAT
Santakutze kobazulo txikia da. 1985. urtean aurkitu zuen Azkoitiko Munibe taldeak, eta, horren ondoren, fauna eta harrizko materialen hondarrak dokumentatu zituzten. 2023an, Suharri elkarteko kideek, Maria Jose Iriarte eta Alvaro Arrizabalagaren (EHU) koordinaziopean, Paleolitoko grabatu batzuk aurkitu zituzten barruan eta Kantabriako Unibertsitateko katedradun Cesar Gonzalez Sainzek benetakotzat egiaztatu zuen aurkikuntza hori.
Azterketa arkeologiko eta artistikoak egin ondoren, eta haitzuloa babesteko asmoz berau itxi ondoren, Gipuzkoako Aldundiak eta Mendaroko Udalak jendaurrean ezagutaraztea erabaki dute. Bi erakundeek, Historiaurreko Ikerketa Taldearekin batera, proiektua finantzatzen lagundu dute.
Santakutze kobazulo barruan Paleolitoko grabatu antropikoak dituzten lau panel txiki identifikatu dira; horien artean nabarmentzen dira animalien bi irudi bukatugabe -bisonte bat eta ahuntz bat, aipatu zutenez- eta irudirik osatzen ez duten zenbait marra.
Grabatuen ezaugarri teknikoek eta antolaerak iradokitzen dute modu sinkronikoan egin zirela.
Haitzuloaren kanpoaldean egindako arkeologia-lanei esker, faunaren eta harri-materialen aztarnak berreskuratu ahal izan dituzte, baina analisien arabera, gizataldeek noizean behin erabiltzen zuten haitzuloa. Paretetako animalia gorotzen fosilek eta atzaparkada markek erakusten dute batez ere animaliak bizi izan zirela bertan; besteak beste, hartzak eta hienak. Santakutzeko aurkikuntzak indartu egiten du Deba bailarak Gipuzkoako Paleolitoko artearen testuinguruan izan zuen garrantzia. Aizkoltxo, Agarre eta Santakutze haitzuloek erakusten dute Mendaro inguruak garrantzi berezia izan zuela Goi Paleolitoko gizarte ehiztari-biltzaileentzat eta gizarte horiexek utzi dizkigute balio sinboliko eta estetiko nabarmeneko adierazpen artistikoak.
Atzoko agerraldian, urte hauetan guztietan Suharri elkarteak eginiko lana gogoratu zuen Mendaroko alkateak.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
