XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

Usoa Zumeta: «Aitaren pinturak oso forman egoten jarraitzen du»

Sei urteren buruan Donostiak hartu du Jose Luis Zumetaren obra. 29 lanek jantzi dituzte Zurriola hiribideko 6.ean dagoen espazioko hormak. Olioak eta marrazkiak aurkeztu dituzte, gehienak orain arte ikusi gabeak. Bizirik eta garaikide ikusten du Usoa Zumetak aitaren obra.

Usoa Zumeta, aitaren obrarekin Donostian ireki duen erakusketan.
Usoa Zumeta, aitaren obrarekin Donostian ireki duen erakusketan. (Jon URBE | FOKU)

Sei urte ziren Donostian Jose Luis Zumetaren (Usurbil, 1939) artelanik erakusten ez zela. Ekain galeriako paretetan eskegi zituen marrazkiak azken aldiz. Iritsi da unea. Zurriola hiribideko 6.ean (orain gutxira arte Kur galeria egon den lekuan) usurbildarraren olioek eta tenperaz landutako marrazkiek bizi berria hartu dute. Estudiotik atera eta jendaurrean jartzean hala gertatzen baita.

Erakusketa egitea, zernahi dela ere, berri pozgarria izan ohi da. «Omenaldia edo ospakizun modukoa da erakusketa, poztekoa. Jende asko etortzen da, eurekin aitaren inguruan hitz egiten duzu, anekdota asko gogoratzen dituzte... Izan ere, jende asko ezagutzen zuen berak», adierazi du.

Hamabost olio eta marrazki aukeratu ditu Usoa Zumetak, artistaren alaba eta erakusketaren komisarioak. Tamainari dagokionez, denetarik aurkituko du bisitariak. «Margoen artean 1 x 1,20 neurrikoa da txikiena eta 4,80 x 2,00 handiena. Hauekin batera hamalau marrazki daude, tenperak», zehaztu du.

Espazioak berak agindu du, hein batean, artelanen aukeraketan. «Formatu ertain-handia eskatzen du eta irizpideetako bat lanen neurria izan da. Horrez gain, saiatu naiz galerietan erakutsi ez diren obrak ekartzen. 2015, 2016, 2017, 2018 eta 2020koak daude. Azkena margotu zuen lana ere bai. Eta marrazkiak, batez ere, pandemian egindakoak». Usurbildarraren eskuek sortutako azken obrak dira, urte hartako apirilaren 23an hil baitzen.

Erakusketa azaroaren 9ra arte egongo da zabalik. Berau osatuz, artelanekin batera, bideo bat jarri da ikusgai. Zumeta ikus daiteke irudietan, margotze lanetan. «Buklean jarrita dago. Bideoa ikusita informazio gehigarria daukazu koadroari begiratzerakoan; garrantzitsua iruditzen zait».

Ez da ohikoa erakusketa batean halakorik aurkitzea. «Zaila izaten da artista lanean ikustea. [irribarrea] Guk, zorionez, dokumentua bagenuen eta bisita gidatuetan-eta beti erakusten dut. Monika Zumeta alabak egin zuen. ‘Izenik gabe, 200 x 1,33’ izena jarri zion, bideoan margotzen ikusten den koadroaren formatuarena. Hainbat elkarrizketa txertatzen dira. Orain konprimitu egin dugu eta 15 minutuko bideotxoa osatu. Koadroa hasieratik bukaerara margotzen ikus daiteke aita», kontatu du.

«SEGI ZURERA»

Aita-alabek estudioa partekatu zuten hainbat urtez, baina ez pentsa lanean askorik ikusi zuenik. «Nik pintatzen benetan ikusten nuena baino gehiago agertzen du bideoak. Bera margotzen ari zenean inor begira egotea ez zitzaion gehiegi gustatzen eta ez zidan uzten. ‘Segi zurera’, esaten zidan. Behin saioa bukatutakoan bai, galdetzen zidan ‘egindakoa nola ikusten duzu?’», gogoratu du.

Erakusketa berri batek ematen duen perspektibarekin ezer berririk antzeman duen galdetu diogu. «Obra bat berria da begiratzen duzun aldiro. Beti dago zeozer berria. Bere pinturak oso forman egoten jarraitzen du; mantentzen du jatorrizko potentzia», esan du. Bizirik eta garaikide ikusten du Zumetaren lana. «Kolorea aipatu izan da beti, baina nik duen indarra nabarmenduko nuke. Artista batek bilduma egiten duenean koherentzia izaten du. Kasu honetan, bilduma ezberdinetako lanak aukeratu ditudanez, saiatu naiz kolore aldetik eta beste elementuen aldetik harmonia edo oreka mantentzen», azaldu dio GARAri.

Juanma Arriaga, Kur galeriaren jabeak, Donostia utzi eta Hondarribian espazio berria irekitzea erabaki du eta galeria berriaren arduraduna sartu bitartean denbora tarte bat zegoela baliatu du. Ez da erraza espazioa aurkitzea Donostian. «Ez. Gero eta gutxiago daude galeria irekien formatuan. Batzuetan ordua aurrez hartu behar duzu bisita egin ahal izateko». Hiriburuan erakusketa egitearen garrantziaz, hau esan du: «Zurriolako espazio honen kokapena ezin hobea da; Kursaalaren parean dago eta jende izugarri piloa pasatzen da aurretik. Hiriak hori du, populazio handiagoa dago eta pertsona gehiagorengana iristen zara. Erakusketa ikusteko interesa espresuki dutenez gain, kalean doazela ezustean topatzen dutenak ere etortzen dira».

Zumetaren erakusketa non, bere publiko fidela han. «Inaugurazioan argi geratu zen, bai», esan du, esker onez.

«SALTZEA, ERABAKI ZAILA»

Erakusketako obrak eros ditzakete interesatuek. Erabaki erraza ote, hilda dagoen egile baten lana salgai jartzea? «Zaila da. Obra asko sortu zuen eta zati bat saldu zuen eta oraindik ere geratzen da eta mugitu beharrean gaude. Badakit gaizki pasako dudala. Baina aldi berean zabaldu beharra dago bere lana. Buruan daukat Donostiako zein etxetan dauden aitaren lanak», azaldu du.

Usoa Zumetak urteak daramatza aitaren obra gordetzen, kudeatzen eta katalogatzen. «Hil zenetik ari naiz horretan. Lehen momentutik Diputazioko Ogasun sailak eskatzen dizu patrimonioaren zerrendaren artxiboa aurkeztea. Hortik abiatuta, guk gordeta genuenaz gain, katalogoetakoa, saldutako obra... biltzen hasi nintzen», kontatu du.

IKERKETA SAKONA

Bilboko Arte Ederren Museoak badu Zumetaren inguruko proiektu bat esku artean, oraindik hastapenetan dena. Denborak esango du zer ematen duen. «Ikerketa luze bat jarriko da abian. Komisario bat izendatuko dute eta urtarriletik aurrera hasiko gara biok elkarlanean, estudioan gordeta dagoen lana eta etxe partikularretan daudenak ikusten. Fundamentuzko katalogoa egitea da helburua, errebisio teorikoa barne. Euskal Herriko eta nazioarteko testuinguruan kokatuko du obra. Izan ere, 1989an Jose Luis Merinok egina da gaur egun erreferentziazkoa dena. Geroztik oso literatura kritiko gutxi sortu da aitaren inguruan. Eta bada garaia».

Gaur egungo betaurrekoekin ikustea garrantzitsua da. «Batetik, baliteke garai hartan idatzitakoa beste era batean ikustea. Eta horrek berak perspektiba ematen dizu aurreko lanen errebisioa egiteko, eta azken 30 urteotan egin dena zehatzago aztertzeko aukera ere ematen dizu». Aurrera begira ez du baztertzen Bilboko Arte Ederren Museoak Jose Luis Zumetari erakusketa handi bat eskaintzea. «Suposatzen dut ikerketaren atzetik erakusketa bat etorriko dela, antologika bat. Logikoena hori da, baina garbi utzi nahi dut momentuz ez dagoela ezer zehaztuta», argitu du.

OBRA BERRIAK

Katalogoa osatzeko lagungarriak dira erakusketak. «Beti izaten duzu pieza berrien berri. ‘Nik badut etxean koadro bat’, esanez hurbiltzen zaizu norbait. Kasu horietan argazkia bidaltzeko eskatzen diet eta osatzen joaten gara», esan du.

Oraingoz 1.600 lan dituzte zerrendatuta. «Ez dakigu denera zenbat diren. Produkzio handia izan zuen, eta saldu ere asko egin zuen. Norbaitek pentsa lezake milaka lan ditugula gordeta, baina ez da horrela, eta horregatik ematen du min saltzeak», aitortu du Usoa Zumetak. Zati bat Usurbilen, Zumeta Arte Estudioan, dago gordeta eta zainduta, eta gainontzekoa, Nafarroan, biltegi batean, gutxieneko kontserbazio baldintzak betez.