Entzumenetik abiatutako memoria ariketa proposatu du Ixiar Rozasek
Ez da poesia, ezta nobela edo narrazioa ere... Askatasun osoarekin jokatu du Ixiar Rozas (Lasarte-Oria, 1972) idazle eta ikerlariak bere azken «artefaktua» osatzean. «Entzumenetik abiatutako memoria intimoa eta kolektiboa» josi baitu «Narrugorrik» (Consonni) liburuan. Ozenki irakurri behar diren hitzak dira hauek, Rozasek jaso izan dituenak paseatzen ari zen bitartean. Eta 25 zenbakia, ezustean, protagonista bihurtu zitzaion.

Joan den urtarrilean, Ixiar Rozas idazle eta ikertzaileak eskuartean zuen “Narrugorrik” lanaren lehenengo irakurketa publikoa egin zuen Bilboko Alondegian. Rozas Alondegiko ikertzaile kidea da bi urteetarako -2025 eta 2026-, eta irakurketa hartan ohartu zen ozenki irakurtzeko hitzak idatzi zituela. Dagoeneko “artefaktu artistiko-literario” hau liburu bihurtuta, une hura gogora ekarri zuten atzo Maria Murrek, Consonni argitaletxeko arduradunak, eta Ixiar Rozasek berak.
Donostian aurkeztu baitzuten atzo bere barnean osagai asko korapilatzen duen “Narrugorrik”’ liburua: poesia eta pentsamendua, kulturgintzaren egoera -Caixaren sarrerarekin, Bilboko Alondegia bezalako kulturgune bat «pribatizatu dutela» salatu du Rozasek-, feminismoa -liburu honek «ekofeminismo soniko bat zabaltzen du», editorearen hitzetan-, literatura, memoria, harriak... «Literaturarik harago doan liburua da, artearen eta literaturaren arteko muga apurtzen duelako: irakurri, entzun eta sentitu behar den liburua da», adierazi zuen Murrek aurkezpenean.
BIDE BATEN BESTE URRATS BAT
Bilboko Consonni argitaletxeak zabaldu berri duen bidearen beste urrats bat da “Narrugorrik”. Consonni 1998an sortu zen, arte garaikidearen proiektu legez. Eta, argitaletxea bihurtu ondoren, azken urteetan euskarazko literaturako egileen eta nazioartekoen idazleen lanak -denak emakumeak- espainierara eraman ditu, «itzulpena tresna poetiko eta politikoa» delako, Maria Murren hitzetan.
Orain beste urrats bat egin dute, zuzenean euskaraz argitaratzen hasi baitira bertako egileen lanak. Lehenak, Antxiñe Mendizabalen “Katona” eta Danele Sarriugarteren “Beste zerbait” izan dira. Hirugarrena, “Narrugorrik” artefaktu poetikoa.
Ahotsa, lengoaia eta haien soinuak lantzen ditu Ixiar Rozasek. Bere liburu eta materialak hainbat herrialde eta hizkuntzatan plazaratu dira. “Beltzuria” (2014, Pamiela; 2017, Enclave) eta “Negutegia” (2006, Pamiela; 2009, Itaca) dira bere azken lanetako batzuk. Besteak beste, Idoia Zabaleta, Bigara, Rafael Martinez del Pozo, Mursego, Ainara LeGardon, Ibon RG eta Mal Pelorekin aritu da lankidetzan.
Bizitza kasualitate hutsen gainean eraikitzen da askotan. Adibidez, egun hauetan 25 urte beteko dira Ixiar Rozasek lehen liburua argitaratu zuela, aurkezpenean azaldu zuenez. «25 urte hauetako continuum hori dago hemen ere. Adibide bat: liburuko lehenengo eszena iturri batean gertatzen da, eta ‘Beltzuria’ liburuaren amaieran agertzen den iturria da. Ispilu joko asko daudelako hemen», bere esanetan.
Bide beretik, Rozasek “Narrugorrik” honetako 25. orrialdera bidali gintuen: «Piloxic jaio ninçan, pilox nago, piloxic ilgo nax ni guero. Laurtu dio», irakur dezakegu; hau da, Lazarragaren XVI. mendeko eskuizkributik «lapurtutako» esaldia. «Hemen beste ispilu joko bat dago -argitu zuen-, euskal literaturaren tradizioaren eta orainarekin».
Biluzdura arroparik gabe egotea baino gehiago delako. Jaiotza delako zaurgarritasunetako une handi bat: «Biluzik gaudelako, eta hiltzen garenean ere biluzik gaude, nahiz eta arropa izan. Biluztasuna ulertzen da fisikotik harago, bulneritasunaren hitzarekin. Nik ere biluzketa ariketa bat egin dut. Biluzik gaude entzuten dugunean: entzumena da oso irekia dagoen zentzumena. Entzumenak dauka biluztura sakonago bat, eta nik egiten dut entzumen ariketa handi bat. Entzuten dugunean ukitu egiten dugulako eta ukituak izaten garelako».
25. orrialdean dago testu hau ere, Maria Murrek aukeratutakoa: «Ezkutukoak, agerikoak, esandakoak, esanezinak. / Babesezkoak. Zitalak. / Den-denak, gorantz. Igotzen dira batzuetan ni, zu, hura, gu, / zuek, haiek. Besteetan ni, zu, hura, gu, zuek, haiek. / Soinu eta hots guztiek. Denek eratu zaituzte. / Denek, izateari uzten diotenean. / Orduantxe, ez aurretik». Eta, orain, ozenki irakur ezazue.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
