Euskararen presentzia %1ekoa da plataformetan eta zinemetan
Azken lau urteotan aurrerapausoak izan diren arren, euskarak ikus-entzunezkoen arloan bizi duen egoera «kezkagarria» dela berretsi zuen atzo Pantailak Euskaraz-ek Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldian, eta neurri zehatzak eskatu dizkio Gobernuari.

Lau urte joan dira Legebiltzarrean lehen agerraldia egin zutenetik. Zenbait kontuk hobera egin dute, baina asko dago egiteko. Izan ere, plataformetan euskarak %1eko presentzia du eta ehuneko bera izan zuten iaz zinemetan euskarazko emanaldiek. Hori bera gertatzen da indarrean den legea betetzeko orduan ere. Hala ohartarazi zuten Alex Aginagalde eta Xumar Altzugarai Pantailak Euskaraz elkarteko kideek Parlamentuko agerraldian. «Pantailetan ikusten den hizkuntzak erabateko eragina du gure kaleko eta etxeko hizkuntza erabileran. Zein hizkuntzatan ikusten ditugu? %66 gazteleraz, %22 ingelesez eta %2 beste hizkuntzetan (Korea, Txina...) eta streaming plataformetan euskarak duen presentzia %1ekoa da».
Egoera oso kezkagarria dela ohartarazi dute. «Soziolinguistikan adituek diote eragin handia dutela ikus-entzunezkoek, honek eragin negatiboa duela euskararen jabekuntzan eta erabileran. Azken urteotan ikusten ari gara moteltze fasea, arnasguneetan beheraka, ikasleen euskara mailaren jaitsiera... Iñaki Iurrebasok bere doktore tesian aztertu zituen hainbat faktore eta nagusietakoa azken hamarkadan hedabideen eta pantailen esparruan izan da».
Aurrerapausoak eman direla onartu zuen Aginagaldek. «Duela lau urte eskatu genuen streaming plataforma sortzea euskaraz eta lortu da, Primeran eta Makusi jarri ditu abian ETBk; baita Espainiako Ikus-entzunezkoen Legean kuotak ezartzea edukiak euskarara bikoizteko; ez guk nahi genituen kuotak baina betebehar txiki batzuk eskatu zitzaizkien. Euskara sustatzera bideratutako eta zinema ekoizteko dirua gehitzea eskatu genuen, eta hori ere gertatu da».
Aldaketak izan izan dira, baina 2022ko legeak zehazten du plataforma bat bera ez dela betetzen ari, euren esanetan. «Katalogo osoaren %6k hizkuntza koofizialetan -euskara, galegoa eta katalana- izan beharko luke eta ez da betetzen. Urteko irabazien portzentaia bat bideratu behar dute euskaraz sortzera. Netflixek milioi bat euro bideratu beharko lituzke, baina dezente beherago dago».
Euskarazko ikus-entzunezko arloan baliabide ekonomikoak handitzea beharrezko ikusten dute. «Egunean hiru ordu ematen ditugu batez beste pantailen aurrean. Euskal Herriko zinemagile guztiak filmak euskaraz ekoizten jarrita ere, urtean 30-40 pelikulara iritsiko ginateke eta ez genuke beteko kontsumo ohituren eskaera», esan zuten.
Gauzak hala, ezinbestekoa ikusten dute nazioarteko filmak bikoiztea. «Ez daukagu nazioarteko zinemarako dirulaguntza programa publikorik, beste leku batzuetan gertatzen den moduan, eta egoera hobea da horri esker», oroitu zuten. «Edukien sustapenean baliabide ekonomikoak jarri behar dira. ‘Euskaraz edukiak jendeak ez ditu kontsumitzen’, dio hainbatek. Benetako promozioa izan dutenean, bai; ‘Irati’ da horren adibidea. Urteko ‘takileroen’ artean egon zen, euskarazko inoizko film ikusiena».
Zernonikusi egitasmoa aipatu zuten, informazio zehatza eta eguneratua eskaintzen duena euskarazko edukien gainean. «Katalunian erakunde publikoek beren gain hartzen dute ardura; hemen Pantailak Euskaraz eta Zernonikusi ari gara lanean». Araudi propioa garatu beharra ere ikusten dute. «Baditu eskumenak eta ahal den guztia arautuz gero, errazagoa izango da. Ikus-Entzunezko Legea behar da», aldarrikatu zuten.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
