Amaia UGARTE
DONOSTIA

«Sorginak, putak, terroristak», tortura politikoaren azterketa ikuspegi feministatik

Olatz Dañobeitiak «Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa» saiakera liburua aurkeztu du: gatazka politikoan emakumeek pairatutako bortxa berezituaren azterketa, ikuspegi feministatik helduta.

Dañobeitia, argitaratu berri duen liburua eskuan.
Dañobeitia, argitaratu berri duen liburua eskuan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

“Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa” liburua Olatz Dañobeitia Ceballos EHUko irakasle eta ikerlariak sinatu du, baina ariketa kolektibo baten ondorioa da, hainbat eragilek parte hartu baitute saiakera honetan: Emagin elkarteak, torturak jasan dituzten emakumeak eta torturaren aurkako eragileak, besteak beste. Atzo aurkeztu zuten Donostian, egileak berak, Iratxe Retolaza Emagineko editoreak eta Iñigo Satrustegi Txalapartako editoreak.

Saiakera honek Olatz Dañobeitiak 1990ean egin zuen tesia du oinarritzat, zeinetan ezker abertzaleko emakumeen militantzia eta emakume haiek sufritu zuten errepresioa -berak ere bai- aztertu zuen. Tortura ere «praktika matxista bat» dela baieztapenetik abiatuta, torturaren gaiaren ertz ugariri erreparatu diete liburu honetan. Lehenik eta behin, marko bat kokatu dute -«nola sexu tortura politikoa finean indarkeria politikoa eta indarkeria matxista gurutzatzen diren bidegurutzea den»; tortura ere definitu dute -nork erabili duen, zertarako erabili izan den, nola...-, irakurketa feminista bat egin dute -«Estatuen beste tresna bat izan da, sexu tortura ezartzeko eta emakumeen militantzia politikoa geldiarazteko»-, eta torturak emakumeengan izan duen eragina xehatu dute. Berregitea, erreparazioa, osatzea... aztergai izan dituzte.

Dañobeitiak hartu du lan hori egiteko ardura, eta ahots asko bildu ditu, baina ez da torturen testigantza bilduma bat, baizik eta «marko bat ezartzeko liburu bat», eta irakurketa ere hortik ulertu behar da. «Ez genuen lekukotzetara eraman nahi, interpretazio marko kolektibo bat nahi genuelako», argitu zuen Iratxe Retolazak.

BEGIRADA ERALDAKETAN

«Mende erdiz baino gehiagoz Euskal Herrian aplikatu den tortura espezifikoari, motibazio politikoengatik erabili den torturari begiratu diogu eta interpretazio eta azterketa feminista bat egin nahi izan dugu, premia hori zegoelako eta iruditzen zitzaigulako gertatu den hori interpretatzeko orduan marko hori osatu edo aldatu egin behar zela», azaldu zuen. Halatan, «euskal gizartearen arrakala indibidual askoz osatutako arrakala kolektiboari begiratu behar geniola iruditu zitzaigun».

«Botere egitura ezberdinetatik, mehatxu bat diren komunitate torturagarri bat eraikitzen da. Bere garaian sorginak izan ziren; putak, etengabe; azken etapan, terroristak. Komunitate torturagarri hori eraikitzea beharrezkoa da tortura ezarri ahal izateko», adierazi zuen. Liburuak tortura birdefinitzeko saiakera ere egiten duela nabarmendu zuen idazleak.