EDITORIALA

Hizkuntzaren planifikazio sozial eta nazionala

Azpeitian arnasguneen inguruan egin den nazioarteko konferentziaren harira, Elin Haf Gruffydd Jones soziolinguista galestarra eta ELENeko lehendakaria elkarrizketatu du GARAk. Galesko errealitatetik abiatuta, bi lehentasun marraztu ditu: «Arnasguneak ez diren zonaldeetan hizkuntza indartzea eta arnasguneetan hizkuntza, ekonomia eta gizartea indartzea». Bide batez, hizkuntza bere lurralde osoan arnasberritzeko adibide praktiko batzuk jarri ditu mahaiaren gainean, Euskal Herrirako ere interesgarriak direnak.

Hizkuntzaren zeharkakotasuna da gako nagusietako bat. Galesez ‘catarmle’ edo gotorlekua esaten omen zaio arnasguneari. Hala ere, Gruffyddek azaldu bezala, ez dira gune gotorrak, lurraldeko beste prozesuekin hertsiki lotuta daude. Arlo guztiek eragiten dute hizkuntzan, eta alderantziz, «hizkuntzaren planifikazioa arlo guztietan da beharrezkoa: etxebizitzan, ekonomian, hezkuntzan, komunitatean...». Hori kontuan izanik, arnasguneak indarberritzeko gainerako arloak ere biziberritu egin behar dira, hizkuntza elkarrekin bizitza duina garatzeko aterpe bilakatuz. Horretarako, berriz, ezinbestekoa da hizkuntza normalizatzearen aldeko kontsentsu zabalak ehuntzea eta Gobernu estrategia zehatzak garatzea, «hizkuntzaren aldeko baldintzak sortu» daitezen. Hizkuntzarena auzi soziala izanik, politikoki eta sozialki eragin behar da.

Bestetik, galesa -euskara bezalaxe- «hizkuntza nazionala» izanik, arnasguneen garrantzia azpimarratzeak ez du esan nahi bertan gotortu behar denik: «Gure kasuan, ezin duzu arnasgune txiki-txiki bat isolatu, ze bertan bizi baitzara, baina beste zona batean duzu eskola edo lantokia, eta mugitu behar duzu. Elkarren mendekotasuna eta ‘continuum’ geografiko bat dago». Euskal Herrian ere beste horrenbeste gertatzen da. Beraz, estrategiak ere jarraitutasun horren arabera pentsatu behar dira: nola egin arnasgune geografiko eta funtzionalak indartzeko planifikazio nazionalak? Eta alderantziz, arnasa hori nola baliatu eremu itogarriagoetan aldaketak hauspotzeko? Euskal Herrian ere bada nahikoa borondate eta aldekotasun bide hori anbizioz urratzeko.