GARA
IRUÑEA

Grafikagintzan Nafarroako hitzarmen propioa aldarrikatu dute

Grafikagintzan Nafarroako hitzarmen propioa beharrezkoa dela aldarrikatu zuten atzo LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek. Eskaera honen aldeko 400 langileren sinadurak eraman zituzten patronalaren egoitzara. Kopuru honek sektorearen laurdena suposatzen duela azpimarratu zuten.

Sindikatuen arabera, martxoan hitzarmena negoziatzeko egindako eskaerari patronalak «entzungor» egin zion. «Orduan, patronalak ez gintuen hartu ere egin nahi izan», gogorarazi zuten sindikatuek.

Oraingo honetan, elkarrizketarako eskaera berresteaz gain, langileen zuzeneko ahotsa helarazi nahi izan zuten sindikatuek.

Dagoeneko kontzientziatuta eta aktibatuta dagoen sektore osoko langileen laurden bat lan baldintzak duintasunez arautzearen alde dago», adierazi zuten atzo. Era berean, datozen hilabeteetan laurden hori nabarmen handitzea espero dutela adierazi zuten, egoera hori Nafarroako Grafiketako langile klaseari helarazten jarraituko baitute.

PATRONALAREN ERANTZUNAREN ZAIN

Patronalak sektorearen eskaerari kasu egingo diola espero dute sindikatuek. «Pentsatu nahi dugu, sindikatuekin egin ez zuen bezala, Aergranek bere langileei entzungo diela. Hala ez bada, tamalez, gatazkak izango dituzte datozen hilabeteetan beraien enpresetan».