Peli LEKUONA - Asier ROBLES
Entrevue
ENEKO ANDUEZA
PSEko idazkari nagusia

«Hiru tradizio politiko handiak batu ahalko dira, legearen barnean bada»

Eneko Andueza, PSEko idazkari nagusia, NAIZ Irratian izan zen atzo. EAJrekin duen harremana, Estatutu berria, euskara eta Gasteizko istiluak izan zituen mintzagai. EAJ, EH Bildu eta PSEren artean «diskrezioz» lanean ari direla jakinarazi zuen, espainiar eskuinaren eta eskuin muturraren mehatxuen aurrean «lortutako eskubide sozialak blindatzeko» asmoz.

(Jon URBE | FOKU)

Egunerokotasun politikoaren inguruan hitz egin zuen Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak atzo NAIZ Irratiko mikrofonoetan. EAJrekin azken asteotan izan diren talka eta desadostasunei buruz aritu zen lehenbizi. Bere alderdiak ez duela «inoiz polemikarik bilatu» eta koalizio gobernuaren barruan sortu diren eztabaidak «normaltasun demokratikoan» ulertu behar direla argitu zuen. «Bi tradizio politikoren arteko lan harremanean sortzen diren ohiko tirabiratzat» jo zituen.

Giroa baretu nahi izan zuen arren, kritikatzen dutenei honako mezua bidali zien: «Eneko Anduezari buruz berba egiten dute, Eneko Anduezak aipatzen dituen gaiei buruz berba ez egiteko».

EAJko buruzagiekin harremana «ondo bideratuta» dagoela eta Andoni Ortuzarrekin urteetan garatutako konfiantza giroa «denborarekin» Aitor Estebanekin ere sortuko dela esan zuen itxaropentsu. «Elkarrizketarekin eta lanarekin harremanak sendotu egiten dira».

Euskararen legea Euskararen legeari buruz galdetuta, PSEk «euskararen aldeko konpromiso historikoa» duela baieztatu zuen, «hasiera-hasieratik». «Euskararen aurrerapauso guztietan euskal sozialistak egon gara. Beste batzuek ezin dute hori esan».

Baina ez du «legea aldatzeko beharrik» ikusten. «Kalean hori sumatu dugu, euskal gizarteak ez duela uste horren beharrik dagoenik. EAJren eta EH Bilduren ekimenen aurrean pertsona ugari gurekin harremanetan jarri dira; ez gure moduan pentsatzen dutenak, askotariko pertsonak baizik, askotariko egoeratan daudenak, esateko beren babes osoa daukagula eta gure bidea oso bide arrazionala dela», agertu zuen.

Horrekin batera, orain dela urte eta erdi EAJrekin dekretuen inguruko akordioa lortu zutela gogorarazi zuen. Horrek hizkuntza-politika gehienak «bideratu» ditu, Anduezaren arabera.

«Euskararen arazorik handiena erabileran dago», segurtatu zuen, eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko «proaktiboak» izan behar dutela gaineratu zuen. Horretarako, aisialdiko eta komunikabideetako euskarazko eskaintza «indartu behar dela» uste du, orain arte daukagun eskaintza ez delako euskaraz. «Badauzkagu erreminta batzuk eta horiek indartu behar ditugu. Hortik abiatuta, beste arlo batzuetan ere, euskara ikasteko doakotasunean adibidez, aurrerapausoak eman behar dira», proposatu zuen.

Bidea hori da bere ustez. «Daukagun egoera soziologikoari begira, oso onuragarriak izango lirateke neurri horiek. Kanpotik etortzen diren guztiei gure hizkuntza ikasteko eta euskaldun egiteko aukera eman behar diegu», aldarrikatu zuen.

Lakuako Gobernuak gaur onartuko dituen aurrekontuei buruz, iragarri zuen euskarara bideratutako partida handitu egingo dela, «beti egin den bezala, baita momenturik latzenetan ere, euskararen sustapenerako eta, adibidez, euskara bultzatzen duten komunikabideei babesa emateko».

Estatutua eta autogobernua Estatutuaren 46. urteurrena oroitarazi zuten larunbatean, eskuduntza guztiak lortu gabe daudela. «Duela 46 urte estatutua egin zutenean ez zuten jakingo noraino iritsiko ginen. Egia esanda, estatutu hau berriztuta egon beharko litzateke, baina beste batzuek beren interesak aurretik jarri dituzte historikoki, eta horrek eragin argia izan du: gure estatutua 46 urte eta gero berriztuta ez egotea», kritikatu zuen. «Falta diren eskumenak etorriko dira, baina ondo etorriko dira».

PSEko idazkari nagusiak ziurtatu zuen «serio» ari direla lanean eskumenen transferentziak amaitzeko eta estatutu berria lantzeko. «Hau ez da erlojuaren kontrako lasterketa bat. Gauzak ondo egin behar dira, legearen barruan eta euskal gizartearen babesarekin; bestela arazoak etortzen dira. Gauzak zintzoki eta ondo egitea da gure konpromisoa», nabarmendu zuen.

EAJ, EH Bildu eta PSEren arteko mahaian «diskrezioz» lanean ari direla jakinarazi zuen. Esan zuenez, espainiar eskuinaren eta eskuin muturraren mehatxuen aurrean «lortutako eskubide sozialak blindatzea» da helburua.

«Hiru tradizio politiko handiak elkartzeko gune bat posible den ikusten ari gara. Posible izango da zintzoki egiten badugu, eta kontziente bagara dena legezkotasunaren barnean egon behar dela, gero Madrilera joan behar delako eta Konstituzionalak aztertuko duelako. Dena ondo badago, hona itzuliko da euskal gizarteak berretsi dezan. Gure aldetik prestutasun osoa dugu estatutu berri bat eduki eta estatutu hori gauza garrantzitsuetan oinarritua egoteko».

Blindatzeko beharra «46 urtean hamaika eskubide sozial lortu ditugu. Orain, horiek indartu, egokitu, estatutuan sartu eta blindatu egin behar ditugu, batez ere daukagun mehatxurik handiena Madrildik datozen eskuina eta ultraeskuina direlako. Beraz, gauzak ondo egin behar ditugu. Legalki bikain egin behar ditugu. Bestalde, lortu ditugun eskubide sozial horiek blindatu egin behar ditugu, mehatxua hor dagoelako eta haiek boterera ailegatzen badira eskubide sozial horiek pikutara joan litezkeelako», erantsi zuen.

Junts alderdiak PSOErekin zuen akordioa puskatzea eta Pedro Sanchezen Gobernua gehiago ez sostengatzea erabaki zuen atzo. Halaber, 2023ko azaroaren 10ean Pedro Sanchezek eta Andoni Ortuzarrek gobernu akordioa sinatu zuten. Bertan aipatzen zen urte eta erdiko epe orientagarria egongo zela EAEko 13. legegintzaldia hasi zenetik. Epe hori datorren azaroaren 14an bukatuko da. Zer gertatuko da egun horretatik aurrera?

«Serio ari gara lanean, baina gure erritmoa daukagu, ezin dugu momentu oro beste leku batzuetan zer gertatzen ari den pentsatu. Gure pentsamendua gauzak ondo egitea da. Dokumentu ugari ditugu jada mahai gainean. Oraintxe lantzen ari garenak agian gairik zailenak dira. Orain dela bi legealdi autogobernu ponentzian egin zen lana bikaina izan zen. %90a gutxienez eginda dago. Denok ados egon gaitezkeen testu bat da. EH Bilduk ere aitortu du hori, eskubide sozial guztiak daudelako hor. Hori eguneratu beharko dugu, baina lan hori nahiko erraza izango dela uste dugu. Espero dugu hemendik hilabete batzuetara aurrerapauso nabarmenak izatea eta ahal badugu denboran eta forman ailegatzea», esplikatu zuen.

Subiranismoa da zapatako harri koskorra eta, PSEko idazkari nagusiaren arabera, «sentsibilitate guztiak batzen dituen testu bat izan arte harri koskorra izango da». Orain dela bi legealdi sortu zen autogobernu ponentzia jarri zuen adibide gisa. «Ia dena eginda zegoen eta gai hori ailegatu zenean batzuek erabakitzeko eskubidera jotzea erabaki zuten, eta dena pikutara joan zen. Ea oraingoan ez den horrela eta akordio bat lortzeko gaitasuna daukagun».

Hori gainditzeko, «pedagogia eta berba asko» egin behar da Anduezaren iritziz. «Besteen zapatetan jarri eta erdigune hori bilatu, ea posible den».

Gasteizko istiluak Gasteizko urriaren 12ko istiluen inguruan eztabaida asko ari dira sortzen. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak dimisioa aurkeztu beharko lukeen galdetuta, Anduezak erantzun zuen ardura duten bakarrak, «alde batetik, manifestazioa antolatu zutenak eta, bestetik, manifestazio horren aurka biolentzia erabili zutenak» direla.

Bere iritziz, «halako gertakariek ez dute lekurik Euskadin. Tresnak eduki behar ditugu halakorik ez gertatzeko eta polizialki kontrolatuta egon behar du», defendatu zuen.

«Iraganean nahikoa jasan genuen, orain berriro ezin dira gauza hauek mahai gainean egon eta gure kaleetan halako istiluak sortu», adierazi zuen. «Nik uste erantzukizun bakarra biolentzia erabiltzen dutenena dela, baina hortik aparte hausnarketa egiteko aukera ere badaukagu. Adibidez, hor daukagu segurtasun foroa. Gauza hauek mahai gainean egon beharko dute etorkizunean horrelakorik berriro gerta ez dadin», adierazi zuen PSEko idazkari nagusiak.

«Xenofobia kutsua» Ertzaintzak atxilotutakoen jatorriaren inguruko datuak emango dituela iragarri du Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak. Horren inguruan, Anduezak ohartarazi zuen «arrisku handia» dagoela informazio hori «estigmatizaziorako» erabiltzeko. «Azken batean, Zupiria sailburuak egin duena PPk eta Voxek eskatu dutena izan da; informazio eskaera baten eskutik dator, ez da sailburuaren ekimena, baizik eta PP eta Voxena», argitu zuen.

«Horrek xenofobia kutsua du, eta bi alderdi horiek erabiltzen dute beren diskurtsoentzat», azpimarratu zuen.

Bestalde, baztertua gelditu zen pentsiodunen ekimen legegilea, eta badirudi bide hori bera har dezakeela EAEko lanbide arteko gutxieneko soldatak. Horrek kalte egingo dio legebiltzarreko hautetsi guztien sinesgarritasunari edo politikaren irudiari berari? PSEko idazkari nagusiak ez du halakorik uste. «Gaiak eztabaidatzeko dira eta ostegunero proposamenak eramaten dira. Legebiltzarrean eztabaidatzen dira eta batzuek aurrera egiten dute eta besteak, berriz, bertan behera gelditzen dira», esplikatu zuen.

Jose Antonio Jainaga Sindenorreko presidentearen ikerketari buruz, esan zuen «epaitegiei beren lana» egiten uztea dagokiola. «Ez dio mesede handirik egiten Talgoren operazioari, baina ez dira gauzak nahastu behar», bere ustez.