Musika industria, kontzertuez harago doan sektorea
Atzo goizean abiatu zen musikaren sektorea batzen duen ekitaldia, eta hiru egunez musikak Bilbo hartuko du. Mon Laferte abeslari txiletarra izan da aurtengo edizioa ireki duena eta jendez mukuru egon da Euskalduna Jauregia. David Otero, Marwan, Leire Martinez, Fito Cabrales edo Ruben Blades izango dira hizlarien artean.

Musikaren industria osatzen duten aktore ezberdinen topalekua izaten da urtero-urtero BIME azoka Bilbon. Euskalduna Jauregian dozenaka postu topa daitezke musikaren bueltan sortu daitezkeen behar eta negozio guztiek topo egiten dute urriko azken astean Bizkaiko hiriburuan.
Mon Laferte txiletarra izan da aurtengo edizioko lehen izarra. Goizeko 10.00etan elkarrizketa goxoa izan zuen Paula Quintana Radio 3eko kazetari espainiarrarekin. Haren ibilbideari buruz mintzatu ziren eta gauza interesgarriak kontatu zituen Lafertek. Hamahiru urte baino ez zituela hasi zen lanean eta 30 urterekin ezagutu ahal izan zuen arrakasta deitzen duten hori, baina bidean miseriak pasata: «Hirugarren diskoa ere independente gisara egin nuen, Mexikon, eta deprimituta nintzen, dirurik gabe; eta argia ere kendu zidaten etxean. Orduan, elektrizitate enpresari argia lapurtu nion, frustrazioak eraginda. Horrela egon nintzen 6 hilabetez, eta diskoa gisa horretara egin nuen, nire diskorik onena izan dena, sekulako arrakasta izan zuena. Ez nuen ezer ulertzen».
KANTU PERFEKTUAREN BILAKETA
Hurrengo hitzaldian kantu perfektuaren sorkuntzarako zer nolako lana egiten duten hizketagai izan zuten Marwan jatorri palestinarreko musikaria eta David Otero “el pescao” madrildarra, Miguel Marcosen gidaritzapean.
Hainbat gairi heldu zioten, baina sortzeko modua izan zen abiapuntu. Marcosek esan zien bi gisatako sortzaileak daudela: mapak eta iparrorratzak. Lehenek kantu bat sortzeko garaian dena oso pentsatuta eta neurtuta edukitzen dutela aipatu zuen eta, bigarrenek, gauzak bidetik probatzen dituztela, baina mapa baten barruan daudela jakin gabe. Marwanek hau gehitu zuen: «Burmuinak mapa bati kasu egiten dio. Zuk egun batez reggae bat egingo duzula pentsatzen duzu, eta hortik hiru egunetara reggae hori etortzen zaizu burura eta idazten ari zara; ez da kasualitatea».
Oterok honakoa esan zuen atzetik: «Niretzat aisialdia da lana. Atseden uneetan joaten naiz sortzera. Haur parke bat bezalakoa da estudioa: zure txirrista 80etako erritmo kaxa baten plugina da, eta horrekin hasten zara jolasean eta kantuaren eraikitze lanetan. Ni honetan natibo digitala naiz. ‘Mario Paint’ jolasarekin musika sortzen hasi nintzen, Super Nintendo kontsolarekin».
BIDEOJOKOAK ETA MARKEKIN HARREMANAK
Play Station etxeko Alex Hackford musika arduradunaren hitzaldia ere izan zen, bideojokoek eta musikak duten harremanaren inguruan.
«Garai batean oso joko gutxi egiten ziren baina orain…», adierazi zuen. «Gainera, hardwarea eta softwarea garatzeaz harago, arte sorkuntzan izugarri aurreratu da. Gaur egun musika jokalariarengana egokitzen da, haren mailara eta egoerara. Horren arabera, musika bat edo bestea entzungo du. Puntu horretaraino dago garatua».
Musikan marka gero eta gehiago agertzen direla eta tokia egitea gehiago kostatzen dela esan zuen David Pejenaute Mahou etxeko nafarrak hurrengo hitzorduan. Bestalde, «jendea festibalez nekatzen hasita dago. Gaur egun publikoak nahiago du dirutza bat utzi artista bakarra ikusteko eta ez erdipurdiko esperientzia emango dion jaialdi batetan».
Jaialdi handiak babesten dituzten arren, berak aretoetan sinisten duela esan du: «Guretzat beti oso garrantzitsuak dira eta esperientzia oso desberdinak sortzen dira. Gainera, aretoetan gure produktua merkeagoa ere bada».
Kronika luzeagoa duzue NAIZen webgunean, eta datozen egunetan izango denaren berri ematen segituko dugu Euskalduna Jauregitik.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
