Vera Zasulitx eta Karl Marxen arteko gutun trukea
“Errusiako gutunak” liburuak Vera Zasulitx eta Karl Marxen gutun trukea du oinarri. Zasulitxen figura dakar gaurko egunera: industrializazio basati batetik igaro gabeko gizarte antolaketez hausnartzera eraman zuen Marx.

Jone Gartziak euskaratutako “Errusiako gutunak” liburuak Zasulitxen figura gaur egunera dakar. Katakrak argitaletxeko editore Hedoi Etxarteren hitzetan, XIX. mendeko emakume iraultzaile nabarmenetakoa zen. Suitzan erbesteratuta zegoela, Marxekin trukatu zituen gutunak biltzen ditu liburuak eta, horiekin batera, Marxek bidalitako gutunen zirriborroak eta normalean hauekin batera argitaratu ohi diren beste bi idatzi ere: Marxek Errusiako “populisten” aldizkari baten erredakziora bidali zuen gutuna, batetik, eta errusierazko “Manifestu komunista”-ren bigarren argitalpenerako Friedrich Engelsekin batera osatu zuen hitzaurrea, bestetik.
Idazki horiei testuingurua emateko, liburuak Montserrat Galceran filosofo eta ekintzailearen testu bat ere badakar, propio argitalpen honetarako idatzia, eta baita argitaletxearen ohar «zabal» bat ere, «esplikatu behar genuelako XIX. mendean oso ezaguna zen eta gaur egun ezezaguna den Vera Zasulitx nor zen».
Azken hau kokatzeko, Zasulitxen bizitzaren bi alderdi ekarri zituen aurkezpenera Etxartek: politikoa, bata, eta ekintza zuzenari lotua, bigarrena. Editorearen arabera, XIX. mendeko Errusia industrializaziotik urrun zegoen eta «erregimen oso zapaltzaile» baten pean zegoen herrialde bat zen. Testuinguru horretatik ihes egiteko, iraultza antolatzen hasi ziren talde batzuk, euren burua «populistatzat» izendatu zutenak, baina egungo zentzutik urrun: «Funtsean herriarengana hurbildu nahi zuen jendea zen. Gaurko etiketa ideologikoetatik begiratuta, aurki ditzakegu liberalismoari lotutako aldarrikapenak, anarkismoari lotutakoak; baina haien artean hipotesi politiko ezberdinak ere bazeuden: batzuek esaten zuten gizarte analfabeto batean jendeari irakurtzen eta idazten irakatsi behar zitzaiola, eta beste batzuek ekintza zuzenak egiten zituzten», azaldu zuen.
Zasulitxek bi horietatik edan zuela nabarmendu zuen Etxartek. Jende xeheari hezkuntza ematera joan izan zen eta eztabaida politikoetan parte hartu zuen, baina batez ere ekintza zuzenarengatik izan zen ezaguna.
«Bazen jeneral bat, Fiodor Trepov, 1870eko hamarkadako Errusian iraultzaileen aurka errepresio askoren zuzendaria izan zena, eta egun batean Zasulitxek beste emakume batekin ekintza zuzen koordinatu bat egin zuen haren kontra: zuzenean bere bulegora joan eta tiro egin zioten», kontatu zuen Etxartek. Trepov ez zen hil, baina garai hartako aldizkari ilustratu guztietan irudikatu zuten Zasulitx Trepovi tiro egiten, eta horregatik epaitua izan zen.
«Baina zer gertatu zen orduan? Ba, epaietan tribunal herrikoiak absolbitu egin zuela, eta hura izan zela garai hartako Errusian tribunal herrikoi batek halako kasu bat epaitu zuen azken aldia», ohar egin zuen Etxartek.
Absolbitu bai, baina Zasulitxen aurkako errepresioak gora egin zuen, eta erbesteratu egin zen azkenean.
Antolakunde “populista” ezberdinetan parte hartzen jarraitu zuen hala ere, Marx eta Engelsen lanak Errusian sartzen, esate baterako, «nahiz eta ez ziren garai hartan zehazki haien hipotesi politikoak, besteak beste Engelsek eta Marxek lantzen zituzten gai gehienak industrializatutako testuinguruez hausnartzen ari zirelako. Hor zalantza oso nabarmen bat izan zuten Errusian -esan zuen editoreak-: posible zen garai hartan Errusiako periferian nobleziaren boteretik nahiko aparte, laborariek beren burua antolatzen zuten etxalde eta nekazaritza eremu horietan, beste gizarte baten hazia egotea? Alegia, gizarte horiek ez ziren sozialistak, nahi bada, baina zergatik pentsatu behar zen, garai hartan Marx eta Engelsek eta Europako sozialista gehienek uste zuten bezala, iraultzarako bidea izan behar zela ezinbestean zeharo traumatikoa eta gogorra zen industrializazio hori burura eramanez, eta horren ostean etorriko zela iraultza? Eta hori da funtsean Zasulitxek bere gutunean Marxi galdetzen diona», adierazi zuen.
Zasulitxek lortu zuen, beraz, Marxen baitan kezka hori sortzea, eta hortik abiatuta hasi zen ikertzen, familiaren auzian adibidez, ea ze gizarte antolaketa molde egon daitezkeen ez direnak zertan industrializazio basati batetik pasatu.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
