Lehia nuklear arduragabea berpiztu dute
Hego Koreara begira zegoen mundua atzo, Txinako eta AEBko presidenteek bertan egin zuten gailurrari, hain zuzen. Ez zen bien arteko talkarik izan, eta hori lasaitzeko moduko albistea omen da. Xi Jinpingek esan zuenez, «kontsentsua» lortu zuten merkataritza gaiei dagokienez, eta lur arraroak direla-eta sortutako liskarra «konponduta» geratu zen, Trumpen hitzetan. Hala ere, halako beldurra eragiten zuen talkarik ezean, kezkatzeko moduko albistea eman zuen Etxe Zuriko maizterrak, arma nuklear berriak probatzeko saioak iragarrita.
Atzoko bilerara sartu baino lehentxeago Trumpek horren berri eman zuen, AEB «berehala» hasteko prest dagoela esanez, Errusiaren eta Txinaren «kondizio berdinetan» egoteko. Iragarpen hori AEBren politika nuklearraren errotiko aldaketa da, Errusiari eta Txinari AEBren botere estrategikoa erakusteko, analisten arabera. AEBren azken proba nuklearrak 1992an izan ziren, Kongresuak proba horiek bertan behera utzi zituen lege bat onartu aurre-aurretik; gainera, lege horrek proba nuklear guztiak debekatzeko itun global baterako negoziazioak aldarrikatu zituen. Zenbait herrialdek, tartean Txinak eta AEBk, ez dute ituna berretsi, baina 1996ko Saiakuntza Nuklearrak Erabat Debekatzeko Itunak balio izan du mundu osoan probak gelditzeko, Ipar Koreakoak izan ezik. Itxura denez, Vladimir Putinek igandean iragarritakoari erantzuten dio Trumpen erabakiak; izan ere, presidente errusiarrak igandean bertan adierazi zuen gaitasun suntsitzaile handiko arma berriak probatu dituela. Ez dago zalantzarik erretorika nuklearra gora egiten ari dela egunetik egunera.
Merkataritza lehia ikusi zen atzo Hego Korean, baina baita lehia nuklearra ere, 60ko hamarkadan bezala. Munduan ojiba nuklear gehien dituena AEB dela dio Trumpek, eta badirudi ezetz, Errusiak gehiago dituela; nolanahi ere den, 5.000natik gora dituzte biek ere, eta dialektika makur hori merkataritzaren gaineko liskarra baino arriskugarriagoa da. Horren aurrean, Europak dagoeneko ez du inor harritzen eta, bakearen aldeko jarrera irmoa erakutsi ordez, armatan inbertitu beharra dagoela dio, erretorika militarra elikatuz.

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil
