«EHUko azpiegiturak egoera txarrean daude finantzaketa faltagatik»
Alarma gorriak piztu zaizkio EHUri Lakuaren 2026ko aurrekontu proiektuaren berri izan duenean: 337,4 milioi euroko partidak unibertsitatearen «paralisia» ekar dezakeela ohartarazi du errektoretzak. Estitxu Garaik, NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketa honetan, datuak eman ditu: azpiegiturak egoera penagarrian, eta gaizki ordaindutako profesionalak.

Joxerra Bengoetxea errektoreak paralisiaz hitz egin zuen EHUren egoera definitu zuenean. Zer dela eta?
Hitz gogorra da, baina uste dugu errealitatea ondo deskribatzen duela. Egia da unibertsitate hauteskundeetara aurkeztea erabaki genuenean egoeraren larritasuna aintzat hartuta egin genuela, baina, behin kudeaketan hasita, konturatu gara errealitatea espero baino gordinagoa dela.
Alderdi politikoekin 2026. urteko aurrekontuaz hitz egiten aritu zarete. Zuei jakinarazi zitzaizuen, bilera horietan, Lakuak proposatutako aurrekontua 337,4 milioi eurokoa izango zela?
Ez ziguten jakinarazi, hedabideen bidez jakin genuen. Lan handia egin dugu premien katalogazioa eta kuantifikazioa egiteko eta, egia esan, alderdi gehienen erreakzioa harridura izan da ikusita zein premia ditugun. Adibidez, azpiegituren egoera. Nik edozein gonbidatuko nuke Leioako campusera etorri eta instalazioak nola dauden ikustera; hori ez litzateke unibertsitate publiko batean onargarria izan beharko.
Eta gero badaude beste kontu asko, hainbeste ikusten ez direnak... Adibidez, zein baldintzatan ari diren langileak: langile gutxi dauzkagu eta zerbitzu asko erabat lepo daude eta erabat motel doaz, eta beste asko ez dauzkagu eta sortu egin behar ditugu. Eta irakasle eta ikerlarien baldintzak ez dira batere egokiak. Doktorego aurreko soldatak oso baxuak dira: gaur egun, doktorego aurreko irakasle batek dirulaguntzak eskatzen ditu bazterketa egoeran dagoen pertsona kontsideratzen delako. Eta gero ikerlariak dauzkagu, non une honetan, unibertsitateko lan poltsan, askotan, zaila den jendea bilatzea. Gure ustez, parekatu egin beharko genituzke langile publiko guztiekin, konparazioa erraza baita: Batxilergoko irakasle batek, sarreran, 2.600 euro inguru kobratzen baditu, unibertsitatean 1.900 izango lirateke. Baldintza horietan ez da arraroa jendeak beste aukerak hobestea.
Zer esan dizuete alderdi politikoek?
Harridura eta babesa jasotzen ari gara, batik bat, eta galdera bera dute: nola iritsi da unibertsitate publikoa horretara? Digitalizazioaren erronka ere badugu, tresna oso zaharrekin ari garelako, prozedura asko ez daudelako digitalizatuta, eta eskuz egiten dira zuzenean... Beraz, erreakzioa harridura eta babesa da. Gogoratu behar dugu badagoela unibertsitate sistemaren lege organikoa, Estatuan eragina duena, eta hor erreferentziazko zenbaki bat jartzen zaiola unibertsitate finantziazio publikoari: barne produktu gordinaren %1. Beraz, 980 milioi lirateke. Hitz egiten ari gara lurralde honek zer lurralde mota izan nahi duen, zenbat eskaini nahi dien zientziari, jakintzari, unibertsitateari... Horrek guztiak ere etorkizuna proiektatzen duelako.
Erreklamaziorik edo beste biderik hartuko duzue?
Momentuz, itxaron egingo dugu. Ikusiko dugu gure agerraldiaren ondorioz zein den erantzuna, eta hortik aurrera jarraituko dugu lanean benetan unibertsitatea duintzeko. Benetan diogu gaur egun eskaintzen dugun irakaskuntza eta egiten dugun ikerketa bikainak direla, baina oso baldintza txarretan egiten direla. Eta hori dena jendearen lan kargaren bokazioari esker egiten da, baina horrek muga bat du.
Beharrak bultzatuta, beste finantzaketa biderik zabaldu beharko duzue?
Egoera larria da eta aztertu beharko ditugu aukera guztiak. Ezin dugu beste urtebete honela pasatu; nahiko muga-mugan gaude, azpiegiturak gaizki daude eta habetu egiten ari dira. Nola iritsi daitezke azpiegitura publiko batzuk egoera horretara? Leioako campuseko atletismo pista eta frontoiak itxita daude, ez daudelako erabilgarri, eta hala eta guztiz ere, jendea sartzen da zuloetatik. Urteak daramatzate horrela. Horrek badu arrazoi bat, eta honako hau da: finantzaketa falta egon da urte luzez.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
