GARA
BILBO

Gutxieneko soldataren eztabaida eskatzeko manifestazioa

Manifestaziora deitu dute LABek, ELAk, ESKk, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek hilaren 12rako, Lakuako Gobernuari, hots, EAJri eta PSEri, eskatzeko onar dezatela osoko bilkuran gutxieneko soldataren aldeko herri ekimen legegilea eztabaidatzea. «Gutxieneko demokratikoa» da hori, euren ustez, herri ekimenak 138.495 sinadura jaso baititu berau Gasteizko Parlamentura eramateko.

Manifestazioa Bilbon egingo dute. 11.30ean abiatuko da Lakuako Gobernuak Kale Nagusian duen egoitza paretik eta PSEren egoitza aurretik igaroko da, Sabin Etxean amaitzeko. “EAJ-PSE-Confebask, pobreziaren errudunak. Euskal SMIa orain!” lelopean mobilizatuko dira.

Sindikatuek gogora ekarri zutenez, EAJk «berariaz» agertu du gutxieneko soldataren aldeko herri ekimen legegilearen aurkako iritzia. Azaldu zuten EAJk aitzakia gisa jarri duela gutxieneko soldataren erabateko eskuduntza aldarrikatu beharko litzatekeela eta sindikatuen ekimenak ez duela hori eskatzen. Lakuako Gobernuak, aldiz, ekimenaren aurkako txostena argitaratu zuen, esanez sindikatuek erabateko eskuduntza eskatzen dutela.

Mobilizatzera deitu duten sindikatuek uste dute EAJk zein PSEk, pentsiodunekin gertatu zen bezala, Gasteizko Parlamentuan «iruzur demokratikoa» egin nahi dutela.