G. TABERNA - M. UBIRIA
BAIONA

Alokairuen araudia sartu aitzin azkarki emendatu ziren prezioak

Iazko azaroaz geroztik alokairuen gaineko araudia indarrean da Ipar Euskal Herrian. Orain, horren aitzin eginiko neurketaren zifrak aurkeztu ditu alokairuen tokiko behatokiak Baionan eginiko agerraldian: alokairuen prezioek etengabeko hazkundea ukan zuten.

Alokairuen zifrak aurkeztu ditu behatokiak.
Alokairuen zifrak aurkeztu ditu behatokiak. (François BERLAND)

Alokairuen prezioak mugatzeko araudia 2024ko azaroan sartu zen indarrean Ipar Euskal Herrian. Dispositibo hori aplikatu aitzin eskuraturiko zifrak jakitera eman zituen astelehenean Baionan alokairu pribatuen prezioen bilakaera neurtzen duen tokiko behatokiak.

Baiona, Ipar Euskal Herria eta Landetako hegoaldea aztergai eremu duen ikerketak emaitza argia utzi du: iaz Ipar Euskal Herriko 24 udalerritan plantan eman zen araudia indarrean sartu aitzin alokairuen prezioek etengabeko hazkundea ukan zuten. Hala, inflazioak markaturiko testuinguru batean, aurreko bost urteekin alderatuta prezioek are gehiago egin zuten gora 2023an eta 2024an.

Ipar Euskal Herriko eta Landetako 103 udalerri hartzen dituen azterketaren arabera, batez besteko alokairua metro koadroko 11,3 euroan kokatu zen. Tentsiopeko gunean sartzen diren udalerrietan, aldiz, prezioa 12,8 eurokoa izatera heldu zen. Barnealdean, ordea, metro karratua 8,3 euroan ordaindu zen.

Lurraldeak duen erakargarritasun handia aintzat harturik, mugikortasunaren auziari erantzuteko alokairuzko eskaintza pribatuak sekulako garrantzia duela agerian utzi zuen Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak asteleheneko agerraldian. Alta, alokairu pribatuari dagokionez eskaintza aski moteldu da, bereziki bizitoki hutsei dagokionez.

Orotara 53.658 etxebizitzak osatzen dute, txostenaren arabera, alokairu pribatuaren etxebizitza parkea. Egoitza kopuru horren bidez, soilik familien %28k duten beharrari erantzuten zaio. Gainera, emendatu ordez, bitan zatitu da eskaintza 2010eko hamarkadaren hasieraren eta amaieraren artean. Ildo horretan, joera berria agertu da: etxejabeak, familiako kide bati bizitokia proposatzeko, bizitokia saltzera edo berreskuratzera pusatuak dira. Hauxe da arrazoia: alokairuen prezioak emendatu badira ere, etxebizitzen salneurriak are gehiago hazi dira.

ONURA FISKALAK

Ingurumen edo fiskalitateari loturiko irizpideek ere eragina dute. Tenkaturiko gunetik at, gero eta gehiago mugitzen dira maizterrak barnealderantz, eta bertan hainbat arau ez dira aplikatzen. Alta, jende gehienak hutsik den bizitokia xerkatzen badu ere, hura bere gustura apaintzeko, etxejabeek gero eta gehiago oinarrizko altzariak dituzten egoitzak proposatzen dituzte. Zergatik? AUDAP hirigintza agentziako arduradunen erranetan onura fiskalek eta iraupen laburreko alokairu kontratuek gero eta etxejabe gehiago erakartzen dituztelako.

Denis Caniaux egituraren zuzendariak aitortu zuenez, joera aski berria da. Hala ere, azken sei urteetan 4.000tik 7.000ra goratu dira mota horretako alokairuaren arabera merkaturaturiko higiezinak.

2025eko zifrak hobeak izanen direla espero dute behatokiaren arduradunek. Izan ere, araudiaren luzapenaren zain, alokairuen gaineko neurri horien eragina sentitzeko oraindik hainbat urte iragan beharko direla ohartarazi dute. Are gehiago, gaur-gaurkoz 24 euskal udalerrik baizik osatzen ez duten tenkaturiko gunea kontuan hartzen bada.