2025eko Nafarroa Oinez oparoa hurrengo ediziorako bultzada da
Nafarroako Ikastolen Elkartea kontent agertu da aurtengo Nafarroa Oinez jaiak eman duenarekin. 2026ko edizio «berezi eta erraldoia» Zizur Txikiko San Fermin eta Vianako Erentzun ikastolen arteko elkarlanaren emaitza izango dela ere jakinarazi zuen.

Nafarroa Oinez jaialdia zen Nafarroako Ikastolen Elkarteak atzoko antolatu zuen prentsaurrekoaren ardatza. Iragan urrian izandako edizioaren emaitzen inguruko ondorioak jakinarazi zituzten , baita hurrengo urterako hasi berri diren prestakuntza planak aurkeztu ere.
Iñaki Erroz Paz de Zigandako zuzendari pedagogikoak hartu zuen hitza lehenbizi. Joan den urriaren 19an izandako jaialdiarekin pozik agertu zen eta, prentsaurrekoan laburbildu zuenez, helburuak lortu ziren istilurik eta istripurik izan gabe eta giro apartarekin.
Errozek zenbait kontu nabarmendu zituen; gazteriaren «aisialdi sanoa» eta antolakuntzaren «jasangarritasuna», besteak beste. Aurtengo Nafarroa Oinez bereziki garbia eta txukuna izan dela adierazi zuen eta Atarrabia herriak horregatik zorionak eman dizkiela gehitu zuen zuzendariak.
2025eko Nafarroa Oinezera hurbildu ziren euskaldun eta euskaltzale guztiei esker onak eman nahi izan zizkien, baita urte osoan zehar prestakuntzan parte hartu duten erakunde, talde eta eragile guztiei, erakutsitako ekarpen, konpromiso eta laguntzarengatik.
Atarrabia eta Burlata artean ospatutako jaialdiaren emaitza ekonomikoen informazio zehatza oraindik ez dela ezagutzen esan zuen zuzendariak eta hori kalkulatzeko zenbait hilabete beharko direla. Hala ere, egun hartan izandako jarduera eta ekitaldiak arrakastatsuak izan zirela ziurtatu eta lortutako irabaziak euskara sendotzera bideratuko dituztela gehitu zuen.
NAFARROA OINEZ 2026
Datorren urteko Oinez jaialdia «berezia eta erraldoia» izango dela ziurtatu zuten Garbiñe Zulaika Vianako Erentzun ikastolako zuzendariak eta Eider Sagastibeltza Zizur Txikiko San Fermin ikastolako lehendakariordeak, bi ikastolak batuko baitira elkarlanean jaialdia antolatzeko. Zizur Nagusi eta Galar artean egingo da 2026ko urriaren 18an.
Zulaikak azaldu zuenez, bi ikastolek tamaina eta errealitate oso ezberdinak izan arren, helburu berbera daukate: Nafarroan euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuan aurrera egitea. Erronka kolektibo hori irudikatu dute hurrengo Nafarroa Oinezerako hautatutako leloarekin: “Bidean bat gara”. Elkarlanari indarra eman nahi izan diote.
LOGOTIPOAREN ESANAHIA
«Euskararen etorkizunari itxaropenez begiratu nahi diogu nondik gatozen ahaztu gabe», adierazi zuen Sagastibeltzak. Ideia hori irudikatzeko hurrengo urterako hautatu duten logotipoa baliatu dute, «Oinez» hitzaren «e» letrari Irulegiko Eskuaren forma emanez. San Fermin ikastolako lehendakariordeak azaldu zuenez, «diseinuak bidea ireki zutenen ondarea eta herentzia historikoa gogora ekarri nahi du». Era berean, eskua elkartasunaren eta landiketzaren ikur gisa erabili dute.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
