Marcel PENA
GETXO

Gure Eskuk 1933ko erreferenduma gogoratu du Getxon, 92. urteurrenean

Gure Eskuk ekitaldia egin zuen atzo Getxon, 1933ko Autonomia Estatutuaren erreferendumaren 92. urteurrena eta Agirre lehendakaria gogoratzeko. Oroitza horretaz gain, duela zortzi urte herrian egindako galdeketa ere nabarmendu zuten, biak ariketa demokratiko eta burujabetzaren aldeko konpromiso gisa azpimarratuz.

Gure Eskuk Algortan antolatutako ekitaldia. Aurrean, Agirre; haren atzean, Errementeria eta Franco.
Gure Eskuk Algortan antolatutako ekitaldia. Aurrean, Agirre; haren atzean, Errementeria eta Franco. (Aritz LOIOLA | FOK)

Gure Eskuk ekitaldia egin zuen atzo eguerdian Getxon, autonomia Estatutuari buruzko 1933ko azaroaren 5eko erreferendumaren urteurrenean. Izan ere, efemeride bikoitza gogoratu du herri mugimenduak: alde batetik, duela 92 urteko Araba, Gipuzkoa eta Bizkairako Autonomia Estatutu proposamenari buruzko erreferenduma eta, bestetik, Getxon egindako Euskal Herriari buruzko estatusaren inguruko herri galdeketa, duela zortzi urte.

Bi gertakari horiek oroitu zituzten Algortako San Nikolas plazan, Getxon, Jose Antonio Agirre lehendakaria alkate izandako herrian. Euren hitzaldietan, Oier Errementeriak, Gure Eskuren izenean; Helena Franco Gipuzkoako Ogasun eta Finantza foru diputatu ohiak eta Xabier Agirre Arizmendi Agirre lehendakariaren ilobak haren irudia goraipatu zuten.

«Gaur duela 92 urte erreferenduma egin zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta herritarrek baiezkoa eman zioten foru aldundiek egindako autonomia estatutu proposamenari. Hiru urtez geldirik egon zen prozesu hura, harik eta 1936ko urriaren 1ean, Espainiako Errepublikako gorteek argi berdea eman zioten arte. Estatutu horren sustatzaileen artean Jose Antonio Agirre zegoen, Getxoko alkate izandakoa, EAJko ordezkaria, zeinak gero, lehendakari izendatuta eta gerra bete-betean, Eusko Jaurlaritza gidatu baitzuen, Estatutu horren eskumenak garatzeko. Estatutu horretatik abiatuta eskumen zabalak izan zituen orduko Jaurlaritzak», aipatu zuen Errementeriak. Gure Eskuko ordezkariak nabarmendu zuen 1933ko erreferendum hartan emakumeek lehen aldiz botoa emateko eskubidea gauzatu zutela.

Helena Francok, berriz, Euskal Herriko zazpi lurraldeetarako burujabetza handiagoa aldarrikatu zuen, iraganeko ikasbidea kontuan hartuta: «Gaur, Getxon, Agirre lehendakariaren belaunaldiari begiratzen diogu: jar dezagun herria, jar ditzagun herritarrak, norberaren interesen gainetik eta aukera aprobetxa dezagun. Helburu garbi batekin: burujabetza handiagoa, Euskal Herri kohesionatuagoa eta, finean, herri libre baten eraikuntza».

Azkenik, Agirrek hartu zuen hitza, bere osabak 1949an nazioarteko prentsan idatzitako “Nazionalitateen arazoa Europako Federazioaren aurrean” izenburuko gutuna gogoratzeko. Hau idatzi zuen orduan lehendakariak: «Ez da ulertzen Europa hau bakean, eta bere ordena propioarekin, gizakiak eta herriak bertan preso baldin badaude». Ideia horri heldu zion ilobak ere: «2025ean, Jose Antonio Agirre alkate izan zuen Euskal Herriko udalerri honetan, guk geure konpromisoa berresten dugu. Gure aniztasunetik eta geure eguneroko lanaz herritar librez osaturiko herri librea eraikiko dugu».

«HITZETATIK EKINTZETARA»

Ekitaldian Getxon 2017an egindako herri galdeketaren balioa ere azpimarratu zuten antolatzaileek. Errementeriak nabarmendu zuen, 1933an bezala, duela zortzi urte getxoztarrek «Euskal Herriko estatusari buruzko herri galdeketan parte hartzeko aukera izan» zutela. «Gure Eskuren ekimenez, hura ere ariketa demokratikoa izan zen», esan zuen.

«Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Erabakitzen hasteko garaia da. Erabaki horien gainean geroa eraikitzen hasteko garaia da», aldarrikatu zuen Francok, Getxon egin zen moduan: «Duela zortzi urte, ariketa demokratiko xume bat eskaini genien getxoztarrei. Galdeketa batean, erabakitzea. Hori da bidea, euskal herritarrok etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugulako».