GARA
OIARTZUN

Emakumeek jasandako indarkeria, ziklo baten ardatz Oiartzunen

Emakumeek pairaturiko indarkeria izango da Oiartzunen hilaren 10etik aurrera prestatu duten oroimenari eta memoriari buruzko zikloaren ardatza. Udalak belaunaldi guztietako herritarrentzako ekintzak antolatu ditu.

EH Bildu eta EAJko ordezkariak, aurkezpenean.
EH Bildu eta EAJko ordezkariak, aurkezpenean. (OIARTZUNGO UDALA)

Oiartzungo Udalak “Oroimena eta egia. Bizikidetzaren bidea” zikloa antolatu du memoria ariketa bat egiteko asmoarekin. Udalak atzo egin zuten aurkezpenean azaldu zuenez, legegintzaldia hasi zenetik bi urte bete direnean bizikidetzaren eta memoriaren aldeko ekimenaren ziklo berriari ekin diote, ardatz hartuta «emakumeek pairaturiko indarkeriari begiratzea, ez soilik indarkeria politikoari, baizik eta indarkeriei».

Oiartzunen antolatu dituzten ekitaldi desberdinen bitartez, azalera aterako dituzte emakumeen historiak, bizipenak eta isilarazitako, ezkutatutako eta ukatutako izenak, helburu hartuta «emakumeak gure iraganeko subjektu aktibo bezala aldarrikatzea».

Halaber, azaldu zuten aurtengo egitaraua lantzeko orduan «ahalegin berezia» egin dutela gazteei zuzendutako proposamenak egiteko, uste baitute memoria ariketa bat egiteko ezinbestekoa dela belaunaldi guztien parte hartzea. Horrela, haurrentzako ipuin kontaketa saioa antolatu dute Karmele Mitxelenaren eskutik. Azaroaren 15ean egingo dute, 17.00etatik aurrera, udalbatza aretoan, eta hiru urtetik gorako umeei zuzenduta dago.

Horrez gain, nerabeentzat argazkietan oinarritutako aurkezpen proiekzioa egingo dute hilaren 17an, 18.30etik aurrera; 27an, goizez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleak bertaratuko dira. Ander Gillenea argazkilariak hiru hamarkadatan ateratako argazkiekin ondutako “Gure historiako pasarteak” bilduma da oinarria, eta horri Maider Galardi kazetari eta ikertzailearen begirada feminista txertatuta, emaitza “Euskal gatazkaren begiak eta (h)egiak. Gure historia hurbilaren istantak feminismotik begira” lana izan da. Lan horrekin prestaturiko erakusketa, hilaren 10etik 23ra izango da ikusgai udalbatza aretoan.

ERAGILEEKIN ELKARLANA

Udalak kulturaren eta memoriaren eremuan aritzen diren eragileekin eta ikastetxeekin batera prestatu du egitaraua. Horri esker, hain justu, ondu ahal izan dute bi astez luzatuko den egitaraua. Azaroaren 10ean hasiko da, Memoriaren Nazioarteko Egunarekin, eta hilaren 20ra arte iraungo du.

Aipatutako ekintzez gain, azaroaren 10ean, 18.30ean, udalbatza aretoan, “Frankismoan errepresaliatutako emakumeak” hitzaldia eskainiko du Ione Zuloaga Aranzadiko kideak. Hurrengoa egunean, 19.00etan, Landetxe kultur aretoan “Izarren argia” filma proiektatuko dute. Hilaren 19an, Maider Galardik hitzaldia eskainiko du 18.30ean, eta, hurrengo egunean, “Mujeres fusiladas. La memoria ausente“ filma ikusi ahal izango da.