«Euskal Selekzioa lehen lerroan, besteen pare, jarri nahi dugu»
Euskal Selekzioak hitzordu historikoa egin du Palestinarekin datorren larunbaterako, San Mamesen. Jagoba Arrasatek errepikatuko du hautatzaile lanean, Mikel Labaka (Azpeitia, 1980) alboan duela. Elkartasun keinu honi neurria hartu eta selekzioaren egoera eta ofizialtasunaren aldeko borroka aztertzeko, teknikari azpeitiarra gonbidatu du NAIZ Irratiak.

Ilusioa ezin ezkutatuta sartu da Mikel Labaka NAIZ eta GARAren Donostiako egoitzan. Hilabete batzuetan futbol zelaietatik urrunxeago ibili ostean, aulkira itzuliko da, Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partida historikoan. Jagoba Arrasate lagun duela, Euskal Selekzioaren bigarren entrenatzailea izango da eta «arduraz» onartu du eskaintza: «Niretzat Euskal Selekzioaren parte izatea futbol mailan bizi izan dudan gauzarik politenetakoa da».
Futbolarien kasuan ere hala izaten da?
Denetarik dago. Gizartean modu askotako sentimendu eta pentsaerak dauden bezala, aldageletan ere hala daude. Oro har, ilusio hori sumatu dut.
Guk garbiak izan nahi izan dugu jokalariekin. Etorri nahi ez dutenekin, ezberdintasun bat egingo nuke: etorri nahi ez badu bere agendak koadratzen ez diolako, Euskal Selekzioa dela-eta aurrerapausoak eman nahi baditugu, denon pausoak beharrezkoak direla. Eta, bestalde, norbaitek ez badu sentitzen Euskal Selekzioa bere selekzioa dela, inolako arazorik ez daukagu jokalari horrekin hitz egiteko, bere aukera errespetatzeko. Aldi berean, eskatu nahi genieke beste selekzioei ere berdina egitea.
Zoritxarrez, Euskal Herrian naturalizatzen ari gara gureak ez diren beste selekzioekin lehiatzen diren jokalari horien parte-hartzea. Edozein aukera errespetatzen dut baina, nire ustez, naturalena izan beharko litzateke bakoitzak bere herriko selekzioarekin jokatzeko aukera izatea; aukera hori ez dagoen bitartean, besteak ez ditut nik naturalak ikusten.
Zerk animatu zaitu Euskal Selekzioari baietz esatera?
Arrazoi ezberdinak izan dira. Sorpresaz harrapatu nau. Ikerrek [Goñik, Euskal Futbol Federazioko presidenteak] deitu zidan duela pare bat hilabete esanez partida hau antolatzeko asmotan zeudela eta ea prest nengokeen zerbaitetan laguntzeko. Baita ere kontsultatzeko zer iruditzen zitzaidan. Ilusioz hartu nuen dei hori. Jagoba Arrasate hautatzaile izango zela ere esan zidan. Euskal Selekzioa nire sentitzen dut eta ilusioa egiten dit hor egoteak. Oraindik ofizialtasunaren bidean urrats asko eta inportanteak daude egiteko. Eta, bestetik, Palestinaren aurka dela.
Jagobarentzat garrantzitsua izango da zu alboan egotea.
Nik Jagobaren konpromisoa azpimarratuko nuke. Lehen Mailako entrenatzaile batek daukan lan karga horrekin, eta kasu honetan emaitzak ere ez direla nahi bezala ateratzen ari, oso erraza litzateke Jagobarentzat ezetz esatea. Jagobak konpromiso erraldoi bat erakutsi du.
Zein izan da deialdia osatzeko oztoporik handiena?
Denetarik dago. Noski, lesioak izaten dira normalean oztoporik handiena. Klubekin zuzenean hitz egin dugu eta jarrera ona erakutsi dute. Hala eta guztiz ere, hizketaldi hauetan saiatu gara klubei ere ulertarazten konpromisoaz hitz egiten ari garela eta Euskal Selekzioak aurrera egingo badu klubek ere konpromiso hori hartu behar dutela; beste selekzioekin joatea bultzatzen duten era berean, Euskal Selekzioa indartzeko beraien ale hori ere jarri behar dutela.
Bide orri batez ere hitz egin behar dugu. Baina, era berean, gure selekzioa bigarren maila batean jarri eta beste selekzioetara joatea naturalizatu nahi duen bide orririk ez dugu nahi. Gure selekzioa ere lehen lerroan, besteen pare, jarri nahi dugu.
Nolako harremana izan duzue Palestinako Federazioarekin?
Telefonoz beraiekin hitz egiteko aukera izan dut eta helarazi didatena da ilusio handiarekin daudela; bi ikuspegitatik: alde batetik, oihartzun handia izango duelako, Palestina sufritzen ari denarekin, elkartasun keinu hau beraientzat ilusionantea da. Nahiz eta Gazan elektrizitaterik ez egon, han bertan ere jendeak ahal duen guztia egingo duela partida ikusteko; futbolak, han ere, egoera muturrekoenean ere, dimentsio hori badauka. Eta, bestetik, futbol ikuspegitik, Asiako Kopa prestatzen ari dira; ez da lagunarteko partida soil bat beraientzat.
Euskal Herrian ere partidak ilusioa piztu edo berpiztu du. Zer-nolako giroa izatea espero duzu?
Giro ona espero dut. Gorabeherak tarteko, Euskal Selekzioaren partidetan beti egoten da oso giro ona. Palestinarekiko elkartasuna Euskal Herrian arlo guztietan zabaltzen eta indartzen ari da. Zelaia hain azkar betetzea sintoma ona da. Eta, bestalde, espero dut Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunari beste bultzada bat ere emango diola. Euskal Selekzioa jokatzen ikusteak gazteenei helduleku bat ematen die, ikusteko beraien herria ere ordezka daitekeela selekzio baten bidez.
Federazioak apustu bat ere egin du Euskal Herriko klubetara gutuna bidaliz eta iradokiz larunbat arratsaldeko partidak, ahal bada, ostegun edo ostiralean jokatzeko eta jendea Bilbora joan dadin. San Mames ez ezik, Bilbo ere arratsaldetik betetzeak esanahi handia dauka.
Bi aldarrikapen nagusiak aipatu dituzu: ofizialtasuna eta palestinar herriarekiko elkartasuna. Nola uztar daitezke bi aldarri horiek?
Fokuan jarri behar da Palestina jasaten ari den genozidioa. Hori da gako nagusia, beraiei elkartasuna adieraztea eta genozidioari ‘Stop’ esatea. Hortik aurrera, Euskal Herriko historia dakien edozeinek badaki nazio bezala gure egiturak ez ditugun eta selekzio ofiziala onartzen ez zaigun herri bat garela, eta uste dut pilotan eta beste arloetan urratsak egiten ari diren bide horretatik joan beharko genukeela guk ere.
2012an jokatu zenuen azken aldiz Euskal Selekzioarekin. Nola oroitzen duzu?
Futbolean partida gehienak Realarekin jokatu ditut. Azpeitiarra, gipuzkoarra naiz eta Realean jokatzea niretzat gauza handi bat izan da. Baina egia da Euskal Selekzioarekin jokatzeak beste modu batera betetzen zaituela. Sentitzen duzu zure herria ordezkatzen ari zarela, urteetako ibilbidean jende askok konpromiso handia jarri duela herri hau atera dadin, pausoak eman daitezen... Guri orain arte futbol munduan ibiltzea egokitu zaigu eta nahiko genuke gure tokitik ekarpen hori egitea.
Guztira zortzi partida jokatu zenituen; ofizialtasunaren aldarrikapena oso bizi zegoen garaian, gainera. Zein desberdintasun ikusten duzu oraingo garaiarekin?
Beste garai batzuk ziren. Esango nuke garai hartan herria aktibatuta zegoela selekzioaren ofizialtasunari bultzada emateko; herri nahi hori oso presente zegoen, baina ez zitzaion Federaziotik horri bidea ematen. Garbi dagoena da, honek aurrera egingo badu, garrantzitsuena herriak eskatzea dela, herriak bultzatzea, herria presente egotea eta esatea, era guztietara, gure herriak kiroleko mapa horretan ordezkatua izan behar duela. Iniziatiba duen federazio bat beharrezkoa da indar hori kanalizatzeko, eta politikariek ere horretara egon behar dute, korapilo hori beraiek askatu beharko dutelako. Hiru hanketako bat edo bi beste alde batera begira baldin badaude, oso zaila da.
Askotan, ohitura dugu atzera begiratu eta orduko kontu batzuk hobeak zirela pentsatzeko; esaterako, jokalarien konpromisoa. Ados zaude?
Ni ez naiz jokalariak jopuntuan jartzearen aldekoa. Jokalariei egin behar zaiena da testuinguru hori erraztu. Gizartean guk, norberak, banaka, ikusi behar dugu ere selekzioen inguruan zer egiten dugun eta nola bizitzen ditugun mundialak, eurokopak eta abar. Herrietan ere badago hausnartu beharra Euskal Selekzioa presente ez dagoenean beste selekzio batzuk nola animatzen ditugun eta nola naturalizatzen ari garen beste selekzio batzuk, gureak balira bezala.
Geldirik egon zarenean zenbateraino kasu egin diozu futbolari?
Ez dut gehiegi deskonektatu. Reala utzi nuenean, ez nuen erreta edo aspertuta bukatu. Dinamikak eramaten zaitu eromen batera eta, tira, distantzia bat hartu nahi izan dut. Futbol partida asko ikusi ditut. Reala, Sanse, nesken partidaren bat, Eibar, Cadiz, Arsenal, Amorebieta... Lehen ez nuen denborarik hartzen lagunen partidak ikusteko. Gure alaba ere futbolean dabil eta hori ere ikusten dut, eta hortik ere ikasten da zerbait.
Imanol Alguacilekin Arabiara joateko aukera sortu zitzaizun?
Bai.
Eta zergatik baztertu aukera?
Arrazoi ezberdinak daude. Realeko ibilbide horretan gauza askorekin disfrutatzen nuen, eta gustura nago lortu eta egin ditugun gauza askorengatik, baina nire bizitza ez da hori bakarrik. Bikotekide bat daukat, bi alaba ditut eta beste inguru bat daukat; futboletik aparte beste gauza batzuetan ere badaukat interesa. Sentitzen nuen behar nuela futbolarekiko distantzia bat hartu eta beste gauza askori, batez ere familia eta ingurukoei, denbora gehiago eta kalitatezkoa eskaini.
Elkarrizketa batean aipatu zenuen futbola ez zela ezinbestekoa. Etenaldi laburraren ostean, futbolera itzuli zaren honetan, bihurtu al da ezinbesteko?
Ez, ez dut sentitzen ezinbestekoa denik. Bai sentitzen hasi naiz nahiko natural nagoen mundu bat dela. 45 urte ditut eta beti esaten ari naiz futbolik gabe bizi naitekeela, baina beti futbolean nago. Egia esan, pentsatzen dut futbolik gabe bizi naitekeela eta ondo bizi naitekeela. Azken hilabete hauek hori berresten dute. Bestalde, futbol munduan nahiko natural sentitzen naiz eta, horregatik, ez diot uko egin nahi futbolari. Ez nago itsututa futboleko eskaintzen bila, ez eta dena baztertzen ere.
Desgaste handia al da entrenatzaile izatea?
Desgastea ekartzen du zure ingurukoek sufritzen duten horrek. Zu hor zaude, jokalari edo entrenatzaile izan eta asumitzen dituzu horrek ekar ditzakeen ondorio guztiak: kritikak, on eta txarrak. Baina askotan ez diezu zure ingurukoei galdetzen ea beraiek prest dauden karga hori asumitzeko. Zuk seme-alabak baldin badituzu, agian 12 urteko gazte bat ez dago prest egunero ikastolara joan eta entzuteko bere gurasoak ez duela hamaikakoan sartu jokalari konkretu bat... Horrek ekar diezazuke karga emozional handi bat eta sufrimendua ere bai.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
