Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Palestinako eta mundu osoko harresiak eraisteko eskatu dute Euskal Herrian

Harresien Aurkako Nazioarteko Eguna zen atzo. Hori zela eta, BDZk deituta, Palestina eta mundu osoko hormak -tartean Bidasoa ibaian ezarritakoa- birrintzeko eskatzeko elkarretaratzeak egin zituzten Euskal Herrian. Palestinako harresia legez kanpokoa bada ere, Israelek hori handitzen eta sakontzen jarraitzen duela salatu zuten.

Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian atzo egindako elkarretaratzea.
Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian atzo egindako elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Azaroaren 9a Harresien Aurkako Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, BDZ Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak mugimenduak deituta, elkarretaratzeak izan ziren atzo Euskal Herrian, Estatu sionistak Palestinan ezarri duen horma eta munduan zehar eraiki direnak eraisteko eskatzeko. Iruñean, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian, Gasteizen eta Bilbon egin zituzten mobilizazioak.

Iruñean kartoizko kutxekin harresi bat irudikatu zuten udaletxe ondoan eta munduan zehar dauden harresi ugariren argazkiak paratu zituzten: Zipre zatikatzen duena, Marokok Mendebaldeko Saharan eraiki duena, Santiago zubia, Ameriketako Estatu Batuak eta Mexiko banantzen dituena, Europar Batasuna «babesteko» Hungaria eta Serbia artean jarri dutena... Eta, noski, Israelek kolonizazioan sakontzeko Palestinan ezarritako apartheidaren harresia. Elkarretaratzean Israelekiko boikotaren aldeko oihuak entzun ziren, Palestinaren askatasunaren aldekoekin batera. Santiago zubian trafikoa moztu zuten ordu erdiz. Gasteizen Andre Maria Zuriaren plazan egin zuten elkarretaratzea, Udaltzaingoak hainbat lagun identifikatu zituelarik, BDZk salatu zuenez. Bilbon Arriaga plazan bildu ziren.

DUELA 23 URTE, LEGEZ KANPO

BDZko kideek gogoratu zutenez, duela 23 urte hasi zen Israel zortzi metro garai eta 700 kilometro luze den harresia eraikitzen. «Helburua, Zisjordaniaren %60 baino gehiago konfiskatzea eta palestinar herria bere lurralde historikoaren %13 baino gutxiagoan espetxeratzea izan da», azaldu zuten, 1994tik Gaza isolatzeko harresia dela gehituta.

2004an Nazioarteko Zigor Auzitegiak harresia legez kanpokoa zela erabaki zuela baina Israelek horma altxatzen eta sendotzen jarraitu zuela salatu zuten. «Oraindik ez da horren inguruko neurririk hartu», nabarmendu zuten.

Palestinako harresia bezala, munduan zehar herritarrak banantzeko 72 horma daudela esan zuten: «Harresi horiek milaka heriotza eragiten dituzte, ehunka mila pertsona kanporatuz, baztertuz, zapalduz, diskriminatuz eta esplotatuz. Azken hamarkadetan horma horiek hirukoiztu egin dira, militarizaziorako eta bazterketarako ezinbesteko tresna bihurtuz. Gure gizartearen parte izatera pasa dira, eta funtzio bera betetzen dute harresi ikusgarri zein ikusezinek: pertsona batzuen eskubideak urratzea eta beste batzuen pribilegioak babestea».

BIDASOAN ERE BAI

Euskal Herrian ere, Bidasoan, gisa honetako harresi bat badela azpimarratu zuten BDZko kideek, «pertsona migratzaile askoren heriotza eragin» duena.

«Ezin dugu ahaztu horma horiek pertsonen bizitzekin negozioa egiten duten gobernuen eta enpresen gutiziari esker mantentzen direla», adierazi zuten, CAF enpresa okupazioan sakontzen duen Jerusalemgo tranbia eraikitzen ari dela gogoraraziz. Sidenorrek, AMC Mecanocauchok, Metro Bilbaok eta Osakidetzak ere giza eskubideen urraketan oinarrituriko politikak babesten dituztela salatu zuten.

«Horregatik guztiagatik munduko harresi eta hesi guztiak suntsitzea exijitzeko gure indarrak batu ditugu. Herrien eta pertsonen determinazio askea errespetatzea exijitzen dugu, nork bere etorkizuna erabaki eta bizitza duina bermatu ahal dezan», aldarrikatu zuten.

BOIKOTA INDARTZEKO DEIA

Iruñeko elkarretaratzean kazetariei egindako adierazpenetan, BDZko Txuri Ollok Israelen aurkako boikota indartzera deitu zituen herritarrak.

«Harriz egindako eta harriz eginda ez dauden harresi guztiak birrintzea eskatzen dugu nazioarteko egun honetan, baina Palestinako apartheidaren harresian arreta berezia jartzen dugu», azaldu zuen Ollok.

Nazioarteko legediaren arabera, Palestinan ezarritako harresi hori legez kanpokoa dela gaineratu zuen BDZko eledunak. «23 urte daramatzate legez kanpo harresia altxatzen eta ez dute atzera egin, ez dute bota. Nazioarteko legediak ez du indarrik. Berdin da Nazioarteko Zigor Gorteak edo Nazio Batuen Erakundeak zer esaten duten, ez diete jaramonik egiten», salatu zuen.

Duela 70 urtetik Palestina genozidioa pairatzen ari dela gaineratu zuen, «hau ez da azken bi urteko gauza». Horri aurre egiteko Israelen kontrako boikota areagotzea eta indartzea eskatu zuen Ollok: «Boikotak erpin desberdinak ditu; merkataritza arloa, diplomatikoa, akademikoa, kirol arlokoa. Herritarrok kontsumoaren bitartez egunero eta edonon ekin ahal diogu boikotari».