Euskaldunan bira amaitu duela, 2027an itzuliko da Miribillan Bulego
Bi urtez aritu dira «Aldatu aurretik» diskoa aurkezten Bulego talde azkoitiarreko kideak. Donostian hasi eta Euskal Herriko eta atzerriko txoko ugari bisitatu ostean, urte eta erdirako oholtzatik jaitsiko dira orain. Tarte horretan sorkuntzan zentratuko dira, ezeri aterik itxi gabe, eta Miribillan aurkeztuko dute uzta 2027ko martxoan.

Kursaalean hasi eta Baluarten eta Euskalduna jauregian bukatu duten “Aldatu aurretik” bira atzean utzi berri, Bulego taldeko Tomas Lizarazu NAIZ Irratiko estudioan izan da. «Aurreikuspenak egiten ez gara onak izan inoiz eta uste baino erantzun hobeagoa jaso dugu bira honen hasieratik bukaerara», aipatu du musikari azkoitiarrak. Ia urte eta erdiko atsedena hartuko dute orain, oholtzetatik jaitsita eta «erabat sorkuntzara bideratuta». Dena dela, ea erabat desagertuko diren galdetuta, isiltasun erabatekoa izango ote den aipatuta, «ez dakigu» erantzun du Lizarazuk. «Sormenak ekarriko du ekarri beharrekoa; ez dugu aterik itxi nahi, eta ez dakigu hori abesti bat, EP bat, disko bat edota bost izango diren, baina zuzenekorik ez dugu eskainiko behintzat. Fokutik aldendu nahi dugu denbora batez», esan du musikariak “MusikHaria” saioan. Hala, 2027ko martxoaren 6an izango da itzulerako kontzertua, “Segi dezagun ametsetan” deitu dutena, eta sarrerak ostegun honetan, azaroaren 13an, jarriko dira eskuragarri haien komunitateko kideentzat. Gainerakoentzat, berriz, biharamunean, azaroaren 14an jarriko dituzte, Bulegoren web orrialdean. Goizeko 10.00etan hasiko da salmenta bi egunotan.
«Bira honetan ikusi dena lan handi baten icebergaren punta baino ez da izan» eta lantaldeari aitortza egin dio behin eta berriz elkarrizketan zehar Lizarazuk. Baita familiari ere; izan ere, bira honetan bigarrenez aita izan da Tom Lizarazu. «Proiektu hau familiarra dela diodanean, nire familia ere hor sartzen da. Etxekoen esfortzurik gabe ezingo nuke egiten dudana egin. Bikotekideak, alabek, gurasoek, arrebak… denok egiten dugu posible», kontatu du azkoitiarrak. «Esker oneko hitzak beti dira gutxi, ez dira nahikoak, baina besterik ez dudala esatea familiari eta nire inguruari. Askotan entzuten da musikari eskaini nahi izan diozula dedikazio osoa baina babesik ez duzula jaso; bada, nire kasuan, erabat kontrakoa izan da», azaldu du Lizarazuk.
Birako une goxoez galdetuta, Boiseko Treefort Music jaialdia izan du gogoan Bulego taldeko abeslariak: «Debaldeko kontzertua zen; hortaz, jendeak inolako konpromisorik gabe gerturatzeko aukera zuen. Horrek dena errazten du. Kontzertua hasi zenetik bukaerara, ia inor ez egotetik 2.000-3.000 pertsona izatera pasa ginen. ‘Bueltan da’ abesteko unean, publikoarekin abestera jaitsi nintzen eta, letra ulertu ez arren, denak saltoka jarri genituen. Bada, biharamunean, ordainpeko kontzertua genuen han bertan eta gu hasi aurretik ez zegoen inor eta bukaerarako jende asko gerturatu zen. Zergatik hurbildu ziren galdetuta, askok bezperakoa errepikatu nahi zutelako edota galdu egin zutelako etorri zirela esan ziguten».
2027ko emanaldiari izena jartzean ameslari izan nahi izan duten galdetuta, «zalantzarik gabe», erantzun du: «Uste dut Bulegoren hasierako sentsazio haiekin konektatu dugula. Bulego batzuetan gainetik pasa zaigun olatua izan da, lan pila bat egin arren hau gertatzeko ez genuelako espero gertatuko zenik. Zaldi ero bat domatzen ibili gara eta 2026an hori izango da lanetako bat, Bulegoren zimenduak ondo ezartzea, urte hauetan gertatu denaz jabetzea».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
