Lakuako aurrekontuek murrizketak dakartzatela ohartarazi du ELAk
Lakuaren 2026rako aurrekontuek murrizketak dakartzate hezkuntzan eta osasungintzan, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Plazaratu duen txostenean salatu du Gobernuaren kontuak «propaganda» baino ez direla, ez dituelako iragarritakoa bezainbeste handitu.

Lakuako Gobernuak 2026rako prestatu duen aurrekontu proiektua aztertu du ELA sindikatuak eta kritikak jaurti dizkio. «Ez dira aurrekontu hedakorrak, Noel d’Anjouk Ogasun eta Finantza sailburuak iragarritakoaren kontrara», adierazi zuen Aitor Murgia Azterketa Bulegoko arduradunak. Izan ere, Lakuak %4,1eko igoera iragarri badu ere, aurrekontuek %1,3koa baino ez dute jasotzen, ELAk dioenaren arabera.
Osasungintzari eta hezkuntzari bideratutako partidetan igoerarik ez dagoela gaineratu zuen ELAk. Arlo horietan itunak aurreikusten badira ere, «ez dute balio zerbitzu publikoek jasan duten okertzeari aurre egiteko».
Alderdiekin negoziatzeko fasean ez du konponbiderik ikusten ELAk. «Pradalesek argi utzi du PPrekin duela akordioa lortzeko adostasun handiagoa. Prestasun horrek argi uzten du 2026rako aurrekontuen benetako proiektua zein den», nabarmendu zuen Murgiak.
«EZ DIRA HEDAKORRAK»
Ildo horretan, Xabi Zabala Azterketa Bulegoko kideak ohartarazi du «ezin dela aurrekontu hedakorrak direla esan, aurrekontuak ekonomiaren gainean duen pisua 2026ra begira jaitsi egiten denean». Halaber, 2026ko aurrekontua 2025ean aurreikusitako itxierarekin alderatuz gero, txikiagoa da bai osasungintzako partida, bai hezkuntzakoa. 2026an 2025ean baino milioi bat gutxiago inbertituko da osasungintzan, eta 191 milioi gutxiago, hezkuntzan.
Nobedade gisa, Lakuak 935 milioiko partida sartu du 2026rako Euskal Aliantza Finantzariotik. Hala ere, kopuru hori ez litzateke Lakuaren aurrekontuetan sartu beharko, zor jaulkipen berezi bati dagokiolako, ELAren esanetan: «Euskal Aliantza Finantzarioaren funtsaren erabilera interesatua egiten ari dira, aurrekontu proiektu osoaren zenbakiak puztuz».
«PROPAGANDARAKO ZIFRAK»
Etxebizitzaren arloa ere aztertu du ELAk. Janire Landaluze Azterketa Bulegoko kideak ziurtatu zuen Denis Itxaso sailburuak «propaganda helburuekin zifra-dantza» egin duela: «2026rako aurrekontua 482 milioikoa izango da, eta 2025eko irailera arteko eguneratutako datuek erakusten dute aurrekontua 496 milioikoa izango dela. Beraz, harrigarria da Gobernuak horiek igoera nabarmen gisa saldu nahi izatea». Gainera, ohartarazi zuen 300 euroko laguntzen zenbatekoa izoztuta dagoela, eta «kalkulu horrekin ezinezkoa dela merkatu librean etxebizitza eskuratzea».
Landaluzek, era berean, salatu zuen Lakuak «jarrera antidemokratikoa» izan duela, Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioak gutxieneko soldataren pareraino osatzeko egin duen eskaera baztertzean.
«EAEko zerga bilketa iaz baino %10 handiagoa izango da, eta 20.000 milioi euroko errekorrak gaindituko dira; hala ere, sozietateen zergatik datozen sarrerak %14 jaitsiko dira», salatu du ELAk.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
