«Langileen eskubideak eta hizkuntza eskubideak ez daude inoiz kontrajarrita»
Oldarraldi judizialak euskararen normalizazio prozesuaren mugak agerian utzi dituenez, politikariei euskara «sustatu eta bermatuko duen» marko berri baten alde lan egitea dagokiela uste du Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintza arduradunak.

Udalak dira herritarren lehendabiziko lerro administratiboa, eta euskarak eta euskal hiztunok bizi dugun oldarraldi honetan EH Bilduk gobernaturiko udaletan kezka nagusiak zeintzuk diren azaldu zion NAIZ Irratiari atzo Onintze Oleaga koalizio abertzaleko Udalgintza arduradun eta abokatuak.
«Kezka nagusia gizarteak daukan kezka orokorra da. Inoizko baliabide gehien ditugu euskarak aurrera egiteko, inoizko administrazio gehienetan jar gaitezke martxan, baina benetan euskararen erabileran eta ezagutzan ere atzeraldi bat gertatzen ari da», hasi zen esplikatzen.
«Hori da gure kezka nagusietako bat, euskarak herri hau ezaugarritzen duelako, identitatea ematen diolako eta, are gehiago, herri hau biziberritzen duelako. Urte luzeetan administrazioko erabilera gorantz joan den arren, momentu honetan oldarraldi judizial oso bat daukagu euskararen atzeraldi hori sostengatzen duena, eta guk hori ardura handiz bizi dugu, gure herriaren nortasunaren zati handi bat galtzen ari delako horretan», adierazi zuen.
LEGE ALDAKETA BAT
Beraz, horretan lanean ari da EH Bildu, euskararen erabilerari eta euskarari etorkizun oparoago bat bermatuko dion lege aldaketa bat behar dela konbentzituta. Gasteizko Legebiltzarrean lege tramitazio horretan ari dira eta «prozesu legegile horretatik euskara bera sostengatu eta bermatuko duen marko normatibo bat irten dadila» espero du Oleagak. Gainera, gehiengo zabal batekin egin daitekeela uste dute eta horretarako lan egingo dute.
«Gaur egun, esan dezakegu hizkuntza araubidea orain dela 40 urte egin zela eta orduan zegoen marko normatiboari erantzuten diola. Ezinbestean, gaur egungo gizarteak, administrazio egiturek eta marko normatiboek bestelako egitura bat eskatzen dute, eta bestelako egitura hori estatus politikoaren eztabaidan berme gehiago izatetik eta EAEn Legebiltzarrean euskarak berak beste babes bat izatetik etorri behar da», aldarrikatu zuen Onintze Oleagak.
GEZURREZKO TALKA BAT
Oldarraldian, ustezko legedi talka batez baliatu dira bai epaileak, baita erakunde, sindikatu eta norbanako jakin batzuk ere: lanbide publiko bat edukitzeko eskubideak lehentasuna du hizkuntza eskubideen aurrean. Baina talka hori ez da benetakoa, EH Bilduko Udalgintza arduradunaren arabera.
«Langileen eskubideak eta hizkuntza eskubideak ez daude inoiz kontrajarrita», baieztatu zuen. Harreman gatazkatsua izatetik urrun, «batak bestea elikatzen eta aberasten du eta hori da zabaldu beharreko ikuspuntua: hizkuntza bat ezagutu eta erabiltzeak ez dio inoiz inori kalterik egingo; guztiz kontrakoa, bai norbere lana, bai norbere bizitza ere aberastu egingo du. Hori guztioi gertatzen zaigu hizkuntza bat ikasten dugunean, hizkuntza ikasteaz gain kultura bera ere zabaltzen dizulako eta harremanak berak ere zabaltzen dizkizulako».
Hortaz, langileen eskubideak eta hizkuntza eskubideak kontrajarriak direla defendatzea «oso tranpatia» dela uste du, eta oinarri juridikoei baino gehiago interes politikoei erantzuten diela.
Koalizio abertzaleak argi du euskararen aurkako interes politiko hauei politikatik ere erantzun behar zaiela, eta oinarria herritarrekin gertueneko tratua duten erakundeetan egon behar dela, udaletan. Izan ere, neurriak berandu baino lehen hartu ezean, herri honen nortasuna bera arriskuan egon litekeela ohartarazi zuen Oleagak.
Eudelen ere pausoak eman behar direlakoan dago; besteak beste, Udalhitz bultzatuz eta sindikatuekiko negoziazio maila seriotasunez jorratuz.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
