Memoria oso bat objektuz objektu osatzeko, Olaso Dorrearen bidea
Abertzaletasunaren historiari aztarrika ari dira Monzon-Olaso Etxe Museoko kideak. XX. mendetik abiatu, egungo testuingurua zeharkatu eta etorkizunerako irakaspenak ateratzea dute helburu. Bide horri eta garaiko protagonistei lotutako hainbat objektu, pieza eta dokumentu esanguratsu eskuratu dituzte azken hilabeteetan.

Etxe Museoaren bilduma eta Olaso Dorrea Fundazioaren artxiboa handitzen eta aberasten ari gara, aurreko mendetik honako ibilbideari buruz memoria proiektu oso bat osatzeko egitasmoarekin»; horixe da Olaso Dorrearen asmoa, eta atzo eman zuten Irati Jimenez Olaso-Dorrea Fundazioko lehendakariak eta Urko Aiartza zuzendariak jasotako azken dohaintzen berri.
Telesforo Monzonek gordetako Sabino Aranaren mikrofilmatutako obraren kopia bat, Lauaxetaren gabardina eta gurutzea, Karmele Urrestiri eta Txomin Letamendiri Agirre lehendakariaren Gobernuak emandako dokumentazioa, Otaegi eta Garmendia heriotzara zigortutako militanteen pankarta, bala tiroz zulatutako Txomin Iturberen alkandora eta Txillarre baserrian erdietsitako lehen akordioaren originala batu zaizkie museora. Frankismoan jasandako espoliazioaren azterketa egiten ari dira, eta Olaso Dorrearen historia XX. mendean kokatu du: «Abertzaletasunaren sorrera eta garapena, 36ko gerra, frankismoa, 60ko hamarkadako herri susperraldia, Trantsizioa eta ondorengo egoera, gaur arte». Telesforo Monzonek, Maria Josefa Ganuzak eta Isidro Monzonek egindako ibilbideak hari horri segitzea ahalbidetzen duela uste dute, eta gure herriaren memoria lantzeko eta ulertzeko gogo nabaria sumatzen dute azken boladan.
ARTEFAKTUAK
Gogo horren ondorio dira hainbat familiak fundazioari helarazitako objektuak, eta epe ertainera Etxe Museoan erakusketa-areto berri bat jarriko dutela iragarri zuten, aipatu ibilbide historikoa azalduko duena, «epealdi horretako ikasgaiak etorkizunera proiektatzeko».
Monzonek Sabino Aranaren obrak mikrofilmetan gordetzen zituen, eta bere obra gal ez zedin egindako kopietako bat eskuratu dute, urte askoan galduta egon ostean. Donibane Lohizunen zuen etxetik desagertu zen 80ko hamarkadaren lehen erdian, eta aurten pertsona anonimo batek itzuli dio Olaso Dorreari. Ongi zainduta ikusten dira, nahiz eta paketean urteak igaro direla igarri; berotik eta hezetasunetik babesteko aholkatuz, halaxe dio: «Copia 7. MiCRO-FILM de las Obras de ARANA-GOIRI´tar Sabin. Conviene preservarle del calor y de la humedad».
Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren istorioa ezagunago egiten ari den honetan, Urresti eta Letamendiren «igarobide dokumentuak» eskuratu ditu fundazioak, eta garaiko testuingurura garamatza zuzenean azal berdea duen liburuxkatxoak.
Estepan Urkiaga Lauaxetak fusilatu zutenean eskuan zeraman gurutzea lortu dute, han zegoen elizgizonari esker. Bere azken egunetan jantzi zuen gabardina ere eskuratu dute; Concha Arrazolak jaso zuen fusilamenduaren ondoren, Emakume Abertzale Batzako kide izanik, gordetzeko eskatu baitzioten. Ondoren, Txaber Erraztiren eskuetan egon zen 40 urtez meza-jantzien artean gordeta, Laudion.
Arropekin segituz, Antonio Goikoetxea Egaña gudariaren uniformea ere eskuratu dute senideek, Elgoibar 1936 Elkarteak utzita: «Barakaldo batailoi sozialistako kidea izan zen hasieran eta gero Amuategi batailoi sozialistako tenientea. Morkaiko mendiko borrokaldian parte hartu zuen», azaldu zuen Jimenezek.
Txomin Iturberen alkandora ere ezin hobeto zainduta dago; tiro zuloak izan arren, norbaitek txukun josita jaso zuen. Cerlo familiaren dohaintzari esker dago ikusgai. 1979ko maiatzaren 4an, Biarrizko Marion Lakuaren etorbidean tirokatu zuten. Jimenezek kontatu zuen nola hartu zuen babesa Angeluko Larochefoucauld etorbideko 6. zenbakian, eta Jean Pradier Biarrizko medikua izan zela zauriak sendatzera joan zena. Etxe horretan egon da urteetan alkandora.
Otaegi eta Garmendiaren aurpegiekin egindako telazko pankarta bat ere bildu dute, Ipar Euskal Herriko manifestazioetan erabilitakoa; «pankarta hura urteetan egon zen Maite eta Pierrot Cerloren etxean, eta orain Monzon-Olaso Etxe Museora ekarri dute».
Dokumentu esanguratsu bat ere badago, 2002ko azaroan Txillarre baserrian egindako bileretan Arnaldo Otegik, Jesus Egigurenek, Paco Egeak eta Pernando Barrenak sinatutakoa: “Prolegómeno para un diálogo político” [“Elkarrizketa politiko baterako atarikoa”].
Lanean jarraitzeko deia egin zuten Olaso Dorrea Fundazioko kideek eta ekarpenak egiteko hiru bide aipatu zituzten. Batetik, «balio historikoa, etnografiko edota artistikoa izan dezaketen objektuen dohaintza» egitea. Bestetik, gaitasun profesionalen aldetik ekarpena egitea eta hirugarrenik, dohaintza ekonomikoaren bidez laguntza ematea.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
