Ion GARATE
Entrevue
pEIO ETXEBERRIA
Aspeko pilotaria

«Oraingoan saiatzen ari naiz finalera bitarteko une guztiak disfrutatzen»

Gutxik lortu dute Peio Etxeberriak (Zenotz, 1998) lortu duena: hiru final jarraian Lau eta Erdikoan eta bost urtez finalerdietan. Aurreko biak galduta -«lehenengoan dena handi etorri zitzaidan», aitortu du-, hirugarrenean asmatu nahi du. Faborito etiketak ez duela ezertarako balio dio berak.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

 

Lanaren, iraunkortasunaren eta konfiantzaren emaitza da Peio Etxeberria egiten ari den bidea. Lau eta Erdikoan hirugarren finala jokatuko du jarraian aurten, eta bost urtez segidan finalerdietara iritsi den pilotari bakarra da. Aurreko bi finaletan txapelak ihes egin zion, baina oraingoan bideari erreparatzen dio gehiago, NAIZ Irratiari aitortu legez. Faborito etiketa albo batera utzita, Javi Zabalaren aurkako hitzordu handira ilusioz iritsiko da nafarra.

Hirugarrenez jarraian, Lau eta Erdiko finalean. Esaerak dio «hirugarrenean asmatu». Hala izango al da?

Hori da dioena, baina ni oso kontziente naiz partida oso zaila dudala aurretik eta saiatuko naizela, beti bezala, dena ematen. Hori egiten badut, ahalko naiz hor egon.

Hiru final jarraian kaiolan eta bost urtez jarraian finalerdietan. Hori gutxik esan dezakete. Behin eta berriz erakusten ari zara distantzia laburra zurea dela.

Niretzat albisterik hoberena hor egotea da urte bat gehiago. Ilusio eta gogo handiarekin nago eta ea zer moduz joaten den.

Finalerako txartela lortu zenuen Jokin Altuna 9an utzita. Duela bi urteko final hartatik arantza bat al zenuen? Orduan 9an geratu zinen eta orain bueltan ekarri diozu.

Hau borobila da. Azkenean, egun hartan nik ez nuen nire eguna izan, handi etorri zitzaidan final hori. Lehengo egunean, behintzat, Jokinek agian ez zuen bere egunik onena izan, baina nik nirea eman nuen, eta alde horretatik oso pozik.

Aurtengo txapelketan atzetik aurrera egin duzu. Porrotarekin hasi zinen, baina bilakaera ederra izan duzu.

Bai. Zaila izan zen hasiera niretzat. Gero buelta eman diot. Lau partida nituen finalera iristeko eta orain 22 tanto geratzen dira.

Jakaren aurkako porrota alde batera utzita, gehienez 10 tanto Ezkurdiak egin zizkizun, baina bestela hortik behera. Opari gutxi egiten ari zaren seinale.

Bai. Zentratuta egoten ari naiz, gauzak ateratzen ari zaizkit, baina hau egun batetik bestera alda daiteke eta horretaz kontziente naiz, dena eman beharko dudala.

Zabalak 6an utzi zuen Ezkurdia. Momentu onean iritsiko zarete biak.

Bai. Hala da. Biok irabazita, gainera bi pilotari handiri. Uste dut momentu onean iristen garela, baina gero finala finala da. Azkenean, bere tentsioa dauka, bere xarma; horregatik da finala eta egun horretan maila eman behar da.

Bi pilotari handi geratu dira bidean. Joera aldaketa bat ekartzen al du honek edo gauza puntuala da?

Ez, ez dut uste. Azkenean, bata bestearengandik ez gara oso desberdinak. Aurten hala tokatu da eta seguru beste une batean haiek egongo direla.

Zabalak oso partida fisikoak izan ditu. Nola ikusten duzu errioxarra?
Oso momentu onean dago. Azkeneko hilabeteetan demostratzen ari da momentu onean dagoela, konfiantzaz gainezka. Orain geratzen dena da nigan konfiantza izatea eta nire jokoa ateratzea.
Zabalak bere lehen finala izango du txapelketa ofizial batean. Uste duzu esperientzia faltak txarrerako eragin diezaiokeela, edo galtzekorik gabe sentituko dela?

Ea benetan horrela den! [barrez] Esperientzia hori beti puntu bat izaten da, behintzat badakizulako zer den, baina bakoitza ezberdina da. Nik, behintzat, badakit zer den eta saiatuko naiz dena ematen.

Aurreko bi edizioetan, akaso, esan zitekeen Laso edo Jokin faboritoxeago zirela, baina oraingo honetan, esperientziarekin bakarrik eta zure datuek hala erakusten dutelako, uste dut faborito izatea egokitzen zaizula.

Azkenean, egun horretan eta ordu horretan jokatu behar da. Ez du balio ezertarako. Ikusi ditugu faborito asko galtzen; bi finalerdietan ikusi da bi faboritoek galdu zutela.

Jendeak esaten duena hor egongo da, baina nik badakit errealitatea, badakit nolako aurkaria dudan [azaroaren] 16an. Partida oso zaila daukat aurretik.

Zabalak jakin badakigu zer erritmo jartzen duen, batez ere partida hasieretan, baina esango nuke azkenaldian azken txanpa nahiko beteta amaitzen duela. Partida luzea komeni al zaizu, jakinda fisikoki pilotaririk indartsuenetarikoa zarela?

Ez dakit. Esango nuke Javi fisikoki ere indartsu dagoela. Ni saiatuko naiz nire erritmoa jartzen, berari bere erritmoa kentzen, eta atera beharrekoa atera dadila.

Askotan hitz egiten da partidaren hasierak duen garrantziaz. Oraingo honetan, esango nuke bereziki, Zabalak jartzen duen erritmoagatik, kontzentratuta jokatzea ezinbestekoa izango dela zuretzat.

Beti izaten da garrantzitsua kontzentratuta egotea, eta final batean gehiago. Tanto guztiak oso garrantzitsuak dira. Lehenbiziko tantotik azkeneraino garrantzitsua izango da.

Hirugarren finala. Ez nuke esango lehenengoa gozatu zenuenik; bigarrenean ere zalantzak ditut. Hirugarren honetarako, txapela irabazteaz gain, gozatzeko aukera hori izatea al duzu helburu?

Lehenbizikoan dena handi etorri zitzaidan, gero bigarrenean behintzat kontziente nintzen, baina Unaik irabazi zidan. Honetan saiatzen ari naiz momentu guztiak hemendik finalera disfrutatzen eta baloratzen. Oso garrantzitsua da urte bat gehiago hor egotea eta horri ere garrantzia ematen saiatzen ari naiz egunotan.

Gaitasun handiagoarekin sentitzen al zara kudeatzeko?

Bai. Hor ikusten naizela da garrantzitsuena. Nigan konfiantza izanda, badakit jokoa dudala hor egoteko. Horri eutsiko diot.

Presiorik eragiten dizu hirugarren aukera honek? Nahitaez ateratzeko behar hori nabaritzen duzu?

Ez. Uste dut balio handiagoa duela hiru urte segidan hemen egoteak. Niretzat ikaragarria da, ez nukeen inoiz pentsatuko. Txapela batek bakarrik lor dezake, baina beste urte bat hemen egoteak ere balioa duela uste dut.

Binakako Txapelketan ikusten al duzu zeure burua?

Ez dakit. Ni nire esku dagoena egiten saiatuko naiz eta erabakiak enpresarenak dira.