Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Apple Music

Sekta batean izena ematea bezalakoa izan da, hitz erauntsi ederren ondoren: azalpen, ongietorri, enpatia adierazpenak... To! kreditu txartelarena da eskatzen dizuten lehenengo datua.

Beti izan da sektario xamarra kosk egindako sagarraren logoa duen enpresaren jokabidea. Nola bizi zaitezke mundu honetan “i” hizkiz hasi eta “d”-z bukatzen den gailuren bat gabe? Futbol jokalariek eta broker gizajaleek aldizkari arrosetan erakusten dituzten desio txuletak dira, klase guztietako pijoek soinean daramatzaten apeta anoak. Prezisiozko esklusibotasuna profesional bikainenentzat. Bueno... ez naiz horrekin gehiago luzatuko.

Natorren harira; estropezuz estropezu, aurrera jarraitzen du streaming plataformen arteko odiseak, gero eta frustagarriagoak. Eta, bai, badirudi Applek ez duela harreman oso agerikorik, behintzat, sionismoarekin edo Israel Palestinan gauzatzen ari den genozidioarekin. Dena dela, ez nuke eskurik sutan jarriko, badaezpada. Baina, horren harira, Apple Musicekin proba egin ondoren, ohartu naiz ezin dudala jasan haien klasismo teknokratiko eta, barka errepikapena, sektarioa. Beraz, proba epea amaituta, hau ere ez. Bideari ekin behar berriro, ea haizeak nora bultzatzen duen nire ontzia hurrengoan, baina gero eta irla gutxiago geratzen zaizkit mapan, ea Itakara bueltatu behar dudan.