Asier ROBLES
BILBO

Gutxieneko soldata propioa ez blokeatzeko eskatu diete EAJri eta PSEri

ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta ETXALDE sindikatuek deituta, milaka lagun mobilizatu ziren atzo Bilbon, lanbide arteko gutxieneko soldata propioari patronalak eta Lakuako Gobernuak eragindako «blokeoa» salatzeko. Gaur Legebiltzarrean herri ekimen legegilea tramitera onartu edo ez eztabaidatuko dute, eta sindikatuek haren alde egiteko eskatu diete alderdiei.

Izan ere, sindikatuek 138.495 sinadura bildu dituzte gutxieneko soldataren alde, baina Gobernua horren aurka agertu da eragozpen «juridiko-konstituzionalak» argudiatuz.

Horregatik, atzoko mobilizazioan Lakuako Gobernua, PSE eta EAJ interpelatu zituzten sindikatuek: «Herritarren borondateari men egin diezaioten eta herri ekimen legegilearen eztabaidari eta tramitazioari bide eman diezaioten».

Lakuako Gobernuaren ordezkaritzan hasi, PSEren egoitzatik igaro eta Sabin Etxearen aurrean bukatu zen mobilizazioa. Bertan, Mitxel Lakuntzak (ELA) eta Igor Arroyok (LAB) hartu zuten hitza.

«Larria eta antidemokratikoa da Jaurlaritzako alderdiek hartu duten jarrera. Pentsiodunekin egin zuten bezala, sindikatuek bultzaturiko herri ekimen legegilea atzera bota nahi dute, eztabaida bera ukatuz. Egiteko modu autoritarioa da hori, Legebiltzarreko eztabaida bera ere ukatzen duena», adierazi zuten sindikatuek.