Ilargi AVILA
«EUSKARARI PUZKA»

San Fermin ikastolak auzolan erraldoian parte hartu du

San Fermin ikastolako DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasleek Errigoraren «Euskarari puzka» kanpainaren barnean antolatutako auzolan erraldoian parte hartu zuten: 1.650 saski beltz osatu zituzten Nafarroako Ager eremuko elikagai eta produktuekin. Gaur amaituko da saskiak eskatzeko epea, eremu horretan euskalgintza babesteko aukera.

Errigorak San Fermin ikastolan antolatutako auzolan ekintza erraldoia.
Errigorak San Fermin ikastolan antolatutako auzolan ekintza erraldoia. (ERRIGORA)

Auzolan ekimen erraldoia izan zen atzo Zizur Txikiko San Fermin Ikastolako kiroldegian. 200 ikasle inguru bildu ziren bertan, Nafarroako Ager eremuko ekoiztetxeetako produktuekin Errigoraren saski beltzak betetzeko. Lau ordu eta erdi eman zituzten kutxak osatzen, goiz osoan zehar elkarlanean; izan ere, goizeko 9.00etan hasi ziren eta arratsaldeko 13.30ean bukatu zuten gazteek.

Batxilergoko ikasleek ekin zioten auzolanaren lehen txandari, kiroldegiaren erdian kokatuta zeuden paleten gainean. Kate moduan elkarlanean aritu ziren, paletetatik elikagaiak atera eta saski beltzak zenbait elikagairekin betetzen: zainzuriekin, ardo botilekin, hestekiekin, piperrekin… Goiza azkar igaro zitzaien gazteei, Errigorako kideek lekuan jarri zituzten bozgorailuetatik entzuten zen musikak lagunduta.

Bi ordu igarotakoan, hamaiketakoa prestatu zuten Errigorako pankartaren azpian. Bertan batu ziren Batxilergoko eta DBH 4. mailako ikasleak, eta ekoizleen zenbait produktu dastatzeko eta elkarrekin partekatzeko baliatu zuten atsedenaldia, hurrengo txanda hasi aurretik. Gazteak ez ziren ez gose ez egarri geratu, ekoizleen urdaiazpiko, txorizo eta zukuak bukatu zituzten eta.

Hamaiketakoa amaitutakoan, DBHko ikasleek hartu zuten kutxak betetzeko ardura, baina saskiak osatzen hasi baino lehen Errigorako kideek eskerrak eman zizkieten parte hartu zuten guztiei, auzolan erraldoian erakutsitako elkartasunagatik. Bertan izan ziren Irune Ayesa eta Blanca Garcia, Ager eremutik etorritako kideak, eta euskararekin izandako esperientzia kontatu zieten ikasleei.

Irunek esan zuen euskara ikastolan ikasi zuela; Blancak, aldiz, hizkuntza AEK-ko euskaltegian ikasteko aukera izan zuen. Biek azaldu zituzten gaur egun Ager eremuan euskara ikasteko dauden oztopoak, Zangozan eta Tuteran ez baitago hezkuntza publikoan hizkuntza ikasteko aukerarik. Horrela, Errigorak helburu horretarako hango euskalgintzako eragileei ematen dien laguntza ekonomikoa oso garrantzitsua dela nabarmendu zuten.

KANPAINAREN BUKAERA

Ekintza hau Errigorako “Euskarari puzka”-ren barnean antolatu zuten, kanpainaren azken-aurreko egunean. Helburua saskiak Euskal Herri osoan zehar saltzea da, euskarari bultzada emateko. Horretarako bakoitzaren balioaren %25 Ager eremura itzuliko da, bertako euskalgintzako eragileei bideratuz, euskara suspertzen jarrai dezaten.

Errigorako kide Irati Abiok azaldu zuenez, laguntza eske San Fermin ikastolari atea jo zioten. «Ikastolak beso zabalik hartu gaitu. Hemen ederto gaude, erraztasun guztiak jarri dizkigute, mahaiak lekua eta abar», eskertu zuen.

Nafarroa erdialde eta hegoaldeari laguntzeko ez ezik, auzolan ekintza ikasleentzat onuragarria izan daitekeela sinisten du. «Komunitatearentzako lan egitea balioak lantzeko aukera ona izan daiteke», gaineratu zuen Errigorako kideak.

EMAITZA POSITIBOA

Antolatzaileek ziurtatu zutenez, 1.650 kutxa osatu ahal izan zituzten ikasleen laguntzarekin. «Ekintza hau berezia da, ez da ohikoa. Ez da ohikoa, ezta erraza ere, paleak eta produktuak hona ekartzea kutxak osatzeko», adierazi zuen Abiok. Normalean auzolana Ablitaseko leku itxi batean egiten dute eta gehienbat ekoizleak arduratzen dira horretaz. «Esperientzia polita da eta ikusiko dugu hurrengo urteetan esperientzia hau beste txoko batzuetara ere hurbil dezakegun», gehitu zuen Errigorako kideak.

Azkenik, Errigorak jakinarazi zuen “Euskarari puzka” kanpainak gaur bertan itxiko duela saskiak eskatzeko epea, eta euskaldun eta euskaltzale guztiak euskarari bultzada eta babesa ematera animatu zituen.