GARAZI CASTAÑO
DONOSTIA

Maletatik atera eta mundu bat kopla bildu du Leturiak «Koplarik kopla»-n

Hamarkada luzez bildutako koplak berreskuratu eta «Koplarik kopla» bilduma aurkeztu du Xabier Berasaluze «Leturia» panderojoleak. 152 testuko hautaketa da, kopla zahar zein berri, umorez, memoriaz eta melodiaz beteak. Donostiako Elkarren egoitzan aurkeztu zuten atzo liburua, lagun artean, eta laster diskoa sortzen hasiko direla ere iragarri zuen Villabonako musikariak.

Xabier Berasaluze «Leturia» eta Xabier Amuriza, kopla liburuaren aurkezpenean.
Xabier Berasaluze «Leturia» eta Xabier Amuriza, kopla liburuaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Melodia du maite Xabier Berasaluze ‘‘Leturiak’’. Panderoa jotzen 45 urte baino gehiago darama, baina are urte gehiago koplak biltzen. «Maleta batean gordeak» zirenei hautsa kendu, hautatu, moldatu eta paperera eraman ditu billabonatarrak. Atzo aurkeztu zuen “Koplarik kopla” Donostian. Bertan izan ziren Leturia bera, Xabier Amuriza bertsolaria eta Andres Camio argitaletxearen izenean. Koplak ere, noski, protagonista izan ziren; ‘‘Eskolan gai’’ kantatu zuen Leturiak bertaratutakoen aurrean.

70eko hamarkadan hasi eta ia gaurdaino entzun eta kantatu dituen koplak liburu batean batu ditu Leturiak. Horietatik asko erromerietan kantatu ditu, beste batzuk gordeta gelditu dira aukera on baten zain: txapelketak, telebista programak, jaialdiren bat... Horien gotorleku zen maleta non zuen gogoratu zuen eta orduan hasi zen benetako lana. Liburu asko ere «mugitu» behar izan dituela aitortu zuen. Luze jo du, baina gozatu du bidea musikariak.

152 piezak osatzen dute ‘‘Koplarik kopla’’. Iturri ugaritatik jaso ditu; batzuk 70eko hamarkadako kopla zaharrak dira, beste batzuk bertso zaharretatik koplara bihurtutakoak, beste hainbeste Amurizak aurretik jasotakoak. Ia 30 autoreren lana topatuko du irakurleak liburuan: Joseba Tapia, Joxantonio Ormazabal edota Jon Sarasuarenak, besteak beste. Beste kopla batzuk «ausardia handiz» Leturiak berak sortutakoak dira. Koplei «bigarren bizitza bat» emanez sorta ederra ondu du. Amuriza bidelagun izan du proiektuan, tartean, moldaketa eta zuzenketa lanetan. «Lagun mina dut, askotan jo dut bere atea».

1979an hasi zen plazaz plaza kantatzen Leturia, baina bilketarako afizioa aurretik datorkio. Musikariak azaldu zuen garai hartan kopla zaharrak zirela nagusi, eta nahiko mugatuak zirela: «Eguneroko bizitzaren koplak ziren, maitasunezkoak noski... Horretaz gain, gaiak nahiko eskasak ziren, gustu txarrekoak gaur egunerako, akaso. Garaian neskazahar eta mutilzaharren ingurukoek grazia egiten zuten eta kantatzen genituen. Gaur egun ezinezkoa litzateke haiek kantatzea».

80ko hamarkadan, ordea, Joseba Tapiarekin batera diskoak ontzen hasi zenean, «zentzuzko koplak» lantzen hasi zirela esan zuen Leturiak. Hainbat olerkari eta bertsolarirekin lanean aritu ziren eta, modu horretan, «beste mundu batean sartu» omen ziren. Horren adibide da urte batzuetara Xabier Amurizak bildutako koplekin sortutako ‘‘Bizkaiko kopla zaharrak’’ diskoa.

KOPLA: TXIKITASUNEAN HANDI

Metrika kuttuna du Leturiak, erraz zerrendatzen baititu koplaren dohainak: «Hitz gutxitan mundu bat sortzen du koplak bere inguruan».

Bertsoaren aldean, koplak «leku murritza» du eta, beraz, neurri horretan mezua eta esanahia zaintzea lan zaila dela aitortu zuen billabonatarrak. «Txikia baina aberatsa da». Eta hor da magia. Laburtasunak, ordea, ez dio indarrik kendu koplari. Salaketarako eta memoriaren transmisiorako eroale bikainak baitira. Zer esanik ez, umoretsuak badira. Bilduman horren isla diren asko irakur daitezke. «Barre egingo du jendeak, adierazi zuen.

Ahozkotasunak transmisio lan hori errazten du, jakina, baina are gehiago laguntzen die musikaltasunak. Kantatuak baitira koplak. Momentuz paperean irakur ditzakegu musikariak hautatutakoak, baina disko bihurtzeko lanetan buru-belarri sartuko dela aurreratu du Leturiak. Hori bai, presak alboratzeko ohartarazi du, «denbora dezente» beharko baitu.