Fermin MUNARRIZ
DONOSTIA
Entrevue
FERNANDO ALONSO
«Josu Urrutikoetxea. Belaunaldi arteko katebegia» liburuaren egilea

«Egoerak eskatzen zion lekuan egon da beti Josu Urrutikoetxea»

Fernando Alonso kazetaria da GARAk argitaratutako liburu berriaren egilea: «Josu Urrutikoetxea. Belaunaldien arteko katebegia». Idazle eta preso ohi honen seigarren liburua da eta, oraingo honetan, kazetaritzaren ikuspegitik, Urrutikoetxearen oroipen pertsonal eta politikoak jorratzen ditu. Hurrengo asteburuan egongo da salgai, egunkari honekin batera, kioskoetan.

(Josu EGAÑA)

Zu zara liburuaren egilea, baina orrialdeetan Urrutikoetxearen ahots zuzena ere badago. Alderdi ezezagun asko argituko dizkiguzu?

Liburua Josuren ibilbide militantea da, bere ahots propioz kontatua. Baina bere bizipenetatik haratago, belaunaldi batzuen konpromiso politikoaren kontakizuna da. Hau da: liburua Josuren bizitza bada ere, berau baliabidea da Euskal Herriaren azken sei hamarkadetako borrokaren errepasoa egiteko. Bere bizitzaren bidez milaka militanteren engaiamendua islatzen da. Josuren kontakizunean pasadizo gogor asko dago, bai, batzuk lehenago kontatu ez direnak. Jakina, baten batek ezagutuko ditu, baina esango nuke jazoera asko inoiz ez direla publikoki azaldu.

Urrutikoetxearen alde ezberdinak helarazi dizkiguzu…

Josu 17 urterekin ETAn sartu zen, eta berrogeita hamar urte beranduago erakundearen azken agiria irakurri zuen, Marixol Iparragirre presoarekin. Bizi osoko bateko engaiamendua. Esan daiteke militantzia politikoaren arlo guztietan egon dela. Talde operatiboetan, baita eginkizun politikoan ere. 70eko hamarkadan nazioarteko arlora pasatu zen. Kartzelatik irten zenean, legebiltzarkide izan zen Gasteizen. Gero, klandestinitatean zegoela, Espainiako Estatuarekin negoziatu zuen Suitzan. Geroxeago, Oslon egon zen Sorzabalekin eta Plarekin. Eta, azkenean, ETAren azken agiria irakurri zuen. Azken hori gertatzen ari zen bitartean, Pirinioetan eta Alpeetan bizi zen identitate faltsuekin.

2018. urteko ETAren amaierako agiria aipatu duzu. Zer izan zen une hori Urrutikoetxearentzat?

ETAren militantziak erabaki zuenean erakundeak herrian urtu behar zuela, Josu Alpeetan bizi zen. Bruno Marti izenarekin, Mont Blanc mendiaren pare-parean bizi zen. Garai hartan ez zegoen Espainiako Estatuaren fokuan. Orduan, eskatu zioten azken agiria irakurtzea. Bazekien bere anonimotasunetik irtenez gero, berriro Espainiak bere jomugan jarriko zuela. Herrialde batzuetan kontaktuak izan ziren babesa emateko, baina azkenean, Josuk erabaki zuen urratsa egitea, bere segurtasun pertsonala bermatuta ez izan arren. Grabaketa eginda, Alpeetara itzuli zen. Urte bat beranduago, larriki gaixorik, ospitale baten atean bertan atxilotu zuen Frantziako Poliziak. Agiria irakurtzeari uko egiterik bazuen, baina berriro ere erantzukizuntzat hartu zuen eta eskatutakoa bete zuen, bere burua arrisku larrian jarri arren.

Josu Urrutikoetxearen alderdiren bat nabarmenduko zenuke bereziki, besteen gainetik legokeena?

Euskal Herriarekiko konpromiso tinkoa. Josu beti egon da egoerak eskatzen zion lekuan, eta beti dena ematen. Berak zintzoki onartzen du bere militantziaren kontzeptua gogorregia zela. Gehiegizkoa, agian; militantzia guztiaren gainetik jarriz: familia, seme-alabak eta beste edozer bigarren planoan geratzen ziren.

Martin Griffithsek [NBEko diplomazialaria eta ETAren eta Gobernu espainolaren arteko bitartekaria] epilogoan dio Josu Urrutikoetxea Euskal Herrian bakea ahalbidetu zuten pertsonetako bat dela…

Griffithsek liburuaren epilogoa sinatzen du, eta Gerry Kellyk -Irlandako mugimendu errepublikanoaren erreferentzia bat-, hitzaurrea. Apartekoa izan da haien hitzak izatea liburuan. Biek azpimarratzen dute Josuren ekarpena euskal askapen nazional eta sozialaren aldeko mugimenduaren estrategia aldaketan. Eta haiek badakite zertaz ari diren, ongi ezagutzen dute ingurumaria. Biek Josu pertsonalki ezagutzen dute. Griffithsek, gainera, rol garrantzitsua jokatu zuen Suitzako negoziazioetan, baita gero Oslon ere.

Estatu espainolean oraindik ere jazarpen judizial eta politikoak jarraitzen du. Ikur moduko bat da Urrutikoetxea?

Espainiako Estatuak bihurtu du Josu garaikur. Euren imajinarioan, ETA garaitu zuten. Errealitatea ez da horrela, eta horregatik Josuren burua nahi dute, horren bidez, ustezko garaipen hori irudikatzeko. Orduan lortu ez zuten garaipena orain erdietsi nahi dute Josu espetxeratuz. Argazki horren bila dabiltza euren kontakizuna antzezteko. Hala ere, eta Espainiak eraiki nahi duen irudia gorabehera, Josu ezinbesteko erreferentzia da Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan.