Andoni ARABAOLAZA
MENDIA

Odintsov eta Vedrinez, Urrezko Piolet sarietan

Odintsovek ibilbidearen saria jasoko du.
Odintsovek ibilbidearen saria jasoko du. (Alexander ODINTSOV)

Estatu frantseseko Urrezko Pioleten ekimenak dagoeneko aurreratu ditu nortzuk jasoko dituzten aurtengo edizioko sari eta aitortza guztiak. Azken bi sarituak Alexander Odintsov errusiarra eta Benjamin Vedrines frantsesa izango dira. Abenduaren 9tik 12ra egingo da ekitaldi nagusia Dolomitetako San Martino di Castrozzan. Errusiarrak ibilbidearen saria jasoko du; frantsesak, berriz, aipamen berezia.

Odintsovi dagokionez, erreferentzia bat izan da Errusiako alpinismoan. Oso gaztetatik erakutsi zuen gaitasun handia zuela eskaladan zein alpinismoan. Baina, batez ere, alpinista horren izenak indar handia hartu zuen “The Russian Way-Big Walls of the World” proiektuarekin. Odintsovek eta bere taldekideek mundu mailan sona handia duten hormatzarretan bide handiak zabaldu zituzten: Troll Wallen (Norvegia), Baghirathi III-an (India), Trangoko Dorre Nagusian (Pakistan), Jannun (Nepal)… 1995etik 2011ra arte iraun zuen proiektu horrek, eta hamar helburutatik bakarra geratu zitzaien zintzilik: Masherbrum III mendiaren ipar-ekialdeko murrua. Eskalada horiek guztiak kapsula eran eta alpinoan egin zituen; Jannukoa, berriz, himalaiar eran.

Eskalada alpinoetan curriculum itzela izateaz gain, Odintsovek lan eskerga egin du gazteak trebatzen. Ikasle horien artean daude Dimitri Golovtxenko eta Sergei Nilov; hots, Urrezko Pioleten ekimenean bitan saritu dituzten alpinistak.

VEDRINES

Bien bitartean, Benjamin Vedrinesek aipamen berezia jasoko du Dolomitetako ekitaldian.

Zalantzarik gabe, egiten ari den ibilbidearengatik modan dagoen alpinista da, antolatzaileen ustez. «Aipamena jasoko du ondo atera diren jarduera berritzaile asko egin dituelako. Horiek guztiak, gainera, diziplina anitzetan oinarrituta daude. Alpeetan, adibidez, aitzindariak diren jarduera asko egin ditu. Alpinismo modernoaren etorkizuna bideratzen ari da».

Vedrinesen zerrenda alpinistikoa oso luzea da. Nahitaez aipatu behar da duela hiru urte beste bi kiderekin batera egindako Alpeetako ipar hormen trilogia, ibilbide zuzenetik, eta Broad Peaken (8.051 m) eginiko abiadura errekorra. Zortzimilako hori 7 ordu eta 28 minutuan igo zuen. Jaitsi, berriz, parapentean.

2023an Barre de Ecrinsen eta Meijen lerro gogorrak zabaldu zituen; Grandes Jorassesen, Peutereyko integralean eta Dibonan abiadura errekorrak ezarri zituen; eta Chamonix-Zermatt zeharkaldian ere denbora ikusgarria egin zuen.

Ezin aipatu gabe utzi iaz Leo Billonekin Mont Blanc-en igotako hiru ipar horma handiak edo K2-n (8.611 m) sinatutako marka: hamaika ordu. Eta aurten Nicolas Jeanekin Ekialdeko Jannun lortutako lehen igoera.