GARA
IRUN

Argazki kolektiboa Irunen, Iratxe Sorzabal presoari babesa emateko

Iratxe Sorzabal presoa babes handia jasotzen ari da, Guardia Zibilak egindako torturengatik bere kasua berriro irekitzea erabaki baitu. Orain gertatutakoa gogoratu beharko duenez, Iratxeren Bidasoaldeko Lagunak taldeak ere babesa eskaini nahi izan dio.

Dozenaka pertsona bildu ziren Irunen Sorzabali babesa helarazteko.
Dozenaka pertsona bildu ziren Irunen Sorzabali babesa helarazteko. (Jon URBE | FOKU)

Iratxeren Bidasoaldeko Lagunak taldea Irunen bildu zen atzo Iratxe Sorzabal presoari babesa adierazteko. Izan ere, Sorzabalek Guardia Zibilaren eskuetan egon zenean jasandako torturengatik kasua berriro irekitzeko eskatu du. «Jakitun garenez pertsonalki zer trantze gogorrean sartzea ekarriko dion berriro Iratxeri, berarekin gaudela adierazi nahi diogu», azaldu zuten kontzentrazioaren deialdian.

Hala, atzo eguerdian, dozenaka lagun bildu ziren Irungo Peña kaleko eskaileretan elkartasun argazki kolektibo bat ateratzeko. «Iratxe, guk ere sinisten dizugu: kontatu gurekin» zioen pankarta ere zabaldu zuten.

Gogoratu behar da Giza Eskubideen Behatokiak eskaera bat aurkeztu berri duela presoa torturatu zuten guardia zibilen aurkako kasua berriro irekitzeko. 2001ean «ia ikerketarik egin gabe artxibatu zen kasua» Auzitegi Nazionaleko 13. epaitegian berriro irekitzea eskatu du GEBehatokiak.

Guardia zibilek presoa torturatu zutela aitortu eta absolbituak izan ostean, epaileek eta fiskalek ofizioz jardun ez izana «eskandalutzat» jo zuen GEBehatokiak. Uste du «tortura autoinkulpazioetan oinarritutako zigorrak ezartzeko estatu tresna sistematikoa» izan dela agerian gelditu dela.

«KONTROL PATRIARKALA»

Ostiralean, Euskal Herriko Bilgune Feministak eta beste eragile feminista, sozial eta sindikal batzuek agerraldia egin zuten Iruñean, preso irundarrari elkartasuna adierazteko. Bozeramaileek salatu zuten emakumeek eta ezkerreko militante independentisten kontrako tortura «kontrol politiko eta patriarkalerako estrategia» bat izan dela, eta euskal emakume preso politikoek «indarkeria bikoitza» jasaten dutela: emakume izateagatik eta militantziagatik.

Horrela, inkomunikazio aldietan erabilitako tortura moduak deskribatu dituzte, hala nola «sexu erasoen mehatxuak, biluzik jasandako galdeketak, ukituak, sexu orientazioa zalantzan jartzea, bortxaketak, tortura psikologikoak, isekak eta irainak edo militante politiko gisa jasandako gutxiespenak».

Talde horien arabera, eraso horien helburua da «sexu diskriminazioa indartzea, patriarkatuaren oinarria baita, eta zuzenean eragiten diote emakumeen osotasun fisiko eta psikologikoari».