«Azken afaria», gaztelumenditarrek bi eskutara kozinatua
Beñat eta Unai Gaztelumendik «Azken afaria» komikia aurkeztu dute, «Bertsolari» aldizkariaren eskutik. 2021ean aurkeztu ziguten Martin Artola bertsolaria, «Bidea da borroka» lanean. Bigarren honetan krisi betean dator Artola.

“Azken afaria” komikia argitaratu du “Bertsolari” aldizkariak, Beñat eta Unai Gaztelumendik bi eskutara josia. Beñaten gidoia marrazkitara ekarri du Unaik. 2021. urtean aurkeztu zuten “Bidea da borroka” lanaren segida da. Martin Artola protagonistaren bizitzaren beste fase bat ekarri dute Añorgako sortzaileek.
Komikiak lagun on izandakoen arteko afari bat kontatzen du. Bizitzak leku desberdinetatik eraman ditu, nork bere norabidea hartu du, nork bere traizioak egin dizkio gaztetan irudikatu zuen bizitza ideal horri. Mahaiaren bueltan jarri eta horri buruz arituko dira. «Lehen komiki hartan Martin Artolak bertsolari bezala egin zuen bidea kontatzen zen bere belaunaldiko gatazkekin. Kasu honetan, Martin Artola krisian dago. Krisi horrek bi alde ditu; alde publikoa eta alde intimoa, eta batez ere alde intimoari eusten zaio. Krisi horretan Martinek lagunen laguntza izango du. Bere bizitzan hartu dituen erabakiak errepasatzen arituko da eta bere lagunen erabakietan ikusiko ditu berak hartu dituenak eta hartu ez dituenak. Finean, bizitzan bide bat aukeratzen denean beste bat uzten da alboan eta hor beti dago zalantza eta kontraesana. Komiki honetan heldu diegu familia ereduei, gurasotasunari, euskararen egoerari, militantzia ulertzeko moduei, autoritatea hartu eta banatzeko moduei...», azaldu du Beñat Gaztelumendik. Aitortu duenez, gidoia osatzeko orduan blokeatuta ere sentitu izan da, «gaiak oso gertukoak egiten zitzaizkidalako. Bai ni eta bai nire adineko jende asko ukitzen dituzten gaiak dira».
Unai Gaztelumendik ere gertuko sentitu ditu pertsonaiak eta egoerak. «Oso gertuko pertsonen ezaugarriak marraztu behar izan ditut, gauza atseginak eta ez hain atseginak. Hor borrokan ibili gara. Baina pentsatzen dut Beñat eta ni jaio ginen garai bueltako bi pertsonak une honetan kontatzeko daukatena hauxe dela. Horrekin nago gustura. Beñat eta nik gure garaiari buruz esateko daukaguna hauxe litzateke».
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
