«Herritu», Euskal komunitatea trinkotzeko Gure Eskuren tresna berria
«Euskal komunitatea osatzeko norbanakoek egingo duten ekintza» da Gure Eskuk atzo aurkeztu zuen «Herritu» dinamika berriaren funtsa. Komunitate baten parte izatearen garrantziaz hausnartzen du, erabakitzeko eskubidea indartzearekin batera.

Euskal komunitatea trinkotzeko eta atxikimendua handitzeko asmoz tresna berri bat aurkeztu zuen atzo Gure Eskuk: Herritu. «Herritu ekintza bat da, ekintza hori norbanakoek egingo dute, euskarri fisiko sorta batetik abiatuta, helburu garbi batekin: euskal komunitatea eraikitzen jarraitzea, trinkotzea». Norbanakoaren atxikimendua adieraziko duen txartela, pegatina eta Euskal Herriko armarria duen pina izango dira euskarri fisikoak, eta hamar euroren truke eskuratu ahal izango dira.
Irantzu Parello Gure Eskuko bozeramaileak eman zituen azalpenak, eta beraien babesa adierazteko hurbildu ziren Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakaria, Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea, Maddi Juanikorena Euskalgintzaren Kontseiluko kidea, Amaiur Egurrola Ernaiko eleduna, eta Xabier Euzkitze telebistako aurkezlea.
«Olatu erreakzionario» baten aurrean kokatzen dela mundua eta Euskal Herria esan zuen Parellok, eta horren aurrean herri libre bat izatearen helburua indartu behar dela. «Herri libre hori komunitate batean sendotzeko ustea dugu» adierazi zuen, eta komunitatea sendotzeko herritar librez osatu behar dela herria, eta erabakitzeko eskubidea oinarrian jarri: «Askatasunetik, baketik, demokratikoki eta justizian oinarritu behar du komunitate horrek».
Horregatik, aurkeztu dute tresna berria, «harrotasunez» euskal komunitatearen parte direla adierazteko tresna. Txartela da baliabide multzo horren funtsa, eta, txartel horren bidez, haren jabeak adieraziko du euskal komunitateko kide dela, eta komunitate horren zutabeekin bat egiten duela. Zeintzuk dira zutabeak? Baliabide sortarekin batera gehitutako adierazpenean jasotzen dira: Euskal Herria zazpi lurraldez osaturiko nazioa dela; euskara dela Euskal Herriko berezko hizkuntza; herritar guztien eskubide guztiak bermatu beharra dagoela; euskal herritarrek beraiei dagozkien gai guztiez libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dutela; eta XXI. mendean Euskal Herriak funtsezko erronkak dituela eta haiei heltzeko ezinbestekoa duela burujabetza tresnak izatea.
DURANGOTIK ABIATUTA
Parellok zehaztu zuen norbanakoak jarri behar dituela bere izen-abizenak txartelean, eta Gure Eskuk atxikimendua egin duten kideen zenbaketa soilik egingo duela, ez dituela datuak bilduko. Durangoko Azokan egingo dute «txupinazoa», eta han izango dute euskal herritarrek «herritzeko» lehen aukera. Ondoren, Gure Eskuk herriz herri «herritokiak» antolatuko ditu, eta boluntario talde zabal bat ere ibiliko da kideak saretzeko lanean. Bestalde, Euskal Herriko agendako hitzordu nagusietan eta webgunearen bidez ere kide egiteko aukera egongo da aurki.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
