GARA
BILBO

Eroskik zorra birfinantzatzeko urtero 75 denda irekitzea aurreikusten du

Eroskik atzo jakinarazi zuen «arrakastaz» hitzartu dituela «birfinantzatze operazio eraldatzaile baterako baldintzak, zorraren egitura berrantolatzeko». Horrela, finantza eredu eraginkorrago eta iraunkorrago bat finkatu duela azaldu zuen.

Plan horren barruan kokatzen dute hurrengo hiru urteetan, urtean 10-15 denda propio eta 60 bat frankizia zabaltzeko asmoa. Izan ere, negozioaren %77 supermerkatuetatik datorrela azaldu du kooperatibak.

Operazioaren xehetasunak: «Konbinatu egin ditu 500 milioi euroko nominala duen bonu senior bermatu bat, 2031n iraungitzen dena eta %5,750eko interes tasa duena; horrekin batera, mailegu sindikatu berri bat sinatu du, 370 milioi eurokoa, 2031n iraungiko dena, eta 80 milioi euroko kreditu lerro berri bat». Uste dute operazioak nabarmen indartuko duela taldearen finantza egitura, zorpetze tresnak sinplifikatuko dituelako, batetik, eta finantza kostua hobetu eta iraungipen epe luze batzuk ezarriko dituelako bestetik.

Kutxabank-ek, Laboral Kutxak eta ICO erakundeak proiektuarekiko konfiantzari eusten diotela esan du Eroskik, eta beste erakunde batzuk ere tartean daudela: Finantzen Euskal Institutua, BBVA, Santander, CaixaBank, Banca March, Cajamar, Caja Rural, Rabobank, Intesa Sanpaolo eta Deutsche Bank.