GARA
IRUÑEA

Torturaren beste zazpi biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatzen duten «Egiaren garaia da» dinamikak atzo jakinarazi zuenez, torturatutako beste zazpi pertsona ofizialki aitortuak izan dira. 94 pertsona dira dagoeneko indarkeria politikoaren biktima gisa aitortu dituztenak.

«Egiaren garaia da» dinamika pozik agertu da ebazpenarekin.
«Egiaren garaia da» dinamika pozik agertu da ebazpenarekin. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak zazpi aitortza berri eman ditu azken astean. Ebazpen hauekin 94 pertsona dira jada orain arte 16/2019 Foru Legearen esparruan indarkeria politikoaren biktima gisa aitortutako pertsonak.

Batzordeak aitortutako tortura kasuak honako hauek dira: Polentzi Goikoetxea Barandiaran, Guardia Zibilak eta Brigada Politiko Sozialak bi aldiz torturatua 1980. urtean; Jose Maria Aleman Zabaleta, Guardia Zibilak torturatua 1982an; Jon Patxi Arratibel Garziandia, Guardia Zibilak torturatua 1997an eta 2011n («Aztnugal» hitza tortura salaketarekin betirako lotuko zuena); Leire Markina Rey, Poliziak jipoitua 1999an eta Guardia Zibilak torturatua 2001ean; Luis Goñi Lara, Guardia Zibilak torturatua 2008. urtean; Araitz Amatria Jimenez, Espainiako Poliziak torturatua 2008an; eta Ainara Bakedano Cuaresma, Guardia Zibilak torturatua 2009an.

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatzen duten “Egiaren garaia da” dinamikako ordezkariek pozik hartu dituzte ebazpen horiek, «Estatu indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina azaleratzeko baliagarriak diren heinean».

«Elkarbizitza benetan demokratiko bat eraikitzeko zeregin kolektiboan gizarte bezala aurrera egiteko eta memoria inklusibo batekin konprometituko diren politika publikoak garatu nahi baditugu, ezinbestekoa dela uste dugu Nafarroa Garaian motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan gertatutako guztia salbuespenik gabe ezagutaraztea», adierazi zuten atzo helarazitako ohar batean.

«Zentzu horretan, uste dugu nafar Gobernuak azken bost urteetan hasitako bidea baliagarria izaten ari dela. Beraz, hemendik, eskaera egiten diogu ildo horretan sakontzen segitzeko, bide horretan aurrera jarraitzea ezinbestekoa baita Nafarroan eta Euskal Herri osoan Estatu indarkeriari lotutako inpunitatea amaitzeko», gaineratu zuten.

GIZA ESKUBIDEEN URRAKETA LARRIA

Halaber, azpimarratu zuten Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak ofizialki aitorturiko zazpi pertsonak torturak jasateagatik aitortu dituela «giza eskubideen urraketen biktima» gisa, eta Franco diktadorearen heriotzatik 50 urte betetzen direnean, «argi geratzen ari da torturaren aplikazioak diktaduraren edo trantsizioaren testuingurua gainditzen duen giza eskubideen urraketa larria dela». Hala, tortura mekanismo sistematikoa izan dela gaineratu zuten: «Ebatzitako kasu berri hauek adierazten dute konstituzio aroan ere inpunitate osoz torturatu zela, eta estatuak mekanismo sistematiko oso bat martxan izan zuela euskal herritarren aurka, XXI. mendeko bigarren hamarkadara arte».

«Horregatik guztiagatik, azpimarratu nahi dugu beharrezkoa dela hausnartzea zergatik bihurtu zen tortura poliziaren praktika sistematiko bat, diktaduratik hasita eta mende honetako bigarren hamarkadara arte. Eta garrantzitsua da, halaber, aztertzea zein arrazoi izan ziren, hainbat pertsonaren giza eskubideen urraketa larrien aurrean erabateko inpunitatea egotea ahalbidetu zutenak», nabarmendu zuten.

«Benetan nahi badugu halako gertaerak berriro ez gertatzea, eten egin behar ditugu horiek ahalbidetu dituzten mekanismoak. Ez errepikatzearen bermea funtsezko zutabea da elkarbizitza demokratiko sendo bat eraikitzeko», ohartarazi zuten.

Azkenik, Nafarroan Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiei dei egin zieten aitortza eskaera aurkez dezaten: «Epeak zabalik jarraitzen du 2027ko uztailera arte, eta, berriro ere, izapideak egiteko hala eskatzen duten pertsona guztiei laguntzeko prest gaudela berretsi nahi dugu».