GARA
BILBO

Euskaltzaletasunez bete nahi du Kontseiluak Bilbao Arena

Euskalgintzaren Kontseiluak ezagutzera eman du abenduaren 27an Bilbao Arenan antolatuko duten ekitaldian parte hartuko dutenen zerrenda. Besteak beste, Gorka Urbizu, Anari, Gontzal Mendibil, Flako Fonki, Ramon Agirre eta Itziar Ituño izango dira.

Ekitaldia aurkeztu zuteneko argazkia.
Ekitaldia aurkeztu zuteneko argazkia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Datorren abenduaren 27an musikariz, kulturgilez eta aldarrikapenez beteko da Bilbao Arena, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako ekitaldian. Atzo iragarri zutenez, «hamarkadatan euskararen taupadaren parte izan diren kantuak ekarriko dituzte Euskal Herri osoko eta belaunaldi ezberdinetako bederatzi musikarik, ‘Euskararen soinu-banda’ eratuz».

Horrela, Bizkaiko hiriburuan Gorka Urbizu, Anari, Gontzal Mendibil, Amets Aranguren, Joseba Tapia, Maia Iribarne, Benizze, Miren Narbaiza eta Flako Fonki artistak egongo direla iragarri zuten atzo. Musikari horiek ez ezik, Ramon Agirre, Itziar Ituño, Miren Gaztañaga eta Edurne Azkarate aktoreek eta Sustrai Colina eta Ane Labaka bertsolariek ere parte hartuko dute, alde artistikoan Oier Guillan antzerkigilea gidari izango duen emanaldian.

Euskalgintzaren Kontseiluak azpimarratu zuenez, ekitaldiaren helburua izango da «euskaltzaleak batzea», baita «elkarrekin euskarak behar duen pizkunde berrirako txinparta piztea» ere.

Ekitaldirako sarrerak 10 euroko ekarpen ekonomikoaren truke eskuratu daitezke www.pizkundea.eus webgunean. Jasotako diru guztia artisten lana ordaintzera eta ekitaldiaren gastuen zati bat estaltzera bideratuko da. Hala, sarrera hartzen duten guztiei bertaratzeko eskatzen diete, eta joaterik ez dutenei, beste pertsona bati emateko.

Duela bi aste Arantzazuko santutegian dozenaka euskaltzale ezagunek aldarrikatu zuten bezala, abenduaren 27ko ekitaldia euskararen aldeko pizkunde berri baten abiapuntua izatea nahi du, beraz, Kontseiluak. Egun horretan Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko hiru arrazoi garrantzitsu eman ditu.

Euskaltzale guztien indar eta batasunaren erakustaldi bat egitea da lehendabiziko arrazoia; euskal jendarte osoari mezu argi bat helaraztea da bigarren arrazoia, eta hizkuntza politiketan «ezinbestekoa eta premiazkoa» den jauzi «sendo» bat bultzatzea da hirugarrena.

Ekitaldira etortzera ez ezik, Kontseiluak dei egin die euskararen alde dauden gizarte eragile, mugimendu eta norbanako guztiei, ekimena zabaltzen lagundu dezaten.