Ane URKIRI ANSOLA
Entrevue
ENARA GAMINDE
Pilotaria

«Gure herria defendatu ahal izatea ez da edonolako gauza; ilusioz beteta nago»

Enara Gamindek (Laukiz, 2007) Euskal Selekzioa ordezkatuko du gaur hasiko den Nazioen Ligan eta, aurten 10 txapela pilatu duen pilotariari, «ilusio» berezia egiten dio. Arrizabalagak, Aldaik, Etxegaraik eta Agirrek osatuko dute esku huskako deialdia.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

Esku huska, pala motzean, paleta larruz, zesta-puntan, pilota egokituan... Hainbat modalitatetan jokatuko da Nazioen Liga. Bilbon eta Barakaldon izango da, gaur hasita eta Euskal Selekzioa ordezkatuta egongo da -Kirolaren Arbitraje Auzitegiak hil honen bukaeran ebatziko du Espainiako Federazioaren helegitea-. Txapelketa hastear dela izaera ofizialaren auzia ziurgabea da baina, hala eta guztiz ere, «ilusioz beteta» dago Enara Gaminde.

Sekulako urtea egin du bizkaitarrak eta garaipen gosez jarraitzen du. 18 urte besterik ez ditu, baina erabat egonkortuta dago goi mailan -14 urterekin hasi zen nagusiekin jokatzen-. GARAk berarekin hitzordua egin du Laukizko pilotalekuan, txapelketa berezi honi begira jarri eta urtearen balorazioa egiteko.

Aipatzen zenuen udaz gain urte osoa izan dela ona.

Urte oso ona izan da. Bizitzako urterik onena dela esango nuke, emaitzak kontuan hartuta. Txapel nahiko lortu ditut (10, guztira) eta txapel garrantzitsuak ere bai. Master Cup zirkuituan garrantzitsutzat jotzen ditudanak lortu ditut aurten: Binakakoa, Plazandreak eta Hiru Hiriburuak. Orain Lau eta Erdia geratzen da soilik.

Gaztea zara baina badaramatzazu urteak goi mailan jokatzen, 14 urte zenituenetik, atzelari gisa nabarmentzen, bai eta banaka ere. Hasieratik goian egotea ez da oso ohikoa izaten.

Uste dut zortea izan dudala. Zaharragoak direnek geldialdi bat izan zuten, palara pasa behar izan zuten. Nik ez dut hori sufritu behar izan. Lehen mutilekin ibiltzen nintzen eta segituan pasa nintzen neskekin lehiatzera, eta horrek lagundu dit maila ona ematen. 14 urte neuzkanetik ibili naiz hor goian eta txapelak lortzen. Zortedun pertsona naizela uste dut.

Espero zenuen bilakaera izan duzu?

Esango nuke urtetik urtera hoberantz joan naizela. Covid garaian, urte pare batean, geldialdi gehiago izan genuen eta nire maila ez zen asko hobetu. Baina, gainontzean, urtetik urtera, gutxika-gutxika, denok egin dugu gorantz.

Gaur hasiko da Nazioen Liga eta Euskal Selekzioarekin arituko zara. Zein sentipen dituzu?

Ilusio handia sortzen dit txapelketa honek. Oraindik ez dakigu ofiziala izango den edo ez. Hala ere, aurre-hautaketatik oso ilusionatuta egon naiz, entrenamenduetara motibatuta joanez. Azkenean hautatua izan naizenean poz handia hartu dut, ze gure herria defendatu ahal izatea ez da edonolako gauza; orain arte ez dugu aukerarik izan.

Nola izan da Euskal Selekzioaren hautaketa prozesua?

Hasieran sei pilotari egon ginen aurre-hautaketan, ze printzipioz Lau eta Erdiko txapelketa soilik jokatu behar zen. Gero, lau geratu ginen eta azkenean bost goaz -Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai, Madalen Etxegarai eta Naroa Agirre-, azkenean bikoteka eta banaka jokatuko delako, eta, horretarako, jendea behar da.

Zein helburu duzue? Gaur hasiko zarete txapelketan, binaka, Espainiaren aurka.

Hautatuta gauden bost pilotarion aurreikuspena irabaztea da. Aukerak dauzkagula sinetsita gaude. Aurkaririk gogorrena, printzipioz, Espainiako selekzioa izango da [Binaka, Mexiko eta Boliviaren aurka ere lehiatuko dira eta Banaka, Frantzia eta Mexikoren kontra] eta ezagutzen ditugun pilotariak dira. Master Cupen aurkari eta lagun moduan ditugu. Irabazteko aukerak baditugu eta gu horretara joango gara.

Ekainean, Gernikan, zesta-punta jokatu zen eta oraingoan polita izango da modalitate ezberdinak elkarrekin ikusteko aukera izatea. Zuentzat, pilotarientzat, ere polita izango da hainbeste egunez modalitate ezberdinetako pilotariekin biltzea.

Bai, guztiz ados. Beste modalitateak ezagutzeko aukera izango dugu. Ezagutzen ditugu, noski, baina ez hainbeste. Multzo handia izango gara eta giro ona sortuko da gure artean. Horrek ere politago egiten du esperientzia.

Egon al zinen Gernikako Nazioen Ligan?

Bai, egun batean bai. Oso giro polita egon zen, oso alaia, publikoa oso motibatuta. Hori gogoratzean ilusio handiagoa sortzen zaizu. Bilbon ere giro berbera egotea espero dut eta hori bizitzea ez da eguneroko kontua.

Osterantzean, zein erronka dituzu?

Ba, berriro aurten irabazi ditudan guztiak errepikatzea. Lau eta Erdikoaren ostean Binakakoa dator berriz; zirkuitua beti berdina da eta urtero ahalik eta txapel gehien lortzea da nire asmoa.

Egonkortuta al dago egutegian emakumezkoen pilota?

Txapelketa asko daude. Master Cup zirkuituarekin urte osoan jokatzen aritzen gara eta beste txapelketa asko ere badaude. Akaso, orain gehiegi jokatzen dugula ere esango nuke. Azkenean, oso pilotari gutxi gara eta denok jokatzen dugu dena, batzuetan gehiegi. Baina, tira, aurrerapausoak emateko beharrezkoa da. Ea atzetik jende gehiago etortzen den eta txapelketak gehiago banatzen ditugun.

Badago harrobia?

Egia esan, ez dakit. Bizkaian asko-askorik ez dut ikusten; Gipuzkoan eta Nafarroan, akaso, gehiago. Mugimendu askorik ez dut ikusten, baina izan daiteke gero ezustekoren bat agertzea.