Iraitz MATEO GOGORZA
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Txaber Altube estreinakoz finalean, markinan irabazita

Markina-Xemeingo Uni frontoian zuten hitzordua atzo bertsozaleek, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa bertatik bertara ikusteko. Txaber Altube abadiñarra gailendu zen 638,5 punturekin, eta Jone Uriak egin zuen bigarren, 630 punturekin. Argituta geratu zen abenduaren 20ko finalean zein zortzikote arituko den kantuan.

Markina-Xemeingo finalaurrekoan seiehun bertsozaletik gora elkartu ziren.
Markina-Xemeingo finalaurrekoan seiehun bertsozaletik gora elkartu ziren. (Endika PORTILLO | FOKU)

Itxaroten ere jakin behar ei du bertsolariak; finalerako zein sailkatuko zen jakiteko atzo arte egon ziren zain, eta Markinan argitu zen zortzikotea zein izango den. Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan jokatutako azken finalaurreko saioa irabazita igaro zen finalera Txaber Altube 638,5 punturekin. Jone Uria (630,5), Oihana Bartra (620), Gorka Pagonabarraga (614), Xabat Galletebeitia (614) eta Imanol Uria (594) geratu ziren atzean, hurrenez hurren, epaileen sailkapenaren arabera. Halere, zain egotea egokituko zaie, hilabete barru izango baita finala.

Abenduaren 20an Casillan izango dira kantuan, beraz, Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Txaber Altube, Gorka Pagonabarraga. Hala ere, ohartarazpen bat egin zuen irri txikia ahoan Jone Uriak, gero eta handiago duen haurdun sabelari begira; «sailkatu sailkatu gara/ ea orain heltzen garen».

Zihara Enbeita arduratu zen atzo gai jartzaile lanak egiteaz, eta halaxe jarri zien gaia uriatarrei: «Jone eta Imanol, euskal musikariak zarete. Zuen abestiak streaming-plataforma batean baino gehiagotan dituzue entzungai. Jone, zure abestiak Israelgo Gobernuarekin lotura duten plataformetatik kentzea erabaki duzu. Imanol ez da ausartu pauso hori ematera». Spotyfi oholtzara ekarri eta zuzen mintzatu zen Jone: «Biok mantendu nahi dugu ahal dela/ gure estatus duina/ baina nik ozen segi behar dut/ zuei ematen mina/ hemen bakoitzak ahal duen gisan/ egiten du marketina». Anaiak, berak nahi zuena erabakitzeko esan zion, baina ondokoaren erabakirik ez egurtzeko.

Zortziko txikiko bertsoaldiak arin joan ziren, saioa lehertzea lortu ez bazuten ere. Seiko motzeko ariketan Bartrak eta Pagonabarragak ofizio mamitsu eta osoa osatu zuten. Beraien herrian frankismo garaiko gurutze bat zegoen, erakundeek orain artean ezer egin ez dutelako; Pagonabarragak Bartrari beraiek botatzea proposatu zion. «...erakundeek hor laga /dute bertan badaezpada/ ba ordun herriak egin beharko du/ lehenengo bultzada», kantatu zion Bartrak, eta goitik behera ekarritako bertsoarekin erantzun zion: «Egoeraren larriak/ uzkurtuta eztarriak/ Vito Quilesek ta Desokupak/ a ze aldarriak/ jendeak edo herriak/ hartu ditzagun neurriak/ ez daitezela gehiegi harrotu/ faxista berriak». Hala eginez gero «biolentoak» deituko zietela bota zion Bartrak eta kideak irmo itxi zuen ofizioa: «…Faxistekin buruz buru/ borrokatu nahi badugu/ eskura diren forma guztiak/ beharko ditugu».

Altuberen ale txalotuenak seiko motzekoak izan ziren; Imanol Uriarekin aritu zen kantuan; gaiak Markinako bi dendariren paperean kokatu zituen. Altubek Uriari esan zion black friday dela-eta saltoki handiei aurre egiteko berak ere beherapenak egingo zituela. «Ta haien kontra soilik daukagu/ desobedientzia», bota zuen Uriak. Eta Altubek pisuzko arrazoiekin erantzun zion: «Desobedientzi planetan/ ote zabiltza benetan/ iritsi dira black friday eta/ lana igandeetan/ gaude on eta txarretan/ adaptatu beharretan/ mundu berrian ezin da bizi/ balore zaharretan».

Ofizioetako lanak amaitzeko kopletan aritu ziren bertsolariak, txosnako txanda egiten, scape roomean edota hogei metro karratuko etxe bat bisitatzen; ironiaz josita joan ziren koplak.

MUSUETATIK IHESI

Enbeitak ganbarako gaia eman eta, ohi bezala, isiltasuna gailendu zen pilotalekuan: «Musu bi emateko hurreratu zaizu, atzera egin duzu». Jone Uriak barrutik kantatu zuen; entzulea, izoztu, eta ostean txaloz lehertu zen. Lehen bertsoan, eraso izan dion norbait hurbildu zaiola kontatu zuen, bigarrenean unea bera kontatu zuen: «...Antza ez zaizkio inporta/ kontakizun eta epai/ behintzat hor ikusten dugu/ triliri eta tralarai/ gaur ere festa giroan/ nola herrian dugun jai/ hortxe hurreratu zaigu/ festa giro, alkohol usai/ ta bi muxu ematera/ ere hurreratzeko gai/ baina nola ez du ulertu/ ez dudala ikusi nahi». Eta hirugarrengoan errematatu zuen: «… Eta nahiz ta ez sentitu/ hala super errebelde/ zaplazteko bat ematen/ ausartu naiz alafede/ hala berak ulertu du/ baita inguruak ere».

Ikasle ohien afarira joan zen Imanol Uria. Umetan, betaurreko borobil eta Pokemonen bisera jantzita eskolara joatean «txakur kakaren antzera» tratatu zuten, min horrekin joan zen hitzordura: «...Maitek muxu emateko/ zelako insistentzia/ nik atzera egiteko/ eduki dut inertzia/ oraindik luzea baita/ orduko penitentzia/ beste norbaitekin garbi/ dezala kontzientzia».

Literatura sari bat irabazi ostean, saria emango zion Durangoko alkateari musurik ez ematea erabaki zuen Pagonabarragak, eta aldarrikapenerako ere erabili zuen bertsoa, euskara biziberritzeko gaztetxeak behar direla esanez. Altubek bertsoak goitik behera josi zituen, semaforo batean zegoela mukizapiak saltzen ari zen pertsona bat musu ematera hurbildu eta atzera egin zuen, autokritikarako baliatu zuen unea: «...Ohetik jaiki naizen egunero/ aldatu nahian mundua/ ta antza denez nahiko lan daukat/ aldatzen nire burua».

Galletebeitiak zahar etxean kokatu zuen bere burua; ez zuen argi zehaztu noren musurik ez zuen jaso nahi, baina ingurukoren batengana zuzendu zuen kantua: «Egin dituzu zenbait kabala/ laguntzea da zure abala/ ez dizut kendu nire magala/ etxe barruan zahartu ahala/ gurpil aulkian jarri ninduzun/ gogor estutu uhala/ ta utzi zenuen erabiltzea/ lehen pertsona plurala/ ezagun zure gorputz txikiko/ azken puntu kardinala/ zeuk zaindu behar ninduzunean/ ez zara hain eskuzabala».

Familiako bazkarian musurik banatu nahi ez zuen sei urteko ume baten gorputzean sartu zen Bartra; usain txarra eta bizarrak traba egiten dien osaben ezpainei uko egin nahi zien: «...Nahiz sei urte besterik/ ez dudan beteko / badaukat nahiko garun/ eta intelekto/ ta eskubidea nahi dut/ ezetz esateko».



sailkapena

1. Txaber Altube

638,5 puntu

2. Jone Uria

630,6 puntu

3. Oihana Bartra

620 puntu

4. Gorka Pagonabarraga

614 puntu

5. Xabat Galletebeitia

614 puntu

6. Imanol Uria

594 puntu