SENDATZE PROZESUAREN IRAUPENA, GOI MAILAKO KIROLARIEN BURUHAUSTEA
Zerk baldintzatzen du sendatze prozesua? Zergatik irauten dute batzuek gehiago? Mikel Mendioroz fisioterapeutarekin hitz egin du GARAk, lesioen iraupenaz eta zergatik diren horren ezberdinak lotailu, tendoi eta giharretan. Bestalde, lesio ohikoenak, sendatze prozesuak eta kanpo faktoreak izan ditu hizpide.

Lesioak, kirolarien ibilbide profesionalean gurutzatzen direnean, buruhauste bilakatzen dira. «Zenbat iraungo du sendatze prozesuak?», «noiz itzuliko naiz nire taldekideekin?», «berriz ere lesionatzeko arriskua dago?»; horiek dira, besteak beste, kirolariei etortzen zaizkien zalantzetako batzuk. Mikel Mendioroz fisioterapeuta GARArekin elkartu da lesioen nondik norakoak hobeto ulertzeko asmoz. Giharrek, tendoiek eta lotailuek ez dute berdin erantzuten, eta horrek guztiak azaltzen du zergatik diren sendatze prozesuak hain ezberdinak.
Mendiorozen esanetan, lesio mota ohikoenak lotailuetan, tendoietan eta giharretan gertatzen dira. Alde batetik, giharrek gorputzari mugikortasuna ematen diote. Tendoiak dira giharrak hezurretara lotzeko beste ehun mota bat; giharrek indarra egiten dute eta tendoien bitartez indar hori hezurretaraino heldu eta artikulazioak mugitzen dira. Bestalde, lotailuak daude hezurrak elkartzeko.
Hori oinarritzat hartuta, Mendiorozek sendatze prozesu luzeen zergatia zehaztu du. Egituraren edota ehunaren odoljarioan jarri du arreta, baina pertsonaren genetika ere kontuan hartzeko faktoreetariko bat izan daitekeela azpimarratu du. Bestalde, sendatze prozesuan kudeatzen diren kargak eta errekuperazioak errespetatu behar dira, haren aburuz. Azaldu duenez, «tendoi batek behar duen errekuperazioa gihar batek behar duena baino luzeagoa da».
Ohikoa da, kirolari bat lesionatzen denean, klubaren adierazpen ofizialean «bilakaeraren arabera» mezua irakurtzea. Horren inguruan, Mendiorozek dio «zaila» dela zehaztea iraupena zenbat luza daitekeen, batez ere, gihar bat apurtzen denean: «Gihar bat hautsi eta hiru aste beranduago, giharrak indar egiteko gaitasuna dauka, ariketak egiteko prest dago, baina gihar horren egitura berreskuratzeko zortzi aste behar dira. Sendatze prozesu horren barnean probak egin behar dira, gihar hori nola erantzuten ari den ikusteko». Bihurrituei ere erreparatu die, oso ohikoak baitira orkatilan edo belaunean. Azaldu duenez, sarritan kirolariak guztiz osatu gabe itzultzen dira kirola egitera. Orduan, gerta daiteke artikulazioari ematen dioten lan kargarekin ez ongi sendatzea edo hortik aurrera ezegonkortasuna izatea artikulazioan, eta pixka bat gehiago exijitzean, mina nabaritzea. «Ezegonkortasun kroniko» deitu dio horri Mendiorozek.
momentu kritikoena
Lesioak noiz gertatzen diren aztertuta, lotailuaren lesio gehienak partida baten azken minutuetan edo ariketaren bukaeran jazo ohi dira. Horrek badauka arrazoi bat, Mendiorozen ustez: «Giharrek ezin dutenean jasan exijitzen diegun guztia, esaterako, abiadura handiko mugimendu batean, energia guztia lotailuetara iristen da, eta horiek ezin dutenean gehiago jasan etortzen da bihurritua edo haustura. Ohikoena da haustura belauneko aurreko lotailu gurutzatuan izatea».
berrerorTZEak
Kirolarientzat amesgaizto bilaka daiteke lesio baten berrerortzea. Mendiorozek azpimarratu du giharretan gertatu ohi direla gehienbat. Dena dela, funtsezkotzat hartu du giharren funtzioa errekuperazioaren prozesuan: «Gihar ongi landuak baditugu, zaila izango da horiek berriro lesionatzea. Azken finean, giharrak ongi landuta edukitzeak laguntzen du lesioak saihesten».
Era berean, kirolariari dagokio bere kirolean egiten diren mugimenduak eta ariketak lantzea. Mendiorozen esanetan, ez da gauza bera mendi lasterketak egitea edo txirrindularitza praktikatzea.
Nolanahi ere, aitortu duenez, adinak ere garrantzia du sendatze prozesuan: «Heltzen garen heinean, gure gorputzaren gaitasuna murrizten da, atrofia izatea errazagoa da, indarra galtzea ere bai. Adinak eragin zuzena dauka».
Horretaz gainera, sexuak ere eragina izan dezake, aldaketa hormonalak daudenean, adibidez.
kanpo faktoreak
Sendatze prozesuan faktore guztiak erabakigarriak izan daitezkeela sinesten du Mendiorozek, esaterako alor psikologikoa: «Bakoitzaren motibazioak garrantzi itzela dauka. Aurre egiteko modua ere erabakigarria izan daiteke errekuperazioan, minaren pertzepzioa nola garatu duzun, alegia».
Oro har, eguneroko bizitzako hamaika faktore hartu beharko lituzke kontuan kirolariak sendatze prozesuan murgilduta dagoenean. Baina atsedena gailentzen da ororen gainetik. Mendiorozek azaldu duenez, kirolaria lotan dagoenean sendatzen eta errekuperatzen da.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?
