Nerea LAUZIRIKA
BILBO

Kontseiluak «euskararen desofizializazioa» gertatzen ari dela salatu du

Elkarretaratze bikoitza egin zuen atzo Euskalgintzaren Kontseiluak, Donostian eta Bilbon, Foru Aldundiaren eta Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, hurrenez hurren. Euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatu zuen eta oldarraldi euskarafoboari aurka egiteko beharra berretsi. LAB eta ELA sindikatuekin batera egin zuen protesta.

Bizkaiko Foru Aldundiko enpresa komiteko Estibaliz Ealok hartu zuen hitza Bilboko agerraldian. Adierazi zuenez, «sententziaz sententzia euskararen ofizialtasuna bera deseraikitzen ari da botere judiziala». Izan ere, gogora ekarri zuen Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen aurkako sententziak onartzen duela herritarren herenei ukatzen dietela zerbitzuan euskaraz artatua izateko aukera eta beraz, hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen direla. «Hala ere, urraketa horri konponbidea jarri asmo zion lan deialdia bertan behera utzi du epaileak», deitoratu du.

Azaldu zuen une historikoak aukera ematen duela administrazioa euskalduntzeko, erretiroa hartzear daudenen ordezko izan daitekeena «inoizko belaunaldi euskaldunena» baita. Horregatik egin zuten Kontseiluak, LABek eta ELAk administrazioa hamabost urtean euskalduntzeko proposamena.

Hori dela eta, ordezkari politikoei eskatu zieten «dagokien arduraz» joka dezatela, «euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzeko». Izan ere, azpimarratu zuten «hizkuntza eskakizunen paradigma» gainditu beharra dagoela eta langile publiko guztiek euskararen ezagutza izan dezatela bermatu behar dela.