GARA
DONOSTIA

Bengoetxea errektorea harrituta agertu da Perezen adierazpenekin

Juan Ignacio Perez Iglesias Lakuako sailburuak herenegun Gasteizko Legebiltzarrean EHUko errektorearen aurka jo zuen berriz; esan zuen hark kritikak «gertaera alternatiboetan» oinarritzen dituela. Joxerramon Bengoetxea errektoreak hau erantzun du: «Gobernu baten eta unibertsitate publiko baten arteko harremanek izan behar duten begirunea gutxiesten dute».

Bengoetxeak funtsezkotzat jotzen du lankidetza-harremana berrartzea eta alde batera uztea deskalifikazio pertsonalak, baita erakunde akademikoa kudeatzeko errektoretza taldeak duen eskumenari buruzko balorazioak ere. EHUren estrategia «une oro» erakundearen premiak modu «egiaztatu eta gardenean» azaltzea izan da, bere esanetan. «Bereziki harrigarria da, elkarrizketa bidez harreman instituzionala bideratu ostean, errektorearen eta bere taldearen deslegitimazioa iradokitzea, datu okerrak, manipulazioak eta egia-ostekoak diren baliabide erretorikoak erabiltzea leporatuta», erantsi du. Beste behin esan du: «Legebiltzarrean aurkeztu genuena unibertsitate publikoaren egoeraren diagnostiko zehatz bat da, eztabaida parlamentarioa bideratzeko oinarri gisa pentsatuta».