Lehen Korrikatik 45 urtera, euskararen «pizkunde berri» batera deitu du AEK-k
Duela 45 urte, atzo bezalako egun batean, lehen Korrika atera zen Oñatitik, gaueko hamarretan. Bilbo zuen helmuga. 45 urteren buruan, AEK-k lehen Korrikako protagonistak omendu zituen atzo, eta ordutik gauzak ez direla behar beste aldatu ohartarazi zion gizarteari. «Ez gara folklore. AEK gara. Korrika gara. Euskara Gara», 2026ko Korrikarako mezua.

Eguerdiko hamabietan puntu-puntuan hasi zen atzo Oñatiko Unibertsitatean “Ez gero, orain baizik” ekitaldia, kanpai-hotsekin batera. Lelo esanguratsu hori ezarri baitzioten data historiko garrantzitsu bat gogora ekarri zuen ospakizunari, atzo 45 urte, 1980ko azaroaren 29ko gauean, abiatu baitzen lehenengo Korrika Oñatiko Unibertsitatetik. Efemerideaz baliatuta, AEK-k Korrikaren sortzaileak eta 1980ko lasterketaren hasieran protagonista izan zirenak omendu zituen euskararen aldeko ekimenaren aurreneko edizioa hasi zen lekuan bertan: Oñatiko Unibertsitatean, hain zuzen.
Ekitaldian, AEK-k gogorarazi zuen «Korrika antolatzeko arrazoiak» bere horretan mantenduko direla harik eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea lehen lerroan ipini arte. Are gehiago, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeko eskatu zuen AEK-k.
Izan ere, Korrika sortzeko arrazoiek hor segitzen dutela aipatu zuten, zoritxarrez, 45 urte geroago. Era berean, AEK-k helburu duen Euskal Herria lortzeko bidean ezin dela ezer geroko utzi nabarmendu zuten; «presa dugu», esan zuten, «euskararen etorkizuna jokoan baitago».
OSPATU, ALDARRIKATU, KEZKATU
Korrikaren arduradun Ane Elordik ekitaldiak helburu bikoitza zuela aipatu zuen; batetik, ospakizuna eta omenaldia. Duela 45 urte, mundu osoan hizkuntza baten alde egiten den ekitaldirik jendetsuena eta arrakastatsuena abiatu baitzen; «badugu, beraz, zer ospatu. Eta badugu nori eskertu», aipatu zuen. Korrikaren sortzaileak aipatu zituen orduan Elordik: Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo, Alvaro Gurrea... Orduko AEK-ko kide guztiei ere esker ona adierazi zien: Julen Kaltzada, Bittor Allende... Lehen Korrika hartan protagonista izan zirenak ere izan zituen gogoan: Xabier Amuriza, Korrikaren lehendabiziko kantaren sortzailea; Remigio Mendiburu, lekukoaren egilea; Eli Galdos eta Jose Maria Satrustegi, 0 kilometroa korritu zutenak...
Bigarren helburua aldarrikapena dela nabarmendu zuen. Horregatik, 24. Korrikaren atarian, ekitaldia AEKren mezua eta aldarrikapena publiko egiteko baliatu zuen. Elordik oso argi utzi zuen zer den AEK: «ez gara folklore. AEK gara. Korrika gara. Euskara gara».
AEKren Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek eta Xabi Gartzia Castellek aipatu zuten, bestalde, zenbait kontu ez direla horrenbeste aldatu 45 urtetik hona: «Berriki esan dugu 24. Korrikan aldarrikatu nahi dugula euskara guztiontzako aterpe irekia eta erosoa dela; eta, nola ez, presa dugula pizkunde berri bat abiatzeko, Euskal Herri euskalduna lortzeari begira». Horretarako, beste gauza batzuen artean, helduen euskalduntzea lehen lerroan ipini behar da. Otañok zehaztu zuenez, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko, «jada unea da» euskaltzaleok elkartzeko eta indarrak batzeko. Presa ere badagoela adierazi zuen: «Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea».
Otañok eta Gartziak proposamen zehatz batzuk ere egin zituzten, esaterako, «Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakarra» sortzea, helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko jarduna koordinatu eta osorik finantzatuko duen agentzia bat. Bestalde, doakotasuneranzko bidean urrats sendoagoak eskatu zituzten, «herritarrek dirurik aurreratu beharrik ez izateko euskara ikasteko, eta herritar bakoitzak 2.000 orduko poltsa bat izatea euskalduntze-prozesu osorako».

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV
