MacLuhan judiziala
Jakina denez, Marshall McLuhan soziologo kanadarrarentzat komunikazioa ezagutzeko gakoa ez dira edukiak, horiek zabaltzen dituzten bitartekoak baizik. Hortik dator bere esaera ospetsua: «mezua bitartekoan datza».
Izan ere, McLuhanentzat, bitartekoak (teknologia juridikoa barne) ez dira gizartea antolatzeko kanal soilak, baizik eta gure pertzepzioak moldatzen eta gizartea eraldatzen dituzten egiturak. Horrenbestez, teknologia edo jurisprudentzia berriren bat agertzen denean, pentsatzen eta sentitzen duguna edota erlazionatzen garen modua ere aldatu egiten da.
Duela 27 urte, 1998an, Baltasar Garzon epailearen aginduetara zeuden berrehun polizia “Egin” egunkariaren eta Egin Irratiaren egoitzetara sartu ziren. Horrela, prozesu judizial luze bat hasi zen, hamaika arduradun kartzelara eraman zituena eta bi hedabideen behin betiko itxiera ekarri zuena. Aznar presidenteak bere gain hartu zuen operazioaren zama.
Urteak pasa ondoren, ordea, 2009an Auzitegi Gorenak defentsaren errekurtsoak onartu zituen eta gauzatutako ondarearen itxiera eta likidazioa baliogabetu zituen. Hedabide horiek ixteko arrazoirik ez zegoela deliberatu zuen, baina prozedurak komunikazio-proiektu baten behin betiko heriotza ekarri zuen.
Ildo beretik, itxi eta zazpi urtera (2010ean), Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen “Egunkaria auziko” inputatuak. Itxiera zuzendu zuen Del Olmo epailearen aurkako epaiak, hedabidea ixteak «babes konstituzional zuzenik» ez zuela adieraztean, akusazioen tesiak «espekulazio hutsa» zirela zioen.
Arrazoi juridikoa eskuratu arren, baina, bi hedabideek ezin izan zuten iraun. Ebazpenek, bada, ezin izan zituzten egindako triskantzak zuzendu, eta, aldiz, prozedurak (bitartekoak) agindutako errealitatearen moldaketa gaiztoa gailendu zen.
Estatuko fiskal nagusiaren aurkako kondenaren kasuan, esaterako, Alvaro Garcia Ortiz jaunari arrazoi juridikoa emateko Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea jartzea aurreikusten bada ere, bere garaian aterako dena aterako dela, berdin dio, gaizkia egina baitago. Gainera, horri buruzko gehiegizko informazioak, MacLuhanen esanei jarraituz, eragin beharko lukeenaren kontrako efektua dauka, ulermena sortu beharrean, zarata, saturazioa eta noraeza eragin baititzake.
McLuhanek ohartarazi zuen, gaininformazioaren garaian, datuen ugaritasunak egiazkoa eta faltsua bereizteko gaitasuna higatu dezakeela. Albiste faltsuen fenomenoa edo manipulazio algoritmikoa, beraz, gure ulermen-gaitasunetik haratago informazioa ugaldu den gizarte baten sintoma dira, eta, esparru juridikoan, zalantzarik gabe, ondorio atzeraezinak ditu.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV
